Herriko hauteskundeen inguruan hiru gogoeta

Herriko hauteskundeen inguruan hiru gogoeta –

Herriko bozen lehen itzulia iragan da, bigarrenarentzat koronabirusak lekuak utzi ditzan idurikatu beharko. Iparraldeko 158 herrietarik 142k datozen sei urteetarako zein arduradun nahi duten erabaki dute lehen itzulitik. Hara emaitza horien balorapen bat abertzale ikuspuntutik.

Herriko hauteskundeen inguruan hiru gogoeta

Herriko hauteskundeen lehen itzulia iragan berri zaigu. Bi Estatuek “gainetik” inposatzen diguten ukazioaren aitzinean, mugimendu abertzaleak Euskal Herriko errealitatea “beheretik gora” eraldatu nahi duelako, herriko hauteskundeek lehen mailako hitzordua osatzen dute abertzaleentzat. Iragan berri den hitzordu hortaz hiru gogoeta partekatu nahi nituzke hemen.

Lehena, hauteskunde horien antolaketari begirako gogoeta. Koronobirusaren krisiaren testuinguruan, frantses gobernuak hauteskunde horien lehen itzulia antolatu izana erabaki lotsagarria da. Ezin zaie herritarrei etxean egoitea eskatu, eta aldi berean, miloika jendeen mugitzea eta elgarretaratzea suposatzen duen ekimen politiko nagusi bat mantendu. Maleruski, erabaki horrek politikaren esparru bat herritarren egiazko beharretatik deskonektatua dela erakusten du behin eta berriz.

Abertzaleen aitzinamendua

Bigarren gogoeta: zerrenda abertzale eta ezkertiarrek lortu duten emaitzen ingurukoa. Aitzineko gogoeta egin eta, lehenik eta behin, lehen itzuliaren emaitzak prekauzio handiz aztertu behar direla aitortu behar da. Korobirusaren krisiarengatik parte-hartzea frango baldintzatua izan da. Agian egiazko emaitzak baino, ditugun datu elektoralak joera batzuk seinalatzen dizkigute. Gauzak hórrela kokatuz, dudarik gabe, ezkerreko mugimenduarentzat, lehen itzuliak joera oso baikorrak agerian eman ditu. Salbuespenak salbu emaitza oso onak lortu baititugu. Hiru kategoria ezberdindu daitezke.

Lehena: herri ttipiak, zeintzuetan abertzaleak diren hautetsi eta auzapez ainitz hautatuak izan diren.

Bigarrena : mila biztanletik gorako hiri ertainak. Horietan eratu diren zerrenda abertzale eta ezkerritiarrek emaitza ikaragarri onak lortzen dituzte. Hainbat tokitan, %40a gaindituz, poderea eskuratzeko sinesgarritasuna erakusten du ezkerreko abertzaletasunak.

Eta azkenik hiri handiak. Hiruburun auzapez abertzaleak bere kargua berresten du nihundiko arazorik gabe. Hendaian eta Donibane Lohitzunen %15a gainditzen dugu. Miarritzen eta Baionan %10a gainditzen duen emaitza egonkortzen dugu, ez dena behar bada espero zena, baina halere, perspektiba luze batetik, urrats bat aitzina – ttikia bada ere – egiten dugu.

Emaitza on horiek bi faktorei esker esplikatzen ahal ditugu.

Lehena: Ipar Euskal Herrian azken urteetan ezagutu ditugun aitzinamenduak. Horien artean, Herri Elkargoaren sorrera, euskara eta euskal kulturaren inguruan dagoen dinamika, gatazka armatuaren konponbidean eman diren pausoak, hainbat arloetan egiten ari den lana (laborantza, ekologia, euskoa bezalako alternatibak…) etab. Abertzaletasunaren eragina ikusgarriagoa eta ulergarriagoa izaiten ari da jendarte sektore zabalendako.

Bigarren faktorea: abertzaleek herri mailan egiten duten lana, hastapenean aipatzen nuen “beheretik gora”ko ariketaren oinarrian dagoena.

Baionako egoera

Hirugarren gogoeta hauteskunde hauen bigarren itzuliari buruz kokatu nahi nuke. Hainbat herrietan erronka handia dugu (Ziburun, Urrunan, Uztaritzen,…), baina egoerak argiak dira.

Nahasiagoa den egoera bat azpimarratu nahi nuke hemen: Baionako egoera. Baiona Berde eta Elkarkidea plataformak Henri Etchetorekin elgarrizketak burutzea erabaki du, harekin ezkerreko hiru zerrendak bateratzeko akordio bat lotzen entseatzeko.

Iniziatiba horrek kezkatzen nau, Herri Elkargoaren konfigurazioan Baionan gertatu daitekeenak Iparralde osoan eragina izanen duelako.

Lehenago azpimarratu bezala, egia da Iparraldean azken urteetan aitzinamenduak lortu ditugula. Baina zenbaitzuk ongi finkatzekoak ditugu oraindik, eta beste hainbatzuk irabaztekoak!

Perspektiba horri begira, Henri Etcheto frantses jakobino integrista dugu, eta lehen lerroko aurkaria. Guretzat funtsezkoak diren gaietan kontrako jarrerak hartu izan ditu sistematikoki: Herri Elkargoaren kontra, gatazkaren konponbidearen kontra, euskara eta ikastolen kontra…

Dauden lehen itzuliko emaitzen arabera, Henri Etxetorekin akordio baten lortzeak bera Baionako auzapeza bilakatzea erran nahiko luke.

Bera bezalako Euskal Herriaren aurkari amorratua Baionako auzapeza bilakatzea ezkerreko abertzaleen sustenguarekin ezin ulertuzkoa eta ezin onartuzkoa litzateke nere iduriko.

Beraz, iragan diren hauteskundei begira abertzaleak pozik izaiteko arrazoinak baditugu, baina, jendartean bizi dugun egoerarengatik, eta Iparraldean oraindik jorratzekoa dugun ibilbidearengatik zuhurtziaz eta erantzunkizunez jokatzeko motiboak ere gogoan atxiki behar ditugu.

Xabi Larralde

Herriko hauteskundeen inguruan hiru gogoeta
Herriko hauteskundeen inguruan hiru gogoeta

Ekonomia irakaslea. Sortuko bozeramailea.

2 pentsamendu “Herriko hauteskundeen inguruan hiru gogoeta”-ri buruz