Hezkuntza akordioaz, Bildarratz Sailburuari

Hezkuntza akordioaz, Bildarratz Sailburuari –

Hezkuntza Akordio bat gertu dagoela gero eta sarriago entzuten ari garen honetan, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko hainbat plataformetan, harridura handiz hartu ditugu Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak aurtengo ikasturtearen irekiera ofizialean egindako adierazpenak. Bertan, bere Sailak aurreikusten duen helburua Hezkuntza Itun baten alde lan egitea da Hezkuntza Lege Berria onartu aurreko urrats gisa eta horrek kezkatzen gaitu. Izan ere, Bildarratzek esan duenez, balizko Itun horren oinarria aurreko sailburua zen Cristina Uriartek 2018an sinatu zuen “Akordioa” izango bailitzateke. Oraingoan, Eusko Ikaskuntzak egingo du prozesua, eta datozen 30 urteetan euskal eskolak beharko lukeen izaera zehazteko akordio zabal bat lortzea du helburu.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu gure desadostasuna abian jarri nahi den prozesu berriaren oinarria izango den dokumentu horrekin, erabili zen prozeduragatik eta edukiengatik (Jaurlaritzak berak erabaki zituen gaiak eta parte-hartzaileak, eta eztabaida bideratua eta mugatua izan zen) sare publikoko eragile guztiok bere garaian arbuiatu zutena.  

Horrez gain, gure kezkak eta zalantzak plazaratu nahiko genituzke entzuten ari garen balizko eta, antza,  gertu dagoen hezkuntza akordioaren inguruan:

  • Hasteko, Sailburuak argitu egin behar du prozesua (denborak, parte-hartzaileak, edukiak…). Planteatzen dena azkarregia da. Ezinezkoa da urtebete batean egitea 30 urte iraungo duen akordio bat. 
  • Akordio politikoa egon daiteke baina beharrezkoa dena, hezkuntza hitzarmen sozial eta zabal bat da, benetako prozesu parte-hartzaile demokratikoa egin, eta horrek denbora eskatzen du. 2018ko “Desakordioak” ez du balio.
  • Harritzen gaitu Eusko Jaurlaritzak ez duela oraindik  sistemaren aurretiko diagnostikorik egin bere indarguneak eta ahuldadeak zehazteko, edozein hobekuntza planak eskatzen duen bezala. 
  • Bildarratz sailburuak eskola-segregazioa dagoenik aipatu gabe jarraitzen du, euskal hezkuntza-sistemaren arazorik larriena. Halaber, ez du birplanteatzen azken hamarkadetan zehar, Eskola Publikoaren kaltetan, itunpeko hezkuntzaren hazkundea sendotzen ari den finantzaketa-eredua berrikusteko beharrik. 

Horrelako prozesu azkar batek, diagnostikorik, helburu zehatzik eta funtsezko edukirik gabe, ez du ezer aldatuko; orain daukaguna indartu baino ez du egingo. Hortik atera daitekeen balizko Hezkuntza Legea eskola publikoaren kalterako eta irakaskuntza kontzertatuaren mesederako baino ezin da izan. Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordio/legerik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino, sistema inklusibo, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena.

 Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari, denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola-segregazioaren kontra konpromiso argia azaltzea eskatu nahi diogu.

.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARROko
Euskal eskola publikoaren aldeko Gasteizko, Zabaleko bizirik (Amurrio), Oarsoaldeko eta Santurtziko Plataformak

Hezkuntza akordioaz, Bildarratz Sailburuari

3 pentsamendu “Hezkuntza akordioaz, Bildarratz Sailburuari”-ri buruz

  • Ikastolaz harro 2021-10-04 17:50

    Satorrak nonahi

  • Zer dakit nik Hezkuntza Akordioaz? Deus ez egia essteko. Baina idatzi honetan aipatzen duzuena, Euskal hezkuntzako arazorik larriena segregazioa omen dela ez dezaket inola ere onartu, zeren lehen lehena da ez dela Euskal Hezkuntza, euskara jakinik gabe ateratzen baitira bertatik. Izenean datorrena gezurra bada, zuek esanen didazue zertarako duzuen Euskal Hezkuntza? Zertarako, gazte erdaldunak eta espainiako kulturan bete-betean txetaturik ateratzeko?

  • Zer esan duzue bi gauza hauetaz? Alde batetik Espainiako kultruan blai, eta bestetik, erdaraz ederki eta euskaraz oso gaiki. Nik behintzat ez dizuet deus entzun. Bildarratz ez dut defendatuko baina “harroak” ere ez. Gehiago oraindik, noiz hasi behar duzue euskara eta euskal kulturaren aldeko aldarria egiten? Noiznahi duzue garaia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude