Euskaltasunik bai ote?

Erotu eta gogaitzeko modukoa da Iruña-Veleiaren sarrerarekin gertatzen ari dena. Ez dago horko iruzkin guztiak irentsiko dituen amaren semerik edo alabarik. Logikoa da: urrea eta gorotza elkarren ondoan doaz, hainbeste denboran eta hainbeste lerrotan…

Gauza penagarririk ere sortzen du horrek, ordea. Esaterako, iruzkin guztiz aipagarria argitaratu du Menditarra izeneko erabiltzaile batek. Pena litzateke zurrunbiloaren eraginez, harraskan behera joatea inor ohartu gabetan. Horregatik erabaki dugu, iruzkinen artetik erauzi eta honaxe ekartzea. Baten bati interesko eginen zaiolakoan.

stone-52540_640

Lehengo batean, Saizarbitoriaren “Martutene” amaigabearekin niharduela, Veleiako afera hau gogora ekarri zidan pasarte bat topatu nuen (tesi bat idatz ahal liteke Saizarbitoriak ematen dituen euskaltasunari buruzko iritziak, kezkak eta abarrak, eskuarki bere personaien ahoan ipinita dauden horiek).

Julia itzultzailea, protagonistetako bat, amarekin eztabaidan aritzen da:

“…Errezil sagarrak zuritzen ari dela, hirurak mahai inguruan, amak dio Errezil “errez hil”etik datorrela. Ez da entzuten dion lehen aldia noski. Euskaldunei erraza gertatzen zitzaien Azpeitira joan nahi zuten erromatarrak Erniotik harrika hiltzea, eta hortik omen dator Errezil erreka (…)” (293 or.).

Julia kezkatuta dago, Zigor semeak aita etakidearen pausoei segika ibilbide bera hartuko ez ote duen, eta “mitoak eraisteari” ekiten dio etxeko sukaldean. Eta ama minduta, noski:

“Nire aita zenak hori esaten zinan” erantzun dio ahapeka. Batzuetan “Ni naun ezjakina eta hi eskolatua” esan ohi ahots du dolutuan. Ondoren, bere desesperaziorako, fede aitorpena egin ondoren -”Hala esaten zinan nire aita zenak”- mututasun etsi batean ezkutatzen da lehoietara entregatzen duten kristaua bezala, oso jakitekoak beharbada, baina berak etxean jasotakoak ez diren argudioei entzungor” (293-94 or.).

Kontu hori -euskal mito guztiak nola joan zitzaizkigun pikutara- maiz azaltzen da liburuan (edo irakurria daukadan zatian, behintzat). Mitoak eraisten urrunegi joan ez ote garen, alegia.

Txirrita zaharrak ere Errezil eta kontu horietan sinesten zuen, hau da, ze jipoi ederrak eman zizkieten aspaldiko euskaldunek Erromako legioei, eta gainera kontsolamendutzat zeuzkan foruak deseuztatu ondorengo garai latzetan (“Gure aurreko guraso zaharrak” bertso hunkigarrian, esaterako). Garai berean Arrese Beitia otxandiarrak ere “mito zaharretan” kontsolamendua aurkitu zuen: “Arbola bat zan paradisuan / Jaunak apropos jarria. / (…) Bere azpian bizitzea zan / Aita Adanen gloria. / Andik kanpora zer topau eban / ezpada negargarria? / Arbola bat zan Bizkaian bere, / neure anaia laztanak, / zeiñen azpian, pozez beterik, / egoten ziran asabak. / Kerizpe zabal hartan jarririk / eginda euren batzarrak / buztarri baga, nasai ta libre / bizi ziran bizkaitarrak”.

Mitook pikutara joan zaizkigu. Harako hark erakutsi digu “euskal demokrazia zaharra” mito hutsa baino ez zela, hori jauntxo batzuen oligarkia estua zela (eta, gutxi balitz, orain modako mitoa Nabarrako Erresuma da, antzinako foruzaletasunari gerra deklaratu diona). Horko historialari horrek, aldiz, “gure aurreko guraso zahar” horiek Erromari aurka egin ez, borrokatzekotan Erromaren alde borrokatu zirela, Germanian edo Adrianoren Harresian, euskara bera ere latinetiko maileguz josita daukagula. Eta espainiarrek edo frantziarrek euren mitoetan sinesten jarritzen dutelarik, lasai asko, gainera (“Historia de España. De Atapuerca al euro” dauka izenburu euskaldun abertzaleen flageloa den F. Garcia de Cortazarren liburu barregarriak), euskaldun zintzoak dena irentsi behar izan du. Hona hemen Zigor koitaduak Juliari diotsoena Errezilen gaineko egia berdaderoak entzun ondoren:

“Arretaz entzun dio mutikoak, kontent, euskalduna boteretsuaren aurka harrika alferrik jardun ordez lagun egiten den pragmatikoa bezala ikusteko modu berriarekin. Oso serio esan du: “Badakizu? Ongi egin genuen. Askoz zuhurrago izan zen erromatarrekin elkartzea aurre egitea baino …” (294 or.).

Bada, gure arbasoek Erromari aurka egin ez ziotelakoa barneratura geneukanean, horra Veleiako idazkunak: euskara landu eta guzti egin zuten gure aurreko guraso zaharrek. Euskara beti mespretxatu eta hankapetuak bere txokoa izan zuen Antzinako Eskoletan, hara! Baina gero filologo, hizkuntzalari, historialari eta arkeologo andana erretxin bat etorri da esanez idazkunok faltsuak direla, politikarien gezurrak bainoago. Zapuzte ikaragarria. Horregatik, ez da falta idazkunon benekotasuna zalantzan jartzea euskararen eta oro har Euskal Herriaren kontrako erasotzat hartzen duenik. Juliaren amaren erreakzioa: “oso jakitekoak beharbada, baina berak etxean jasotakoak ez diren argudioei entzungor”.

Egia da mitorik gabe ezin dela bizi, eta ezinbestekoak direla giza-talde batek gutxieneko autoestimua gal ez dezan. Txirrita eta enparauei Erromako erresistenziaren mitoak balio izan zien foruak lurperatu ondorengo etsiari aurre egiteko. Euskal demokrazia zaharraren mitoak ere ederki funtzionatu zuen 1936an: “… planteada la lucha entre la ciudanía y el fascismo, entre la República y la Monarquía, sus principios le llevan a caer al lado de la Ciudadanía y de la República, en consonancia con el régimen democrático y republicano que fue privativo de nuestro pueblo en sus siglos de libertad” zioen EAJren adierazpen sonatuak. Gogoz kontra bada ere, Juaristi jaunak aitortu behar izan zuen Faxismoaren eta Demokraziaren arteko borrokaren orduan, euskal abertzaletasuna bigarrenaren alde lerratu zela argi eta garbi.

Barkatu txapa, eta afera honetan gero eta sinetsiago nago gutxieneko direla argudio filologikoak, arkelologikoak eta enparauak. Fede kontua bihurtu da. Neu ere uste dut euskal mitoak eraisten urrunegi joan dela, eta gaurko euskaldunak ere mitoak behar dituela. Ez dut sinesten Erromaren aurkako bataila horietan, eta badakit “euskal demokrazia zaharra” gaur inork ez lukeela demokraziatzat joko, baina Txirrita edo Arrese Beitiaren bertso zahar horiek berdin hunkitzen naute (Letek eta De Felipek abestuak, hurrenez hurren), batean herri baten iraun nahia islatuta dagoelako, eta esanak esan mito inperialista ez delako, David txikia Goliath erraldoi harroputzaren aurka irudikatzen duelako -arrazoi beragatik atsegina egiten zait “Orreagaren mitoa”, Nabarraldekoen ameskeria guztiak gorabehera-, eta euskal demokrazia zaharraren mitoa mila aldiz sinpatikoagoa gertatzen zait Espainiaren mito inperialista handinahi guztiak baino. Baina Veleiakoa mito kaxkarra iruditzen zait haren gainean ezer eraiki ahal izateko.

 

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

9 pentsamendu “Euskaltasunik bai ote?”-ri buruz

  • Gogoeta sakona Menditarrarena, guztiz bat nator berarekin. Eta oso argi ibili da Zuzeu sarrera hori hona ekartzean; jendea guztiz nazkatuta dago gaiarekin baina, aizu, ezin dira alferrik galdu horrelako maisulanak. Gainera, saldu egiten du Veleiak, bistan da, eta dagoen krisiarekin ezin da ezer bota komuneko zulotik.
    Ederki azaldu du Menditarrak. Urrunegi joan gara gure mitoak deusezteko orduan. Herri guztiek behar dituzte bere mitoak, eta euskaldunok ere bai. “Gure arbasoek Erromari aurka egin ez ziotelakoa barneratura geneukanean, horra Veleiako idazkunak: euskara landu eta guzti egin zuten gure aurreko guraso zaharrek”. Norbaitek ideia bikaina izan zuen, ostraka ditxosozkoak fabrikatu, jakinik gero gure mitomanoek asmakizuna su eta gar defendatuko zutela. “Fede kontua bihurtu da.” diosku bere sarrera aipuz ederki ilustratuan non Nabarralde astintzeaz aparte historiaren interpretazio zuzena egiten duen. Mitoak behar ditugu euskaldunok, fede kontua da.
    Gauza jakina da Eliseo Gil eta Idoia Filloy euskaltzale sutsu eta mistikoak direla, aski da beren kurrikuluma eta obrak irakurtzea. Eta zer esanik ez haren defentsan destakatu diren Elexpuru, Iglesias, Orpustan edo Txillardegi. Ondo ezagutzen ditugu. Fede horrek bultzatuta etorri zen Rodriguez Colmenero katedratiko galiziar ospetsua benetakotasuna sutsu defendatzera, eta idatzi ditu bi txosten orritsu, ezer kobratu gabe eta “komunitate zientifikoaren” zigorra arriskatuz. Fede horrek bultzatuta etorri da E. Harris, ‘Harris Matrix’ metodoaren asmatzaile famatua Lurmen-ek lanak ondo egin zituela mundu guztiari esatera, euro bat kobratu gabe hau ere. Eta Joaquim Baxarias katalana, eta beste hainbat. Eta Roslyn M. Frank hizkuntzalari estatubatuarra, Koenraad van den Driessche geokimikari beljikarra eta Ulrike Fritz egiptologo alemaniarra ere euskal mitomania horren menpe dabiltza. Horregatik dira LURMENen aldeko 17 txostenetatik 9 erbesteko zientzilarienak. Bai jauna, denak koadratzen du, Menditarrak ederki adierazi duen bezala.
    A. Rodriguez Colmenero: http://www.youtube.com/watch?v=s47Qq6Y0Q8c
    Eliseo Gil: http://www.youtube.com/watch?v=6mJhCkX0Xkk&feature=youtu.be
    Idoia Filloy: http://www.youtube.com/watch?v=Bh8Gu80Wq_Y&feature=youtu.be
    Joaquim Baxarias: http://www.youtube.com/watch?v=e19MT0wbKTQ&feature=youtu.be
    Edward Harris: http://www.youtube.com/watch?v=P6ES91gJU2I&feature=youtu.be

