Hondarribiko Alardea: Zure askatasuna, nire aberastasuna
- 2018-09-08 07:48
- Salabardoa
Hondarribiko Alardea: Zure askatasuna, nire aberastasuna –
Arantxa Urretabizkaia idazle eta Jaizkibel konpainiako kideak Hondarribiako alardeaz idatzi du Pikara aldizkari feministan, euskaraz. Gaur irailak 8, salabardoak jaso du:
Jaizkibel Konpainiaren borroka Euskal Herriko berdintasunaren aldeko borrokarik luzeena da, eta geure gurea, gainera. Sinesten dugu emakumeok tradizioa aberastu egiten dugula, ez ahuldu. Emakume batek han edo hemen, honetan edo hartan, eskubide apur baten aitorpena lortzen duen bakoitzean, emakume guztiak ez ezik, gizarte osoa aberasten baita.
Oraindik entzun eta irakurri behar izaten dugu “ni ez naiz matxista ez feminista”. Baina ezjakintasuna alde batera utzita, gaur, hainbat emakumeren lan eskergari esker, gizartearen zati esanguratsu batek jakin badaki feminismoaren muina gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasuna dela.
Berdintasun horren bila egin zuten lan gure aurreko feministek eta hori da gaurko feminismoen zerumuga. Eskubide berdintasuna, gero lortutako askatasun horrekin bakoitzak egin nahi duena edo ahal duena egin dezan. Sufragisten garaian ere bazeuden botoa emateko eskubidea ezertarako nahi ez zuten feministak. Ezkertiarrak, gainera.
Feminismoa, zerbait bada, anitza baita, hori da feministon aberastasuna. Eta era berean, aniztasun horrek tirabirak sortzen ditu. Adibide bat interesatzen zait orain, beste askoren gainetik. Zer egin emakume batek edo emakume talde batek guk egin nahi ez genukeena egiteko duen eskubidea aldarrikatzen duenean?
Emakume batzuk ejertzitoan sartu nahi dute, eliza katolikoan apaiz izan nahi dute, ikatz meatze baten barruan lan egin edo beste emakume batekin ezkondu nahi dute. Eta agian zu, lerrook irakurtzeko eskuzabaltasuna duzun feminista hori, ejertzito guztien kontra zaude, erlijioak kaltegarriak direla uste duzu, iruditzen zaizu ikatza hondatzailea dela ingurugiroarentzat eta kolore guztien ezkontzen kontra zaude.
Aukera horien aurrean zer egin pentsatzen ari zaren bitartean, kontatu nahi dizut ni antzeko ataka batean nagoela, azken hogeita bost urtetan. Orduan, gazte askorentzat Paleolito urruna den data horretan, gure herriko festetan gizonen pare parte hartu nahi zuten emakume batzuekin bat egin nuen eta oraindik horretan ari gara.
Honaino ez dirudi festa batean, herriko festetako unerik nagusienean parte hartzeko eskubideak feminista bati zalantza sortuko dionik. Azken batean, aspaldikoa dugu emakumeok aldarri hori: kaleak ere gureak dira, gau eta egun, are festetan eta ordu txikietan. Mendetan, gizonek antolatu dituzte festak eta gizonen beharretara edo nahikerietara egokitu dituzte. Baina orain beste aro batean gaude eta emakume festazale asko dago bazterretan.
Hondarribiko festetako gailurrak duela hirurehun eta laurogei urte gertatutako borroka batean du jatorria. Hori da Hondarribiko Alardea, duela ia lau mende herriko jende armatuak egiten zuen desfilearen errepikapena, denborak eta gizarteak gaurkotua, itxuraldatua, folklore bihurtua. Beti ere patriarkatuaren arabera: gizonak protagonista eta emakumeak apaingarri, gizonezkoek uzten dieten tartetxoan. Kantinerak.
Zentzu horretan jardun folkloriko hau Euskal Herriko folklorearen hamaika adierazpen bezalakoa da, adibidez, ezpata dantza bezalakoa. Gure folkloreak berezitasun hori dauka: gauzak taldeka, batera, modu antolatuan egitea gustatu izan zaigu eta zaigu, folklore hori bizirik dagoen heinean. Hori da gure folklorearen mamia, talde lan antolatua, bat-bateko saioei apenas tarterik uzten diena. Taldea norbanakoaren gainetik, ordena, beste edozeren gainetik.
Eta hori egiten dugu Hondarribiko Alardean parte hartu nahi dugunok. Hori da funtsa. Kutsu militarra azaleko kontua da, izenondoa, ez izena. Eta eginkizun horretan hartu nahi du parte Jaizkibel Konpainiak. Hogeita sei lagun izan ginen 1996an, bostehunetik gora 2017an, auskalo zenbat 2018.eko irailaren zortzian. Baina oraindik ez dugu Alardearen barruan desfilatzen, bakarka baizik. Oraindik ere, Hondarribiko emakumeok ez dugu, gure festetako egunik seinalatuenean, parte hartzeko eskubiderik. Edo bai, eskubidea berezkoa dugu herritar oso garen aldetik, ez, ordea, baimena.
