Hezkuntzako egiturazko arazoei heldu gabe ezin aurrera egin

Hezkuntzako egiturazko arazoei heldu gabe ezin aurrera egin – 

Badirudi Hezkuntza arloan zerbait mugitzen ari dela. Baskongadetan, hezkuntza lege berria egosten ibili dira, eta laster indarrean jarriko dute alderdi espainolek (PSOE eta Podemos) alderdi erregionalisten laguntzarekin (PNV eta Bildu). Euskararen aldeko urratsak emango direla diote azken hauek. Adostutakoaren arabera, ikasleak euskara gehiago jakinda aterako dira ikastetxeetatik (B2 maila). Hala ere, euskarazko saio ordu gutxiagorekin zaila izango da hori bermatzea. Fedea izan beharko genuke? Egia esateko, lege proposamen horren kontrako ahots ugari entzun dira.

Gauzak horrela, martxoaren 23an, gazte euskaltzaleen sarea eta unibertsitateetako euskara taldeak hezkuntza euskaldunaren alde mobilizatu ziren. Gauza interesgarri gutxi planteatu zituzten, ohiko topiko eta diskurtso demagogikoak, besterik ez. Galeriaren aurrean itxurakeria berria. Izatez, euskararen aldeko mundua zirku handia da. Euskaraldia, Korrika, Ikastolen jaiak, partxis txapelketak, bertso afariak,… Norbaitek benetan pentsatzen du horrelako ekimenekin Euskal Herria euskaldunduko dela? Onartu behar da baskongadetako gobernuarentzat Euskaraldia pagotxa ederra dela. Izan ere, herritarrengan delegatzen ditu euskara normaltzeko prozesua eta ardura. Jokaldi ederra! Bestelako ekimenek helburu ekonomikoa dute nagusiki, Bilduren inguruko euskalgintza finantzatzeko. Baina guzti-guztiek status quoa errespetatzen dute. Ez dira ausartzen urrunagora ailegatzen. Lanpostuak mantentzearekin konformatzen dira. Kasu onenean, aldaketa nimiñoak planteatzera mugatuko dira, benetan eraginkorrak ez direnak. Zoritxarrez, momentu honetan, euskarak errotiko aldaketa behar du bizirauteko.

OPUS DEIren Umedi eraikina, haur hezkuntza - 0 urtetik 5 urte artekoa-.
OPUS DEIren Umedi eraikina, haur hezkuntza -0 urtetik 5 urte artekoa-.

Artikulu honetan, hezkuntzarekin loturiko adibide adierazgarria aipatuko dugu. 1993an, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea onartu zuen baskongadetako parlamentutxoak. Zein izan dira lege horren fruituak? D eredua nagusitu da. Hori egia da. 2022/23 ikasturtean, adibidez, baskongadetako unibertsitateaz kanpoko ikasleen % 68,27 D ereduan dago, eta gainerako % 31,73 A eta B ereduetan (iturria: EUSTAT). Zoritxarrez, hiru eredu hauek ez dute egiazki euskalduntzen. ISEIk, Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak, A eta B ereduek ez dutela inolaz ere ikasleen euskalduntzea bermatzen errepikatu digu behin eta berriz. Are txarragoa, D ereduko ikasle gehienek ere ez dute lortzen euskaraz aritzeko trebetasunik. Hau aspalditik ezaguna da, eta oso larria da. Baina, datu horien azpian, badago zerbait oso inportantea, jende gutxi aipatzera ausartzen ez dena. Urteetan, ikastetxe batzuek euskara kontzienteki saihestu dute.

Adibide ezin nabarmenagoa dago Euskal Herriko hiribururik jendetsuarenaren erdigunean. Indautxu eta Abando auzoetan 50.000 biztanle inguru bizi dira, eta egunean zehar beste milaka bisitari igarotzen dira bertatik. Auzo hauetan, unibertsitatez kanpoko hezkuntza aztertzeak datu oso adierazgarriak erakusten ditu. Beheko taulan ikus daitekeenez, 11.000 ume inguru daude ikasten 6 ikastetxe publiko (ikasleen % 25,6) eta 12 pribatuetan (ikasleen % 75,4). Argi ikusten denez, ikastetxe publikoen eskaintza mugatua da oso, lanbide heziketarik gabekoa. Ikastetxe pribatuen artean ez dago ikastolarik, horiek Bilboko periferian kokatuta baitaude. Euskara periferikoa delako agian? Ikastetxe pribatu guztiak erlijio katolikoarenak eta itunpekoak dira, guztion diruz ondo hornituak. Horrelako ikastetxeak frankismoan hedatu eta indartu ziren, eta eraikin ederrak dituzte Bilbo erdian. Horietan, nagusiki A eta B ereduen lerroak daude, nolabait hezkuntza euskalduna ekidin nahian. Ikastetxe publiko eta pribatuen artean 7.436 ume dauzkate A eta B ereduetan (ikasleen % 67,5), D ereduko 3587 ikasleren aurrean (ikasleen % 32,5). Hau da, euskarazko hezkuntza marginala da Bilboko zentroan.

Baina, zertan datza ikastetxe hauen euskarazko hezkuntza eskaintza? Adibidez, B ereduan, enborrezko irakasgaiak espainolez eta ingelesez jorratzen dituzte: matematika, science, hizkuntzak, eta abar. Euskaraz, aldiz, enborrezkoak ez diren irakasgai batzuk lantzen dira, hala nola (ziurrenik, ingelesezko beste irakasgai baten batekin batera, ikastetxe bakoitzaren politikaren arabera). Izan ere, ikastetxe hauek A eta B ereduetako lerroak mantendu dituzte, euskarazko klase ordu kopururik txikiena ziurtatzeko asmoz. Horren ondorioz, ikasle horiek euskaraz aritzeko gaitasun minimorik ere ez dute. Are gehiago, euskara zerbait arrotz modura hartzen dute. Euskal Herriko milaka ume euskarazko inolako gaitasunik gabe kaleratzen dira urtero. Hezkuntzako egiturazko arazo handia da, eta baskongadetako gobernuaren onespenarekin gertatzen da, euskalgintzak ezikusiarena egiten duen bitartean. Frankismotik gauza gutxi aldatu dira Euskal Herriko hainbat eremutan.

Hezkuntza lege berriak ez du inolaz ere arazo hau konponduko. Ikastetxeek askatasuna izango dute beraien errealitate soziolinguistikora egokitzen den hizkuntz proiektua lantzeko. Eta kontrolik ez denez egongo, ikastetxe hauek bide beretik jarraituko dute. Peio Otxandiano, Ikoitz Arrese eta bestelako ilustreak gezurretan ari dira. Ikastetxe guztietan euskarazko murgiltze eredua ezarri behar da Euskal Herriko belaunaldi berriak euskalduntzeko. Ez dago beste biderik. Zoritxarrez, politikari profesionalek ez dute status quo frankistarekin amaitu nahi, antza, gustura daude hori kudeatzen. Euskalgintza prest al dago Pandoraren kutxa zabaltzeko? Ala euskalduntzen ez duten ereduekin jarraituko dugu?

Azken oharra: Goiko taularen datuak ahal den eta zehaztasun handienez jasotzen saiatu gara. Zoritxarrez, ez da lan erraza izan, datuak oso sakabanatuta baitaude. Honelako datu bilketak eta analisiak egitea administrazio publikoaren eta euskalgintzaren lana izan beharko litzateke, baina oso lanpetuta daude itxurakeria lanetan.

Hezkuntzako egiturazko arazoei heldu gabe ezin aurrera egin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude