Hitz egiteko (beste) modu bat

euskara[Oharra: Aurrekoan aipatu nizuen iritzi artikulu polemikoa idaztea erabaki dut. Ez pentsa adar joka aritzearren idazten dudala, ez horixe! Déja-vu eta guzti, beste asko bezala, herri honen norabideak kezkatzen nau. Ez da boutade bat, kezkagarria zait herri honetan abertzaleok dugun hitz egiteko manera zehatz-mehatz; mundua geuri beha balego bezala mintzatzen baikara. Horregatik artikulu hau, uste baitut euskal hiritar arruntari beste modu batean hitz egin behar diogula. Bada, mundu honen herri ñimiñoa baino ez gara.]

Aurrekoan, Argia aldizkariak euskal iheslariei eskeini zien erreportaia irakurtzen ari nintzela, zeharo harritu ninduen iheslarien kolektiboak tinko hitz egiteko zeukan erak (esadi borobilak, Frantzia eta Espainako estatuei helarazten zizkien deiak). “Normala da zeren eta iheslariek bizi duten egoera larria baita eta horren berri eman nahi dute mundura; izan ere gogorra behar du izan etxera itzuli nahi izateak baina ezin”. Hala uste dut, bederen. Baina gero etorri ziren dudak eta mudak, bada, iheslarien kexak zenbaiterainoko oihartzuna izango zuten pentsatzen hasia nintzelarik, inork gutxik kasu egingo ziela deliberatu nuen; izan ere Espainak ez badu ETArekin batzarrik egin nahi, esango didazue zenbaiteranoko izango dituzten kontuan iheslarien aldarrikapenak. Frantziako estatuaz zer esan. Ez dut uste euskal gatazka politikoa barneko arazotzat dutenik; héxagoneko korner batean dauden lau katutzat hartzen baitituzte bertako euskaltzaleak, imajina ezazue Iparraldeko abertzaleak zer diren.

Ez pentsa ele irmoak botatzeko ohitura Ezker Abertzalearen esparruan gertatzen denik soilik, EAJk ere badu berea. Urkullu lehendakaria tipo serioa iruditzen zait, beraz nekez uste dut jaulkitzearren jaulkitzen dituela bere esanak. Berbarako, 2015erako Estatuarekin adostutako galdeketa baten bidez heldu den Estatus Berria iragarri zuenean, bere hitzak beteko zirela pentsatu nuen. “Urkulluk Raxoirekin zertxobait adostuko du”, otu zitzaidan. Baina gero etorri ziren dudak eta mudak. Adibidez, gehiengo absolutua duen PPk Katalunian eragotzi nahi duen kontsulta EAEn ahalbidetuko lukeela pentsaezina iruditzen zait. Ez dut Urkulluren borondatea ezbaian jartzen, baizik eta Raxoik eta PPk (eta UPyDk eta PSOEk) EAEk eta Estatuak duten erlazioa aztertzeari dioten beldurrak eszeptizismora bultzatzen nau, zeren eta PPk onartuko balu EAEn kontsulta gauzatzea UPyDk boza asko kenduko lizkioke. Ez hori bakarrik, Katalunian kalera jalgi ziren milioka pertsonei jaramonik ez die egin Espainako Gobernuak, beraz esango didazue zer arreta eskeiniko dion jende arrunta mugiarazten ez duen auzi bati.

Honekin guztiarekin ez dut esaten EAJk eta Ezker Abertzaleak engainatzen gaituztenik, izan ere, ez baitut uste hori horrela denik. Munduko zilborra Euskal Herriari beha balego bezala mintzatzea joku politikoaren ondorioa da. Jokabide ulergarria, hortaz. Hala eta guztiz ere, “klase politikoarekin” dagoen mesfidantza kontuan hartuta, jokabidea aldatu beharrean gaudela deritzot. Hemen bizi garen euskal herritar gehienok jakin baitakigu herri hau ez dela Estatu Batuetan lobby indartsua duten judutarren modukoa, ez eta Vaticano bezalako herri txiki baina boteretsua ere. Hots, mundu honen herri txiki eta polita, ekonomikoki erakargarria baina politikoki ertzekoa dela jakitun gara. Beraz, buruzagi politikoek mintzaira bera erabili beharko lukete, hau da, abertzaletasunak jarduteko egun dauzkan mugak onartu eta limite horren arabera mintzatzea. Bestela, frustrazio iturria bilaka liteke politikari abertzaleen jarduna. Ondorioz, Hegoaldean alderdi konstituzionalistei gertatu zaien beherakada alderdi abertzaleei kutsatuko litzaieke.

Txitxika Rekaltek ederki laburbildu zuen politikoaren jardunaren amaiera “Lau sos eta lau sos horiek kudeatzea”. Horixe da garai honi dagokion egoera eta onartu beharrean daukagu. Ez dut esaten orain jorratzen diren gaiak baztertu behar direnik. Aitzitik, Estatus berria eta iheslarien egoeraren konponbidea landu behar dugula diot, baina unean-uneko limiteak kontuan hartuta. Dena den, itxaropen oro ez da galdu behar, izan ere euskal komunitatea indartzeko abagunea irekitzen baitu garai honek. Jon Sarasuak Hiztunpolisan erabiliko metaforari eutsiz: suari (euskarari) indar bizia eman diezaiogun. Ez da kontu hau aipatzen dudan lehen aldia, izan ere EAEko azken hauteskundeez hemen plazaratu nuen artikuluan legegintzaldi honek euskararena izan beharko lukeela aldarrikatu nuen. Azken batean, inoiz izan dugun legebiltzar euskaldunena (euskaltzaleena?) baita oraingoa. Hortaz, profita dezagun “Euskal Herrian euskaraz” lelotik plazara jalgi dadin.

Hona (alderdi) abertzaleon diskurtsoa birpentsatzeko (eta frustrazioari aurre egiteko) ekarpen xume bat.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.