Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa

Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa –

Hezkuntza lege honi ezezkoa esateko bildu gara gaur berriro ere. Legebiltzarrean akordio politiko bezala saldu dutena, akordio sozialik ez duela adierazteko. Ezin da hezkuntza lege bat egin publikako eragileei bizkarra emanez, hori ez da eskola publikoari protagonismoa ematea.

Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa

Gure balorazioan hiru atal nabarmenduko genituzke:

1.Legeak sistema publiko-pribatu duala blindatzen du:
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eufemismo bat baino ez da Hezkuntza sistema publiko-pribatua blindatzeko, titularitate publikoko eta pribatuko ikastetxeak berdintzen baititu. Lege proiektu honetan, pribatua publikoa da: bi sareei trataera berbera eman nahi diete.
Lege Proiektuak ez du eskola publikoa lehenesten. Eskola publikoa “protagonista” izan behar dela jasotzen duen arren, protagonismo hori ez da gauzatzen artikulatuan. Pribatuari diru gehiago emango diote, eta beraz, ez dakigu denak berdin jarraituko ote duen ala publikoak okerrera egingo duen .Gogora dezagun ez dagoela EAEn dugun egoera duen parekorik, sare pribatu handienetakoa dugula, alegia. Eta irakaskuntza pribatuari diru publiko gehien bideratzen dion lurraldeetako bat gara.
-Eskola publikoa lehenetsi beharrean (ikastetxe publikoak babestu, bere perimetroa zabaldu, itunpeko ikastetxeen presentzia murriztu…), Lege Aurreproiektuak merkatuaren logikan sartzen du Hezkuntza, eskari gutxi daukaten ikastetxeak (gehienak publikoak eta “ahulenak”) ixteko bidean jarriz. Ikastetxeen arteko lehia proposatzen dute, programa kontratuen bidez.
-Parte hartzea: Hezkuntza komunitateak garrantzi handia du, baina ikastetxe pribatuak titularraren (jabearen) esku egongo dira, eta publikoetan zuzendariek lehen baino pisu gehiago izatea nahi dute. Orain baino parte hartzeko aukera handiagorik ez, beraz.

2. Euskara maite dute, baina ez dute neurririk hartuko:
Nahiz eta lege-proiektuak jasotzen duen ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzean, B2 bat lortu behar dutela ez dugu uste hori posible denik ondorengo arrazoiengatik:
-Planteatzen den eleaniztasunak (beste lehen hizkuntza batzuk kontuan hartzen ez dituenak), hizkuntza horiek guztiak ikaskuntza-hizkuntza gisa erabiliz, ez du kontuan hartzen euskararen errealitatea eta hezkuntzan behar bezala ikasteko ahalik eta presentzia handiena izateko beharra.
Ez du planteatzen helburu hori lortzeko neurri berririk eta ez du proposatzen helburu hori benetan lortu dela bermatzen duen kanpo-ebaluaziorik.
– Ez du zehazten zer hizkuntza-eredu ezarriko den helburu hori lortzeko. Badakigu gaur egun murgiltze eredua dela helburu hori hobekien bermatzen duena. Gaur egungo hizkuntza-ereduek indarrean jarraitzen dute legean.
Murgiltze-eredua eskaintzen ez duten ikastetxeak ituntzen jarraituko da. Hartara, gaur gaurkoz indarrean dagoen Legea (Euskal Eskola Publikoaren Legea) anbizio handiagokoa da; izan ere, bere helburuetako bat ikasle guztiei, baldintza berdinetan, bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa bermatzea da.

3. Segregazioari aurre egiteko neurri hutsalak:
-Behingoz gure Hezkuntza sistemak duen segregazio arazo larria onartzen den arren, berau konpontzeko planteatzen diren neurriek eragin txikia izango dute (ikasle gutxi batzuk desplazatuko dira).
– Ez da neurri bat ere proposatzen oraingo ikastetxe getizatuei buelta emateko.
– Gure ustez, hauexek lirateke ikastetxe anitzak lortzeko neurriak: Eskola Publikoaren perimetroa zabaldu, itunpekoen eskaintza murriztu eta kontzertazioa ukatu eskaintza publikoa nahikoa den lekuetan.

Laburtuz, Lege-proiektu hau pribatizatzailea da, ez du euskalduntzea bermatzen eta ez du bukatuko segregazioarekin.

Euskal eskola publikoaren defentsan ari garenok, sistema justuago bat aldarrikatzen dugu, diru publikoaren erabilera zentzuzkoa eskatuz.

Horregatik, Legebiltzar honen erabakiaren zain, kalean eta ikastetxeetan Eskola Publikoaren protagonismoa aldarrikatzen jarraituko dugu, indarrak batuz. Helburu horrekin, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDEKO DEKALOGO hau osatu dugu. Hamar puntu hauetan laburbildu ditugu hezkuntza sistema hobetzeko eman beharko liratekeen urratsak.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDEKO DEKALOGOA

1. Eskola publikoa da hezkuntza sistemaren zerbitzu publikoa, hezkuntzaeskubidea guztiontzat bermatzen duen bakarra. Titulartasunak agintzen du zein den publikoa (guztiona) edo pribatua (erakunde pribatuena); titularitateak zehazten du ikastetxe batek zer egin dezakeen eta Hezkuntza Sailak noraino har dezakeen parte kudeaketan. Zeharo ezberdinak diren bi sareak berdindu nahi dituen Hezkuntza Zerbitzu Publiko izenekoaren sorrera pribatizatzailea izango da eta eskola publikoa arriskuan jarriko du.

2. Eskola publikoak berekin ditu ezaugarri hauek: unibertsala, euskalduna, inklusiboa, berdintzailea, parte hartzailea, anitza, konpentsatzailea, doakoa, laikoa… bi hitzetan, denona eta denontzat, erdigunean jarri eta zaindu behar duguna, eskola publikoa gure eskola baita, herriaren eskola. Lege berriak eskola publikoaren alde erabateko apustua egin behar du.

3. Eskola publikoak sistemaren ardatza izan eta lehentasun osoa behar du baliabideen aldetik, (planifikazioan, azpiegituretan, plantilletan eta aurrekontuetan). 0-18 urtera arteko eskaintza publikoa bermatu behar da auzo eta udalerri guztietan eta ez dira plaza pribaturik eskainiko, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean. Lege berriak norabide honetako planifikazioa egin behar du itunpeko gaineskaintzarekin amaituz.

4. Gure hezkuntza-sistemak duen arazorik larrienetakoa eskola-segregazioa da, segregazio sozio-ekonomikoa, klasismoa, alegia. Segregazioa hezkuntza sistemaren pribatizazioaren ondorio zuzena da, irakaskuntza pribatukontzertatuaren portzentaia eta ituntze maila erabatekoa egotearen ondorioa, bi sare egoteak segregazioa sortzen baitu. Lege berriak sare publiko bakar eta orekatuaren oinarriak jarri behar ditu.

5. Eskola bakarra nahi dugu, alegia, ez da publikoa ez den eskolarik finantzatuko diru publikoarekin. Lege berriak kontzertazioari amaiera eman behar dio era progresiboan.

6. Merkatutik kanpoko eskola behar dugu. Hezkuntza eskubide unibertsala sistema publikoak bete behar du, ez ikastetxeen nahiz sareen arteko lehiak. Eskarian oinarritutako eskaintzak, Programa-kontratuek, zuzendariak hautatzeko prozedurek eta beste hainbat proposamenek, lehiakortasunaren bidea hartuta, desberdintasunak areagotzera datoz.

7. Eskola bakar laikoa nahi dugu. Ezin da erlijio eta sinesmen guztiekiko errespetua izan, eskola-eremuaren laikotasuna gordetzen ez bada. Lege berriak laikotasuna bermatu behar du hezkuntza sistema osoan.

8. Familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea ezin da jarri gizarte osoaren kohesioaren gainetik. Ikasleen matrikula bulego independente eta bakarretan egin behar da, auzoetan eta herrietan, ikastetxeetatik kanpo. Elkarbizitza helburu, ume guztien matrikula orekatua nahi dugu, eta ez ikasle zaurgarrien banaketa estigmatizatua. Eskola publikoak ume guztiak nahi ditu. Lege berriak ikasleen onarpen araudia aldatu behar du eskola publikoaren mesedetan.

9. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu. Euskalduntzearen inguruan dagoen huts nagusia pribatu-kontzertatuan dago. Eskola publikoaren %90a D eredua da. Euskararen ezagutza eta etorkizuna sare publikoan jokatzen da. Eskola pribatua indartzeak D eredua ahultzea ekarriko du. Euskararen presentziak bermatuta izan behar du eskolako jarduera guztietan. Lege berriak murgiltze hizkuntz eredua orokortu eta hezkuntza-komunitate bakoitzari moldagarria behar du, itunak kenduz euskalduntzen ez duten proiektuei.

10. Pribatizazio dinamika eteteko Lege berriak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudia sortu behar du eta publifikazio dinamikak bultzatu. Eusko Jaurlaritza da egungo egoera diskriminatzailearen erantzulea, bere hezkuntza politikengatik, sare pribatuko ikastetxeei bere pribilejioak mantentzeagatik eta sare publikoarekiko erakutsitako utzikeriagatik. EJk ezin du hezkuntza eskubidea itunpeko ikastetxeetan subrogatu bere betebeharra baita eskaintza publiko kalitatezkoa ematea herritar guztiei. Berari dagokio, beraz, eta Hezkuntza Akordioa sinatu duten indar politikoei ere, hezkuntza sistema bidezkoa eta berdintzailea eraikitzea.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA
Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko, Lasarte-Oriako, Aiztondoko eta Urola kostaldeko plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STELAS, CCOO Irakaskuntza, ESK

Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa Hezkuntza Lege berriaren aurrean Euskal Eskola Publikoaren dekalogoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude