Hitzak, hitzak…
Mundua explikatzeko balio du hitzak. Sentimenduak adierazteko ere, baina askotan zail egiten zaigu hitz egokia aukeratzea. Horrexegatik idazleak eta poetak miresten ditugu; haiek baitakite asmatzen. Igoal artistak baino, “asmatzaileak” deituko nituzke. Ez dakit hitz hau ere egokia den. Hau zuen kontura lagako dut; zuek epaituko dituzue nire hitzak.
Esaten ari nintzenez, hitzek mundua explikatzeko balio dute. Horretarako erabiltzen ditugu, gainera. Hala eta guzti, hitzek ez dute buruan dugun guztia explikatzeko balio. Askotan ñabardura batzuk eskapatzen zaizkigu;begirada batek azaleratzen dituenak, esaterako. Poetikoago agertu naiz, baina ez gara konturatzen keinuek daukaten garrantziaz; eskuen mugimenduak geure hitzei ematen dien indarraz. Facebooken eraginez izango da, seguru aski.
Hau guztia dela-eta; bizitzaren esanahiaz mintzatzeko elementu guzti hauek uztartu behar ditugu. Hitzak bakarrik ez du balio. Eskuak, begiak, ezpainak ere behar ditugu barruan daramagun zera hori kanporatzeko; batak besteari aditzera emateko. Ez da berdina “maite zaitut” algaraka edo negarrez esatea. Horrexegatik nire hitzak lagako dizkizuet. Nahi duzuen bezala antzez eta imajina itzazue. Nor berak bere esanahi pertsonala atxiki dezala. Azken finean, hizkuntzak sozialak dira; bestela ez lukete zentzu handirik izango.
Apal-apalik diot: “nik baino askoz hobeto asmatzen dakitenak daude mundu hontan”. Halere, irakurle bakar batekin nahikoa dut idazten jarraitzeko. Sarritan ez dakigu geure buruari edo beste bati idazten diogun; baina argi dugu kaos honi forma ematera laguntzen digula hitzak. Ez dezagun pentsa erantzun guztiak hitzeetan dabiltzatenik, izan ere, hitzak gure baitan bertatik-bertara mugiarazten gaituena explikatzeko tresnak dira. Bakarra ez, arruntena bai, ordea. Beraz, bizitzaren gorabeheretaz mintzatzeko ezpainak, begiradak eta eskuak ere beharrezkoak zaizkigu; baina funtsean: hitzak, hitzak, hitzak…