Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek sinatutako akordioak

Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek sinatutako akordioak –

Asteon, Miren Zubizarreta Juaristik, ELAko EAEko administrazio orokorreko arduradunak, “Uriarte eta Urkulluren lasaitua” izeneko sarrera bat argitaratu du gurean. Bertan, “LABek lehenik eta STEILASek ondoren, grebak eta mobilizazioak bertan behera utzi eta hezkuntza publikoak dituen arazo larriei zein langileen aldarrikapenei erantzuten ez dieten akordioak sinatu dituzte”, egiten zuen salaketa.

Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek sinatutako akordioak

Sarrerak iruzkin bat jaso zuen, Zetek sinatua, “(…) gustura ikusiko nuke ahotan hartutako sindikatuaren erantzun bat” zioena. Eta erantzunen esperoan, aproposa begitandu zaio salabardoari akordioak sinatu zituztenean, LABek batetik eta STEILASek bestetik, egindako balorapenak eskuratu eta plazaratzea. Hemen dituzu:

.

 

LAB:

“Hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugu”

Borrokan aritu diren EAEko irakaskuntza publikoko azpi-sektoreetako ordezkariek, Haurreskolak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbitzaileak eta Irakasleak, agerraldia egin dute gaur. Bertan, lortutako akordioen nondik norakoak aztertu dituzte, baita sektorearen egoera eta erronken inguruko balorazioa egin ere.

Lortu ditugun akordioak guztion garaipena dira. Ibilbide luze honetan, langilegoaren gehiengo zabalak babestu gaitu. Lan zentroak hustu eta kalera atera gara gure lan baldintzak hobetu eta Euskal Herriak merezi duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera. Beraz, zorionak berriro ere, jendartearen eraikuntzarako, hezkuntza, eraldaketarako tresna gisa ulertzen duzuen guztioi, eta egunero, horretan lanean diharduzuenoi.

.

Ibilbidea
Oso aberasgarria egin zaigu 2016ko martxoan abiatu genuen dinamika, zeinaren bidez langileekin harremanak estutu eta elkarlana abiatu dugun. Ehundaka lan zentrotan batzarrak burutu ditugu afiliatu eta langileekin.

Ibilbide guzti honetan, LABetik oso argi izan dugu konfrontazio fase hau erabili behar genuela Hezkuntza Saila ataka batean jarri eta negoziazio mahaien desblokeoa bilatzeko. Hori dela eta, negoziazio kolektiboa ahalbidetzeko estrategia argia izan dugu uneoro. Hilabeteetako mobilizazio jendetsuen, greba jarraipen altuen eta Administrazioarekin izandako aldebikoen bidez pisuzko edukiak mahaigaineratzea lortu dugu. Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu dugu eta abiapuntua markatu da lan hitzarmen berriak negoziatzen hasteko.

LABi zilegitasuna bere afiliatu eta hurbilekoek ematen diote eta kontraste lan jarrai eta sakon bat egin ostean, mobilizazioak eteteko argudio eta arrazoiak nabarmendu dira. Zentzu honetan, hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugula uste dugu.

.

Kolektibo Laboralak (Haurreskolak, Heziketa Berezia eta Sukaldari eta Garbitzaileak)
LABen ikuspuntutik, kolektibo laboralek egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan. Urteetan zehar murrizketa ikaragarriak pairatu dituzte Hezkuntza Saila zein Administrazio orokorraren partetik. Gainera, sektoreko baldintza prekarioenak edukitzeaz gain, oso kolektibo feminizatuak dira, honek suposatzen duen guztiarekin.

Arlo honetan, negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk lortu ditugu. Langileen lan baldintzak eta eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitateak hobera egingo dute akordio hauekin.

Haurreskolak Partzuergoaren kasuan, zikloaren aitortza politikoaren norabidean urratsak ematea lortu da, zikloari berari izaera hezitzailea aitortuz. Era berean, herrietako haurreskolen biziraupena bermatzen da. Ordezkoen araudi duina eta ordezkapenak betetzea lortuta haurreskoletako lan zama arintzea lortuko da, hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko delarik.

