Hizkuntza gutxitudun herriekin lankidetza sustatzeko hitzarmena, Garabidek eta UEMAk

Hizkuntza gutxitudun herriekin lankidetza sustatzeko hitzarmena, Garabidek eta UEMAkGarabide kooperazio era berri bat eginez, esperientzien elkar banaketan oinarritutako lankidetzan aritzen den elkartea da. Andoni Barreña elkarteko presidenteak agerraldian aipatu duenez, “Garabidek komunitateen arteko zubi lanak” egin nahi ditu. Eta norabide horretan, “jauzi kualitatibo” moduan aurkeztu du UEMArekin sinatutako hitzarmena. Batetik, UEMAk “esperientzia aberatsa jaso” duelako bere ibilbidean eta baduelako zer konpartitu. Bestetik, UEMAk bere baitan dituen “71 udaletara hitzarmena zabaltzeko konpromisoa” hartu duelako.

Maren Belastegik UEMAk “elkalanerako duen jarrera irekia” nabarmendu nahi izan du. Eta Garabideren “laguntza” eskertuta, hizkuntza gutxituak dituzten herriekin “esperientziak partekatzea interesgarria” dela iritzi dio. Baina “ez soilik euskararen bidea erakusteko ikuspegitik, guk ere badaukagu zer ikasi hizkuntza gutxituak dauden herriengandik, eta beraz, elkarri lagundu eta bidelagun izatea da lortu nahi duguna.”

UEMA osatzen duten udalek bakoitzak bere kasa kudeatzen du garapenerako lankidetzaren funtsen bat. Gaur egun, ordea, ia bere osotasunean garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako interbentzio-proiektuetara bideratzen da. Hitzarmen honen bidez nazioarteko garapen-lankidetzan hizkuntza irizpideak dagokion lekua izan dezan lortu nahi da.

Hizkuntza gutxitudun herriekin lankidetza sustatzeko hitzarmena, Garabidek eta UEMAk