  • Iruña-Veleiako gaia alde batera utzirik, zera, niri ere arreta deitu zidan Saizarbitoriaren nobelako pasarte horrek. Errezilen etimologiaren kontra -eta ETAren kontra, noski- , auskalo zein datu sorta bere gogora ulertu eta interpretatuta Juliak euskaldunak erromatarren alde borrokatu zutela argudiatuko dizu. Kontua da hain direla aspaldikoak garaiok, hain direla ttipiak geratu zaizkigun aztarnak eta hain direla handiak zabaltzen diren hutsarteak ezen posibilitate guztiak kabitzen baitira.
    Antza, bada bertsio bat egungo Nafarroan bizi ziren baskoi euskaldunek egungo EAEn bizi ziren Barduliar, Karistio eta Autrigoi zelten lurraldeak inbaditu zituztela. Inor harritzen du espainiar historialaritzan indarrik handiena duen bertsioa eta gehien promozionatzen dena hau izatea? Kontxo, lanerako hipotesi gisa balio lezake, printzipioz, ia beste edozeinek bezala: baina gaia apurtxo bat ezagutzen duenak badaki hipotesi hori frogatutzat emateko erabil litezkeen datutxoen nolabaiteko interpretazioa eta irudimen ikaragarria baino zerbait gehiago behar dela: hori horrela izan zela sinesteko gogo sendoa eta borondatea.
    Errezilena disparatea bada, amak semeari kontatzen dion kontua are handiagoa da, seriotasun itxura gorde nahi duen heinean. Alde horretatik, XIX. edo batek daki noizko mitoen eraisketa bezain interesgarria edo gehiago da XX. mendeko mitologia antiabertzale berriaren agerpena eta abertzale ugarik egindako haren asuntzioa.
    Beti esan ohi dena: konplikatuagoak dira gauzak – edo, nondik begiratzen den, sinpleagoak- Lehenago Kugemak LazCanoren nobela, orain Martutene. Literaturaz ari garenez gero, Julia gajoari ez ziokeen kalte handirik egingo Joseba Sarrionandiaren Moroen lanari irakurraldi bat emango balio, liburu hau da-ta ziur asko erromatar garaiaz geroztik erdi arora bitarteko Euskal Herria zer izan ote zitekeen ongien deskribatzen duen lana.

  • Orreaga eta Nafarroako Estatua “ameskeria” dion zati horrek, lekuz kanpoko gogoeta, beste baten gogoeta hau ekarri dit gogora:

    “Orduan ez nekien zenbat galdu genuen
    ene zahartzaro honetatik atzera begiratzean
    andere eta ume hilen imajinak datorkit gogora,
    pilatu eta barreiaturik troketan.
    Oraindik ere izugarria da enetzat.
    eta ohartzen naiz, lokatz odoleztatu haretan
    Beste zerbait ere hil zela, gero
    Ekaitzek estali zuten gauza bat:
    Herri baten ametsa amaitu zen han
    Nazioen zirkulua hautsi da,
    eta lurrean galdu dira zatiak.
    Iadanik ez dago hazirik batere
    eta hil eginen da gure arbola sakratua”
    “Orduan ez nekien zenbat” Black Elk, azken indio librea.
    Azken euskaldun librea hil zaneko 408 urte pasa dira (1620), barkatu ASKE ginen egunez ari nahi izateagatik!

    • Oso aproposa Ameskeria zure erreflexioa, dena saku berean sartzea “bada ezpada ere”. Esan ba Menditarra, zer duzu askatasun ametsen aurka?
      “Batzuek lepora diezadakete independentzia ere ameskeria dela; ados. Horregatik da hain garrantzitsua estratagia nazional global bat, errealitate gure ametsen neurrira zabaltzeko”. Pako Aristi “Independentziaren paperak” (2012)

  • euskara: lexikoaren 60% latinetik dator.
    Eroma euskal hiria!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude