Buruan daukazun guztia

Buruan daukazun guztia –

«Ez duzu buruan daukazun guztia zertan erranik». Areago, «ez duzu buruan daukazun guztia erran behar». Eta are areago, «ez zaizu komeni buruan daukazun guztia erratea».

Buruan daukazun guztia

Oro har, bizitzarako balio duen hori lehen kapituluan dator politikaren edo gizartegintzaren eskuliburuan. Aste honetan, alabaina, arruntik ahantzi zitzaion Pachi Mendibururi. Hara zer jaulki zuen Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Politikaren kontrako manifestazioaren deitzaileen bozeramaileetako denak: “D eredua Erriberan ezartzea diskriminazioa da. Defizienteak eta immigranteak kentzen dituzue gainetik, eta ‘guay-ekin’ gelditzen zarete, eta gainera ordainduta”.

Ez dakit zenbat ‘defizientek’ eta zenbat immigrantek joan behar duten gaurko manifestazio horretara. Garbi dago haien antolatzaileek ez dituztela gustuko, ez bederen beren seme-alaben ondoan, ikasgela partekatzen. Ateraldia larrutik ordaintzen ari dira bai Pachi Mendiburu bai manifestazioaren antolatzaileak. Kontrakoak ederki probesten ari dira bata nahiz bertzeak egurtzeko. Ederki merezita. Aho-bero halakoak. Fatxa alaenak.

Baina orain, inork aditzen ez digula, beharbada gu ere oroituko gara egun hartan, semea edo alaba zer eredutara eraman zalantzetan zebilen aita edo amarekin izandako solasaldiaz. Eta nola, argudioak akitu zitzaizkigularik, aho-azpiz erran genion: “eta gainera, ikaskide guztiak hemengoak eta arazorik gabekoak izanen dira”.

Beharbada, Mendiburuk, nahi gabe, D ereduaren aldeko propaganda egiten ari zen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko maiatzaren 30ekoa]

Buruan daukazun guztia

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

Zer duzu buruan “Buruan daukazun guztia”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2018-06-02 20:50

    Espediente akademikoak munta handia baitu lehiarako baino prestakuntza eta kalifikazioak nahi ez dituzten eta beraien umeekiko konfidantza apenas dute guraso ikaratuentzat, jendarte kapitalista alu honetan. Beldurra nagusi.