Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz

Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz –

Hauteskunde kapitulu luzea bururatuko da igande arratsean Zuberoa, Baxe Nabarre eta Lapurdin. Lapurdin bereziki, zehatza izateko. Martxoaren 15an Ipar Euskal Herriko herri guzietan bozkatu zuten herriko kontseiluaren osatzeko eta ordutik 142 herrik jadanik auzapeza hautatu dute. 18 herritan bigarren itzulia antolatu da ekainaren 28 honetan. Lau zerrenda izanen dira Biarritzen, Azkainen eta Ziburun. Hiru zerrenda Uztaritzen, Itsasun, Urruñan, Urketan, Bidaxunen eta Maulen. Bi zerrenda Baionan, Hendaian, Senperen eta Bokalen. Beste sistema bat da 1000 biztanle baino gutiagoko herrietan: kontseilari batzuk oraindik hautatzekoak dira Alduden, Amenduzen, Landibarren, Larrainen eta Bildozen.

Beha dezagun zein diren bigarren itzuliko galdera nagusiak.

Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz
Arg: Guillaume Fauveau (NAIZ)

 

Jendea bozkatzera joanen da?

Lehen itzulia giro berezian iragan zen, pandemiari buru egiteko erabaki itxialdiaren bezperan eta horren ondorio zuzena izan zen abstentzioa handia. Emaitzen zuzentasuna dudan emateko modukoa herri batzuetan, hautesleen erdia baino gehiago ez baitzen bozkatzera joan, hiru probintzien kasuan bereziki hiri handietan. Aipa daitezke Baiona (parte hartzea %39) Biarritz (%40) edo Kanbo (%48). Abstentzioa ezin zaio osoki osasun testuinguruari egotzi, aitzinetik ere emendatze bat aurreikusten baitzen hexagonoan eta hiri gotor horiek estatuko joera segitu ohi dute, herri txikiek baino gehiago segurik. Neurriak malgutuz joan diren garai honetan, parte hartze handiagoa izanen da dudarik gabe eta hor dute hautagai frankok hobetzeko erreserba ikusten. Erran nahi du ere, lehen itzulitik landa egin diren matematikak ez direla hain fidagarriak eta igande arratsean sorpresak izan daitezkeela.

 

Bozka anti-abertzalea: errealitatea ala asmakeria?

Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz
Eneko Aldana

Lehen itzuliaren ondotik hautagaitza abertzaleen emaitza onak azpimarratu ziren, ezkerreko alternatibaren aitzindari agertu baitziren herri esanguratsu batzuetan. Abertzaleek gidaturiko zerrendak irabazteko aukera handiekin dira Ziburun (Eneko Aldana), Urruñan (Filipe Aramendi) eta errepikatzekotan Uztaritzen (Bruno Carrère). Halaber, lehen indarretik hurbil sailkatu ziren Itsasun. Hautagai baten alde baino, abertzaleen kontra bozkatzera joanen ote dira batzuk? Batzuk bai, bainan zenbat? Hautagai batzuk entseatu dira argumentu horren erabiltzera: «fronte errepublikarra» ez osatu izanaz triste agertu da Isabelle Dubarbier-Gorostidi, Ziburun. Fronte Errepublikar frantsesa, alabainan. Baina horretaz bestalde ez da abertzaleen kontrako printzipiozko hesirik eratzeko deirik egin, ez publikoki behintzat. Aurreko hauteskundeek erakutsia dute EHBaikoek ez dutela jendea izutzen, eta bigarren itzulietan (departamenduko, legebiltzarreko edo herriko bozetan) bozkazale aurrerakoien zenbakiak batzen dituztela.

 

Aliantza berriek funtzionatuko ote dute?

Bi itzuliko hauteskundeen berezitasuna aliantzen egiteko aukera da eta sail horretan mugimendu interesgarriak izan dira. Biarritzen Guillaume Baruq zentristak, martxoan bigarren egin zuenak bere taldean sartu ditu Biarritzen Berde eta Elkarkide zerrenda abertzale-berdekoak; espektro politiko zabal bat estaltzen du ekologia gaietan oinarrituz programa. Komunikazio dinamikoa eta itxura gaztea duen taldearen emaitzak hurbiletik begiratzekoak dira, historia hurbilean elkartze zabalak saritu dituen hirian. Biarritzen beti beste aliantza bat izan da, Jean Benoit Saint-Criq kontserbadorearen zerrendan sartu baitira Michel Veunac auzapez Macron-zalearen zerrendakide batzuk. Bosgarren eta seigarren zerrenden batzea, lehen itzuliko galtzaileena baino gehiago izanen ote da?

Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz
Guillaume Barucqen taldea

Talde abertzaleak beste zerrenda aurrerakoietan sartu dira, irabazteko aukera handiekin Senperen Dominique Idiart oposizioko hautetsiarekin, eta aitzineko kargualdian bezala Hendaian Kotte Ezenarro sozialistarekin.

Ezkerreko zerrenda bateratua osatu dute Bokalen Dominique Lavigne eta Marie-Ange Thébaud ekologistak Francis Gonzalez auzapezaren kanpo ezartzeko.

 

Nola banatuko dira abertzaleen bozak Baionan?

Lapurdiko hiriburuaren kasua da mintzagai gehien eman duena. Eta bereziki Baiona Berde eta Elkarkidea zerrenda abertzale-berde-ezkertiarraren hautuari dagokionez. %13ko emaitza eskasaren ondotik abertaleei proposatuak zitzaizkien aukera guziak txarrak zirela. Ezkerreko hiru alderdiak Henri Etxeto sozialistaren inguruan elkartzeko proposamena doi doietarik baztertu da. Bihar Baiona zerrenda herritar euskaltzalearekin elkartzea onartu zuten bainan haiek Etxetorekin nahiago, eta beraz BVS lehiatik atera da. Alde batetik beraz Jean René Etxegarairen zerrenda nagusiki eskuindarra baina ekintzetan ipar euskal herriaren ezagupenaren, ETAren armagabetzearen eta etorkinei harrera egitearen alde engaiatu den buru batekin; eta bestetik abertzaleekin hiri eta gizarte proiektu hurbila duen taldea baina Euskal Herria eta Euskara hunkitzen duten gaietan beti hotz edo gutxienez epel agertu den auzapezgaia. Aukera guztiak ziren txarrak Baionako abertzaleentzat eta azkenean geldituko dira herriko etxean ordezkaritzari gabe. Aukera txarren artean txarrena ote zen bakoitzak neurtuko du.


Bi hautagai gazteri egindako elkarrizketa Euskal Irratietan, lehen aldikoz aurkezten direnak. Etxetoren zerrendako Iker Etxepare eta Etxegarairen zerrendako Joseba Erremundegi.

Entzun hemen


 

Lehendakari berria Elkargoan?

Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitzBigarren itzuliak «hirugarren itzuliari» lekua utziko dio, hots, Euskal Hirigune Elkargoko batailari. 158 herriek (Jestaze eta Eskiula kanpo dira) ordezkari berbera igortzen dute eta gainerakoek biztanle kopuruaren arabera. Igandean erabakitzekoak dira hiri handienetarik batzuk, hots, ordezkari anitz, eta horrek kolore politikoa aldatzen ahal dio Elkargoko kontseiluari. Jean René Etxegarai instituzio horren lehen lehendakaria izan da, indar politiko eta eskualdeen ordezkaritzen arteko hautsi-mautsi baten buru. Etxegaraik Baionan galtzen badu zer ? Irabazten baldin badu lehendakari izaten segituko ote du? Indar politikoen arteko lehiarik izanen ote den galdetzen ahal da ere. Eskualdeko ordezkaritzak bermatuak izanen direla badakigu baina, lehendakariaren hautaketak pisu politiko eta sinboliko handia du. EHBai alderdiak agertarazia du lehendakarigai baten proposatzea aztertzen duela. Panorama gainbegiratuz alderdi sozialistaren eta Berdeen inguruko jendea konbentzitu behar lukete. Eskuinak hiri handi batzuk lehen itzulitik hartu ditu: Donibane Lohizune eta Angelu adibidez, igandean gehiago izan daitezke.

Barnealdeko hautetsi franko dira afiliazio politiko jakinik gabekoak, horiek zer lehenetsiko dute?

Galdera parrasta bat beraz, batzuek erantzuna izanen dute igande gauean. Desafio handiak izanen dituzte hautatutakoek: klima, ekonomia, hizkuntza, bakegintza, laborantza, etorkinak, arlo soziala… Hauteskunde fase luze hau bukatzeko garaia da, udatik landa instituzio panorama argiago ikusteko Lapurdin, Zuberoan eta Baxe Nabarren.

Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz
Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz
Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz
Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz

Kazetaria Euskal Irratiak sarean

Zer duzu buruan “Herriko Bozen bigarren itzulia: segurtamen gutxi eta galdera anitz”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-06-26 10:41

    “Baiona Lapurdiko hirinausi” erraitea bi aldiz erratzea da.
    Izan ere 1789 edo 1790tik Lapurdi eta bere Biltzarra ez dira gehiago existitzen biak Frantziarrek suntsitu zituztelako.
    Gainera Baiona ez zen sekulan Lapurdin izan bai ordea bere arerioa.
    Erran daiteke data beretik Lapurdin behintzat hauteskundeak edo bozketak ez direla gehiago libreak.
    Lehendakari edo (erkide) autonomo bezalako hitzak Hegoaldean erabiltzea piskat enfatikoak egiten baldinbazaizkit batzuetan, gure aldean “elkargo” eta “lehendakari” hitzak erabiltzea erridikulua zait edo iruzurra. Errealitatean biak frantses peto petoak dira eta.
    Egunen batean bizirauteko suerte inprobablea badugu, gauza horiek ulertuko ditugu eta Euskal Herrian hauteskundeak boikotatu beharko ditugu.