Herrialde bat, ereserki bat

Herrialde bat, ereserki bat –

Duela hiru urte, zehazki, Ezker Abertzaleko 55 kide ezagunek manifestu bat argitaratu genuen. Bertan, gure herriko ehunka musikarik eta kultur eragilek babes osoa eman genion ekimen honi: Gernikako Arbola-ren lehen ahapaldia berriz izatea zazpi lurraldeetako ereserki nazionala. Eragile horien ondoren, hainbat manifestuk ildo beretik jo dute. Sinatzaileen ideologia desberdinek agerian utzi dute adostasun handia lortu dela jende desberdinen artean.

Herrialde bat, ereserki bat
“Gernikako arbola”. