Hezkuntza publikoa eta erlijioa

Hezkuntza publikoa eta erlijioa –

D eredu publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritzen elkarte bezala eta haien artean DBHko eskaintza duten beste zuzendaritzen ordezkari izanik, azken aldian erlijioko ikasgaiak eskola publikoan duen presentziaren inguruan ematen ari den eztabaidaren aurrean, geure kezka eta iritzia gizarteratu nahiko genuke.

Aipatu ikasgaiak duen aukerazko izaera dela medio, geure ikasleak banatzen ditu ezagupen ezberdinak jasoaraziz hiritartasun balioei, bizikidetzari, tolerantziari edo errespetuari dagokionez, besteak beste. Azken finean, ikasle guztiek ez dute balioetan formazio bera jasotzen. Ez behintzat saio horietan.

Ekitatea hezkuntzaren oinarrizko ezinbesteko zutabea dela uste dugu. Ez zaigu bidezkoa iruditzen espresuki balioen transmisioari eskaintzen zaion denbora bakarrean (zeharka egunero eta momenturo egiten da) eskolak ez bermatzea transmisio hori, hezkuntza publiko justu bati zor zaion berdintasun printzipioan egingo denik.

Hezkuntza publikoa eta erlijioaBalioen irakaskuntza geure hezte eginkizunaren ezinbesteko parte dela deritzogu. Horregatik, eraikitze lan hori aniztasunaren elkarketan oinarrituta, berau balioesten eta errespetatzen, ezberdintasunetik ikasiz, ezberdinen arteko batzetik eraikiz eta elkarrizketa ahalbidetuz egin behar dela uste dugu, baina inolaz ere pertsonak euren sinesmen edo doktrinen arabera banatuz, are gutxiago derrigorrezko eskola orduetan.

Hezkuntza publikoa eta erlijioaBeraz, erlijioei edo bere alternatibei eskainitako derrigorrezko tarteek, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektuetan eragin zuzena dutela nabarmena da. Erlijio ezberdinek (katolikoa, musulmana, ebanjelikoa…) euren konfesio ezberdinetako edukien transmisioa, beraien espazio propioetan egin behar dutela uste dugu.

Neska eta mutilen arteko berdintasunezko heziketa eta sexu askatasuna oinarrizkoak direlakoan gaude. Aurrez aipatutako elementu hauek, batez ere emakumeek gizartean duten rolari dagokionez, erlijio irakaskuntzaren batean, une edo doktrina multzoaren aspektu zehatz batzuetan, kolokan egon litezke. Aurrekoa aintzat hartuta, erlijio edukiak irakasteko, eskola publikoa eta eskola ordutegia ez erabiltzea eskatu nahi dugu.

Ildo horretatik ere, geure eskaera gauzatu bitartean, erlijio ikasgaien eta hauek duten alternatibaren kasuan ere, derrigorrezkoa ez izatea eskatu nahiko genuke, beraien eskaintza eskola bakoitzaren esku utziz. Eskaintzekotan ordea, astean saio bateko maiztasunez izatea eskatzen dugu, Autonomia Erkidego ezberdinetako hezkuntza araudietan dagoeneko onartuta dagoen antzera eta ez orain geurean dagoen bezala, bi saioetan.

Azken egunotan Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Asturiaseko Gobernuari erlijioko saio bakar bat ematearen inguruan. Ez hori bakarrik, Hezkuntza Ministerioak berak, hezkuntza eskumen zuzenak dituen erkidegoetan, saio bakarra ematen duela esaten baitu. Sententziak ondokoa dio, Ministerioaren 2014ko abenduko ministeritza aginduan, erlijioa saio bakar batean emateko arautu izanari buruz: “agindua, ikasgaiaren irakaskuntza zuzena izateko, denbora nahikoa dela berresteko elementua da”.

Hortaz, erlijio arloa guztiz desagerrarazteak, oraindik legediaren berme nahikorik ez duen arren, arloaren saio kopuruen murrizteak babes legal nahikoa dauka eta ez luke inongo ezegonkortasun juridikorik sortuko.

Nafarroako Ikastetxe publikoetako Zuzendaritzakideen Elkartea

Hezkuntza publikoa eta erlijioa

Hezkuntza publikoa eta erlijioa
* Irudiak zuzeuko erredakzioak
erlijioa, hezkuntza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude