Hondatutako merkantziak
Hondatutako merkantziak –
Argazkian Maria Txibite eta Miquel Iceta, espetxe osasunaren eskumena Nafarroari eskualdatzea sinatu ondoren. Hogei urte omen dira azken eskumena iritsi zenetik eta laster (beste hogei urte barru?) etorriko omen dira eskumen gehiago.
Antzeko ekitaldi bat izan berri da EAEn, kasu honetan espetxeen kudeaketa eskumena transferitzeko. Nonbait egungo estatutu eta foru hobekuntzan jasota zeuden transferentzia hauek duela 40 urte; oraindik ez dut oso ondo ulertzen zergatik den zilegi batzuetan legea ez betetzea.
Dena den, niretzat arazoa beste bat da. Espetxeen eskumena hartzea, EAEk egin duen bezala, espetxe politika erabakitzeko ahalmenik gabe oso negozio eskasa iruditzen zait. Kasurik onenean, saiatuko dira gauza batzuk aldatzen; baina haiei komeni ez zaiena epaitegira joango da, eta bertan estatistikak argitzen du zer espero daitekeen. Beste batzuk erabakimen osoa aldarrikatzen ari diren bitartean, hemen duela 40 urteko zorrak kobratu nahian gabiltza; eta iruditzen zait joko horretan gu engainatzen ari direla hondatutako merkantziekin. Adina izango da, seguruenik, baina gero eta gutxiago sinisten ditut lorpen ofizialak, batez ere ez dudalako ikusten gure agintariengan irmotasunik, ezta estrategia propiorik ere.
Eta nik erabakitzeko eskubidea nuen maite.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko ekainaren 3koa]