Bidean, eta zuzenean emakumeon parte hartzea debekatzeko asmoz, ordura arte publikoa zen Alardea pribatizatu egin zuen Hondarribiko udalak eta elkarte pribatu zehatz baten eskutan utzi. Alardea pribatizatu zutelako debekatzen zaigu gaur emakumeoi desfilean parte hartzea. Gizonak izan daitezke bertakoak, udatiarrak, etorkinak edo auskalo noren lagunaren lagunak. Hondarribiko emakumeontzat, berriz, debekatua dago desfilea.
Noski, guk ez dugu inor desfilatzera behartu nahi. Gizonen artean ere nahi duenak hartzen du parte. Gure aldarria hauxe da: Alarde parekidea eta publikoa nahi dugu, gizon eta emakume batuko dituen Alarde parekidea. Sinesten dugu emakumeok ere eskubide guztien jabe garen herritarrak garela, berdintasunean, bazterkeriarik gabe.
Agian zuri, honaino heldu zaren irakurle zintzo horri, aldarrikapen txikia iruditzen zaizu, txikikeria galanta. Antzeko zerbait pentsatzen genuen hasieratik Alarde parekidearen alde egin genuen emakumeok. Kontrakoen jarrerak egin du handi gure borroka, kontrakoen erasoak, irainak, kolpeak izan dira borrokaren tamaina marraztu dutenak. Mende laurdenez jasotako erasoak handitu du gure aldarria.
Gure txikitasunean, Euskal Herriko berdintasunaren aldeko borrokarik luzeena gara. Are gehiago, berdintasunaren alde inoiz izan dugun borrokarik luzeena eta geure gurea, gainera. Beste batzuetan, kanpotik etorritako olatu baten gainean surf eginez lortu ditugu aldarrikatutako eskubideak, adibidez abortua edo dibortzioa. Kasu honetan, aldiz, arazoa bertan sortua da eta bertan garatua eta kudeatua. Baita bertan ukatua ere. Eusko labela du Bidasoaldeko borroka honek.
Euskal Herriko hiri eta herri askotan lortu dena lortu nahi dugu guk ere, sinesten baitugu emakumeon parte hartzea ez doala tradizioaren kontra, emakumeok tradizioa aberastu egiten dugula, ez ahuldu. Desfilean danborra edo txirula jo edo bizkarrean gezurrezko eskopeta bat eraman, horrek ez du axola. Axola duena berdintasuna da, desfilatzeko askatasuna.
Zeren emakume batek han edo hemen, honetan edo hartan, eskubide apur baten aitorpena lortzen duen bakoitzean, emakume guztiak ez ezik, gizarte osoa aberasten baita. Are lortutako eskubide berri hori erabiltzeko asmorik ez duten pertsonak. Hori gutxienez ikasi dugu: zure askatasuna, nire aberastasuna; nire askatasuna, zure aberastasuna.
Sufragistek botoa emateko eskubidea eskatzen zuten, guraso agintearen jabe izateko eskubidea eta irakaskuntzan sarrera izatekoa. Gero etorri ziren beste eskubide batzuk, oraindik ere herrialde askotan lortu ez direnak. Enborrak adar asko ditu, adarrek adaska ugari eta hauek hamaika hosto.
Orain arte marraztutako irudiari txikia ez den xehetasuna falta zaio. 1996an Alardean sartu nahi izan genuen emakume haien kontrako erantzuna gizonen esku egon zen. Hurrengo urtean, berriz, Jaizkibel Konpainiaren ibilbidea oztopatu dutenak emakumeak izan dira, adin guztietako emakumeak.
Hurrengo urtetan ere emakumeak izan dira gure kontrako indarren abangoardia eta hori izan da berdintasunaren alde gaudenoi buruhauste gehien eman diguna. Nola ulertu urtero, Hondarribiko kale Nagusian plastiko beltzak altxatzen dituztenak emakume gazteak izatea?
Bai, gizonak desfilatzen ari dira eta ezin dute batera bi lekutan egon eta etorkizunean kantinera aukeratua izan nahi duenak merituak egin behar ditu Alardea gobernatzen dutenen aurrean. Baina oraindik ere norbaitek esaten digunean kanpotik ez dela gure gatazka ulertzen, esan behar izaten dugu barrutik ere ulermena ez dela erraza.
Zerk bultzatzen ditu, ordea, neska gazte horiek berdintasunari kontra egitera? Nola adierazi emakume gazte horiei gure askatasuna ez doala beraienaren kontra? Hondarribian ez gara, oraindik, galdera horiei modu emankorrean erantzuteko gauza izan, ulermen arrastoak lortu ditugu, ez osotasuna. Horretarako ere behar dugu inguruko feministen laguntza, gertatzen dena hobeto ulertzeko eta, ondoren, gertatzen denari erantzun askatzailea eman ahal izateko.
