Duela ehun urteko bizimoduaren erretratua, eskuizkribu batetik abiatuta

Duela ehun urteko bizimoduaren erretratua, eskuizkribu batetik abiatuta

Jose Manuel Linazasoro Zumaiatik Pasaiara joan zen bizitzera 11 urte zituela. 1970ean, 59 urterekin, ebakuntza batetik osatzen ari zela, koaderno batean eskuz idatzita utzi zituen bere txikitako oroitzapenak, duela ehun urteko Zumaiako kontuak (1910-1920). Koldo Izagirre idazlearen eskuetara iritsi zen koadernoa eta hark Imanol Azkueri helarazi 2011n, zumaiarron interesekoa izan zitekeelakoan.Eta Azkuek amua irentsi. Hura ez zen ohiko materiala. Aurrena erreportajea proposatu zion Baleikeri, baina lanean hasi orduko materiala pilatu eta pilatu, azkenean liburuaren neurria hartu du: Jose Manuelen ibilerak edo begirada bat 1910-1920ko Zumaiari. Duela ehun urteko bizimoduaren erretratu bizia.

[Baleike-k Imanol Azkueri egindako elkarrizketaren pasarte bat duzue jarraian]

Nola sortu zen liburua idazteko aukera?

Koldo Izagirrek hitzaldia eman behar zuen Zumaian, Autopsiaren frogak liburuaren inguruan, 2011ko azaroan. Xabier anaia harremanetan jarri zen berarekin, eta orduan komentatu zion bazutela Pasaian dokumentu berezi bat, koaderno bat, Pasaian bizi izan zen zumaiar batek idatzitakoa. Txikitako kontuak aipatzen zituen koaderno hartan, Zumaiako txikitako kontuak. Pasaitarrentzat ez zuen aparteko baliorik, Zumaiako lekuak eta pertsonak aipatzen zituelako, baina zumaiarrentzat interesekoa izan zitekeen. Bidaltzeko esan genion, gutxienez ikusteko zer eman zezakeen. Osorik irakurri genuen eta oso polita iruditu zitzaigun. Koldoren bidez, harremanetan jarri ginen Jose Manuel Linazasororen semeekin, koadernoa eskuratu eta hobeto eskanetatu genuen, argazkiak lortu… Horrela hasi ginen.

Zerk egiten du berezi koaderno hori?

Gaur egun edozein ikerketa egiteko ohikoa da lehengo lekukotasunak grabatzea, baina ez da batere ohikoa duela ehun urteko kontuak jasotzen dituen koaderno batekin topo egitea. Duela ehun urteko Zumaiako kontuei buruz ez dakit zer egon daitekeen horrela idatzita jasota… Herritar batek bere txikitako bizimoduaren oroitzapenak jasotzea koaderno batean oso berezia da. Balio handia ematen dio edukiari.

Zergatik erabaki zuen egun batean Jose Manuelek koadernoa hartu eta txikitako kontuak idazten hastea?

Semeei galdetu diegu eta haiek esan digute idatzi zuela, batez ere, oinordekoek jakin zezaten nolakoa izan zen bere txikitako bizimodua. Baina etxekoentzat, ez argitaratzeko. Koaderno batean dago idatzita, eskuz. Ez dakit borradorerik egin ote zuen, baina oso tatxoi gutxi daude. Okurritu ahala idazten zuen, puntu eta aparte oso gutxirekin. Sinpletasun horretan, indar handia dauka eta, batez ere, sinesgarritasuna. Idazteko modua ez ohikoa da, oso benetakoa, gordina batzuetan, gogorra, eta beste batzuetan barrea eragiten duena. Kontatzen dituen kontu txiki horiekin oso ondo adierazten du bizimodua nola aldatu den gure herrian azken ehun urteetan.

Jose Manuel Linazasororen koadernoa da liburuaren muina, baina zeuk jantzi egin duzu, osatu. Zein izan da zure ekarpena?

Hasieran asmoa ez zen liburua egitea. Gehiago nuen buruan Baleikerako erreportaje bat idaztea, kanpoan bizi izandako zumaiar batek nola gogoratzen zuen herria duela ehun urte. Liburua baino laburrago ikusten nuen. Baina lanean hasi orduko material gehiago lortzen ari nintzela ikusirik, proiektuak liburua eskatzen zuen.

Batez ere saiatu naiz berak kontatzen dituen hainbat kontu egiaztatzen eta, posible izan den neurrian, datu gehiagorekin osatzen. Eta gertaerak ez baziren izan berak oroitzen zituen bezala, neuk bildutako informazioarekin kontrastatzen ahalegindu naiz. Pentsatu behar da txikitako oroitzapenak ekarri zituela paperera, urte asko pasa ondoren, eta horrelakoetan normala da errealitatea imajinazioarekin nahastea, edo gertaerak zehazki nola izan ziren ez gogoratzea. Horrez gain, saiatu naiz duela ehun urteko datuak gaur egungoekin alderatzen, errazago erakusteko bizimodua zenbateraino aldatu den.

Liburuko pasadizo bat kontatu digu Azkuek:

Duela ehun urteko bizimoduaren erretratua

Duela ehun urteko bizimoduaren erretratua, eskuizkribu batetik abiatuta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude