Hitza bala da

Hitza bala da

Hitza bala daBadira pare bat urte hitzaren eta, hartara, hizkuntzaren politizazioaz ohartu naizela. Hitza eta politika bat direla azpimarratu zidan ene lagun batek bazkalosteko kafearen indarrez. Ordutik, berbaren garrantziaz erabat jabetu naiz, edozein liburu, testu edo solasaldiri zukua ateratzeraino. Baina, politikaz ari naizenean ez dut pentsatzen alderdietan, ez eta instituzioetan, eguneroko bizitzako politikan baizik: goizero autobusean sortzen diren elkarrizketak, egunkarietako albisteetan usatzen diren adierak, adiskide baten deiak, edo kolektibo baten kartelak, esaterako. Hitzak gu inguratzen gaituela ez da zalantzarik. Inguratu baino, eraiki eta subjektibatu.

Berbak kateatzean datza hizkuntza, horien arteko loturak diseinatzean, paragrafo baten ideiak sailkatzean. Horien bidez egiten dugu oro, lanetik otorduetaraino, jolasetik sexuraino. Eta hala, hizkiz jositako eraikinak munduratzen ditugu, arkitektura ez baita porlanean bukatzen, hizkuntzan du bere beste afera. Sarri mintzo gara gizarte egiturez, sobera Gizarte Zientzietan, egunkari eta pantailak atzean geratu ezinik —­adi azken urteetako mahi-inguru telebistatuei—. Eta, egitura linguistikoak? Denok ditugu gogoan batxilergoan egitura horien inguruan jasotako eskolak, bai eta jakintza horiek gure oroimenetik ihesi joan zirenekoak. Bada, egitura linguistikoak erabat sozialak dira, politikoak horrenbestez. Piztu dezagun argia etsenplu bila:

Akordatzen naiz Mexiko Hirian sortu zitzaizkidan lagun hainbatek ziutateko arkitekturaz eta honek zekarren kontrol politikoaz argitaratu behar zuten testu bildumaz. Proiektuan lanean ari zirela, kapituluen ordenak suposatzen zuen arkitektura kontraesankorraz jabetu ziren. Ez zuten bada proiektua alde batera utzi! Inkoherentzien mamuari beldur. Beste adibide bat marxista bat eta  bere hizkera dira, merkantzia, balio eta halakoak botako ditu ziur, Spinozaren jarraitzaile batek potentzia baliatuko duen gisara. Halako bat 2013an Melillako muga zeharkatu nahi zuten afrikarren harira El Mundo egunkariak asalto en avalancha zabaltzea izan zen. Eta hitza eta politika erabat dira salatari generoari dagokionean, nahiz eta, zorionez, euskaran ez suertatu hain biolento. Gazteleraz solas egiten dutenengan, ordea, hitzak eta azken silabaren bokal aukeraketak anitz iruzkin kritiko behar ditu gaur, ez baita modukoa amigos edo amigas aitatzea, ez eta revolucionarios  edo revolucionarias. Urrutiratu gabe, deklinazio horietan gako politikoak dira ugari, hor eguneroko guda zibilaren bandoak ageri.

Hitzak dira gu lotzen gaituzten hori. Eta, guk, argi dugu: matxinadak letretan du hasiera, hitzen subertsioan, hizkien alterazio politikoan, perpausen osaera kritikoan, entzulearen filtro nekaezinean, mintzamenaren dastamenean, zenbait eleren kondenan, finean, hizkuntzaren armetan.

Hitza bala da