Hori guztia kontutan hartuta ausartzen gara honako laguntza bikoitza eskatzera: behar zaituztegu gure borroka hobeto ulertzeko eta, era berean, behar zaituztegu espaloietan Alardearen egunean, gure jarduna babesten, ahal dela, Jaizkibelen ikur den zapi koloretsua bizkarrean. Zuen txaloak izango direlako gure indarren hauspoa.
Egia izan dadin joan den urtean Hondarribian Jaizkibel Konpainiaren aldeko pankartak zioena: “Inoiz ez zara borroka honetan bakarrik egongo”.
Gaizki hasi eta gaizki bukatu, horixe da istorio hau laburtzen duena. Oso ohikoa den “hau horrela egin behar da eta aldatu behar da por mis cojones” jarrerarekin hasi eta besteak “ah, bai! ba, aurka egiteagatik soilik aurka egingo dizuet”. Burugogorkeria hutsa izan da guztia eta alferrik da eskubideak, feminismoa eta nahi den guztia aldarrikatzea, honen atzean ez dago eta arrazonamendurik. Bi talde, kontra egite hutsa beste arrazoirik ez. Eta asko ezagutzen ez dudan arren, iruditzen zait erru handia ezker abertzaleak izan dezakeela: jokatuko nuke “hau aldatu egin behar da por mis cojones”-ka hasi zirenak ezker abertzalekoen orbitako taldeak zirela. Eta gero normala iruditzen zait besteek emandako erantzuna. Eta orain Denis Itxaso eta antzeko personaje guztiak modan dagoen feminismo korrontea baliatu nahirik puntito batzuk irabazi nahirik politikan gorago igotzeko asmoz. Zelako fauna dagoen politikan! Eta aurten zer gertatu den: ba txistu gehiago eta plastiko gehiago, normala, nik ere horixe bera egingo nuke Denis Itxaso bezalako pertsonajillo bati aurka egite hutsagatik. Hondarribikoak ez direnak muturra hor sartu beharrik ez dutelako eta kito! Eta ez dago besterik! Eta zezenekin gauza bera gertatuko ote den nago: animaliak babesteko korronte berria bere egin du ezker abertzaleak eta aurki hasiko da hor ere kaka guztia betiko estiloan antolatzen eta orduan Nafarroa osoa aurka eta orduantxe bai zezenketak ez direla desagertuko eta zezenketak eta euskara kaka berean nahastuta beti bezala. Justu beti kontrakoa lortzen dute eta hala ere errore berdina behin eta berriz errepikatu behar!
Hau da fijazioa, hau! Martxa honetan klima aldaketaren errua ere ezker abertzalearena izango da! Donostian emakumeen parte hartzea onartu zen bere garaian, liskar eta guzti, gaur egun gainditua dagoena erabat (onartu behar Odonek hori ondo egin zuela, baztertzaileei diru laguntzak kenduz). Hori ere ezker abertzalearen kontua izango zen, noski! Zenbat herritan aldatu dira tradizioak emakumeari parte hartzen uzteko azken urteetan? zenbatetan sortu dira horren arazo larriak? Hondarribiako udalaren jarrera izan da giroa pozoindu duena, boto batzuk mantentzearren, “ekidistantzia” faltsu batean. Baina ados, errua HBrena, eta aurrera.
Niri benetan goragalea ematen didana zera da: iraultzaile hauek Ertzantzaren babesa behar izatea beren festatxo feminista-iraultzailea aurrera eraman ahal izateko… Zuek zineten ertzainak iraintzen zenituztenak, eta orain berriz haien “eskoltarekin” desfilatu behar, jendeak txikituko ez bazaituzte.
Txotxongilo batzuk zarete
Pena ematen dit esatea baina horrelaxe ikusten dut: ezkez abertzalea oraintxe bertan lakra bat da herri honentzat, euskararentzat. Egiten duen ia guztian hanka barruraino sartzen du. Ez dagozkigun gerra eta liskar guztietan sartzen da sutsuki eta afera guztietan erreta amaitzen du. Baina erreflexio apur bat eta lasaitasuna bere egin beharrean, berriro ere beste marroi batean sartzen da eta gero berriro traskilatuta ateratzen da. Zertan dabil zoko guztietan feminismoaren kontuarekin liskarretan sartzen? Nahikoa da, ez? Orain dela urte batzuk gai hori aipatu ere ez zen egiten, gero mundu mailako korronte bat sortu denetik, sutsuki heltzen dio gai horri. Lehen sozialismoa, orain feminismoa. Zergatik mundu mailan sortzen diren korronte guztietan apuntatzen zarete hain sutsuki? “Euskal Herria sozialista izango da edo ez da izango”, “Alardea feminista izango da edo ez da izango”… zer esaldi dira horiek? “…Edo ez da izango”, zer da hori? Moderazio apur bat, ez? Jende guztia nazka-nazka egiten ari zarete oraintxe! Eta horrela ibiltzekotan alde hemendik beste herri batera edo edonora!