Sukaldari eta Garbitzaileetan berriz, langile hauekiko eta euren lanarekiko merezitako aitortza ematen da: kolektiboaren pribatizazioa ekiditen da, lanpostuen zerrenda handitu eta lanpostu berriak sortzen dira eta ratioak eta metrajeak definitzen dira, lan zamak arintzeko funtzioak zehaztuz, besteak beste.

Heziketa Berezian, merezitako aitortza eta inklusibitatearen bidean, historikoak izan diren hiru aldarrikapen lortu ditugu: Fisioterapeuta, Lan terapeuta eta Gizarte langileen ekiparazioa, asteko jardunaren zehaztapena eta garraioa gure funtzioetatik kentzea. Gogorarazi nahiko genuke kolektibo honetan bizitako egoera. LABen hasierako apustua akordioak ahalik eta babes sindikal zabalena jasotzea izan zen eta saiakera handiak egin genituen gainontzeko sindikatuak erakartzeko. Zentzu honetan, kolektibo honetan, LABen ahaleginak bere saria jaso zuen eta zorionez, Steilasek akordioa sinatu eta berretsi zuen.

.

Irakasleen Kolektiboa
Irakasleen kasuan ere, 7 greba egun eta gero, akordioa sinatzea lortu dugu. Mahai negoziatzaileetara edukiak eramatea lortu dugu eta akordioak bi garaipen dakartza. Alde batetik, azken urteotako murrizketa latzei buelta ematen hastea ekarri du, eta bestetik, lan hitzarmen berria garatzeko abiapuntu sendoa ezarri du. Kolektibo honetan 2017ko abenduan jaso genuen Hezkuntza Sailetik lehenengo akordiorako proposamena, sindikatu guztiek urtarrilean izan genuen mahaian atzera bota genuena, edukiak ez nahikotzat jo genituelako. Martxoan egindako 2 greba egun arrakastatsuek Administrazioa mugi arazi zuten eta apirilerako deitu zuten beste mahai sektorial bat. Hemen gerta zitekeenari lotuta, hiru sindikatuok erabaki genuen apirilaren 23rako deitua genuen greba astea bertan behera uztea. Mahai horretan aurrerapenak egon baziren ere, ez genuen akordiorik erdietsi proposamenak berak zehaztasuna falta zuelako eta ezinbestekoak ziren edukiak faltan bota genituelako. Hurrengo mahai sektorialari begira, LABek bere eskaera propioak erregistratu zituen Lakuan, batzuk onartu zituztelarik eta beste batzuk airean geratu zirelarik. Hauen artean guretzat ezinbestekoa zen 60 urtetik gora irakastorduen murrizketa ekiparatzea irakasle funtzionario eta behin behinekoen artean, funtzionarioei bakarrik aplikatzeak pitzadurak eta bereizketak sortzen dituelako langileen artean. Ordurarteko edukien kontrastea kidegoarekin egin ondoren erabaki genuen, azken puntu horretan tenkatu behar genuela, eta asteleheneko mahaian lortu genuen, akordioan jasotzea 6 hilabeteko epean behin behineko irakasleei neurri bera aplikatzeko baldintzak negoziatuko direla.

Besteen artean hauek dira akordioak jasotzen dituen puntu nagusiak: ordezkapen guztiak lehen egunetik betetzea kidego guztietan, bajak egoera guztietan ez zigortzea, LEP deialdia, haur eta lehen hezkuntzako zerrendak irekita mantentzea 2020 arte, seme-alabak zaintzeko eszedentzia, bakantea duten behin behineko irakasleei ere aplikatzea, irakasle gehigarriak,… eta mahai teknikoen bidez sindikatuekin adostuko da plantilen egonkortasuna, hezkuntza beharren indizearen aplikazioa eta baliabide gehigarrien azterketa, ikasle errepikatzaileak ratioetan txertatzeko prozedura….

.

Aurrera begira
Bukatzeko, LABek borrokaren balioa beste behin ere azpimarratu nahiko luke, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan izan duen jarrera inmobilista pitzatzeko balio izan diguna, eta ziurtasun osoz, etorkizunean ere balioko diguna. Langileek duten tresnarik indartsuena dela beti esan izan dugu. Administrazioaren jarrera itxia apurtu dugu eta negoziaketetan sakontzeko aukera ireki dugu. Hezkuntzaren kalitatea eta langileon baldintzak hobetzean, kapitalismoa zein estatuekin dugun lehian langile klaseak burujabetza sozialean sakontzen du. Guk, Euskal Herrirako eredu propioa eraiki nahi dugu, eta bide honetan ari gara. Izan ere, etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz. Lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, burujabetza bidean, herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei erantzuteko, egun bizi dugun menpekotasuna gaindituz.

Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean, hezkuntza burujabea iruten!

.
.

STEILAS:

EAE-ko publikako irakasleen aurreakordioa

Gaurko aurreakordioa aurrerapausu garrantzitsua da, bere garaian ezarritako murrizketa esanguratsuenak bertan behera geratuko direlako. Ahuleziak baditu ere, STEILASen argi dugu arduragabekeria hutsa litzatekeela langile eta ikastetxe askoren onura dakarten neurri hauek bertan behera gelditzea:

  • Bajak ez dira zigortuko.

  • Ordezkapenak lehen egunetik beteko dira.

  • Haur Hezkuntzako 3 urteko geletan plantillak indartuko dira.

  • Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako plantillek baliabide gehigarriak jasoko dituzte, eta horren ondorioz, egoera zailenean dauden 150 ikastetxe baino gehiagok irakasle-ikasle ratioak hobetuko dituzte.

  • 60 urtetik gorako irakasle funtzionario karreradunek 1/3ko murrizketa izango dute ordu lektiboetan.

  • HH eta LHn 59 urtetik gorakoentzat 2 orduko murrizketa izango dute asteko ordu lektiboetan.

  • Familia kontziliaziorako baimen berriak langile guztientzat. Ordezkoek 3 urte arteko umeak zaintzeko eszedentzia hartu ahal izango dute funtzionarioen termino berdinetan.

  • Ordezkoei jardunaldia osatzea baimenduko zaie (Bateragarritasuna)

  • Ordezkoen zerrendak irekiko dira oposizioak dauden urteetan.

  • Lanbide Heziketan 116 langile gehiago egongo dira, eta euskalduntze planean sakonduko da.

Bestalde, zehazteko geratu zaizkigun gaiak hauek dira: 60 urtetik gorako irakasle guztientzat 1/3ko murrizketa ordu lektiboetan; geletako ratioa %10 jaistea; ikastetxeetako lan administratiboa nola bideratu… Beraz, gai hauek mahai gainean daude eta lehentasunezkoak dira.

Negoziazio fasean eta lan akordio orokor bati begira ezinbestekoa da gaurko aurrekoardioa, besteak beste, datorren ikasturterako indarrean jarri ahal izateko bertan jasotako neurriak.

Aurreakordio honek ez ditu eskola publikoaren beharrak asetzen. Erronka gogorrak ditugu ate joka, eta STEILASek hauei tinkotasunez heltzeko konpromezua berresten du: sare publikoa eta pribatuaren arteko desorekak, segregazioa, hezkuntzaren merkantilizazioa, hizkuntzen trataera…

Jaurlaritzari, EAJri bereziki, garbi adierazi nahi diogu zurruntasunez eta zorrotz jarraituko dugula hartutako konpromezuen betetzea, eta hala izan ezean, konfrontaziora joko dugula, ezinbestean.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu hilabete hauetan guztietan borrokan aritu diren langile eta familia guztiei, EHIGEri eta sustengua adierazi diguten eragile eta norbanako guztiei.

Gora langileon borroka!

Gora Euskal Eskola Publikoa!

Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Hezkuntza publikoaren alorrean LAB eta STEILASek sinatutako akordioak”-ri buruz