Hodeiak eta ideiak

Hodeiak eta ideiak –

Hodeiak eta ideiak elkarren antza dute. Batzuk, potoloak eta trinkoak; beste batzuk, aldiz, arinak eta lausoak. Badira hodeia eta ideia polit-politak, eguna edertzen dutenak, eta bestetzuk, berriz, beltz-beltzak eta ikaragarriak, errealitatea eta gogoa iluntzen digutenak.

Hodeiak eta ideiak hortxe daude, gain-gainean ditugu; pausatu eta begiratzeko tenorea behar da hartu, hori baino ez. Hodeiak eta ideiak, itxuraz geldirik egon arren, beti ari dira mugitzen, haizeak nondik jotzen duen. Munduaren haize boladek nora, hodeiak eta ideiak, hara, egokitzen, beste itxura bat hartzen, beste norabide bat, ez beti zuzena, bihurria baizik. Batzuetan, haizetearen indarra hain da handia ezen hodeiak eta ideiak eramaten dituen, gure errealitatetik guztiz desagerrarazi arte.

Badira hodei eta ideia emankorrak, euria gozo-gozo uzten dutenak lurra eta jendartea poliki-poliki blaitzen; hodei eta ideia burrunbatsuek, berriz, supituki botatzen dute edukia, braust, eta –ez lurrean, ez pertsonengan– probetxuzko ezer gutxi uzten dute; burrunba handia bai, tximistak ere bai, baina gero, deus onik uzten ez dutenak, zarata eta itxura baino.

Datorren igandean, Hegoaldean udal eta foru hauteskundeak ditugularik, gogoratu eskuindarrak ez direla sekula etxean gelditzen eta beti bustitzen direla botoa emanda, zalantzak gorabehera. Zalantzatan dabilen ezkertiarrari ari natzaio: igandean, eman bozka, zalantzak gorabehera, haizea alde dugu eta.

Hodeiak eta ideiak
pixabay

Hodeiak eta ideiak

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Zer duzu buruan “Hodeiak eta ideiak”-ri buruz

  • Gure gizartea eskuma/ ezkerra dikotomian bereiztea, lar sinplifikatzea deritzot. Batzuk zein besteek aldez aurretik idatzitako dogmen jarraitzaile itsuak dira. Zalantzan gauden asko, zerbait beriaren zain gaude, zeozer iraultzailea, lubaki zaharretatik urrun. Eta horretan, haizerik ez da igertzen, politikari zaharkituaren ustel kiratsa dario.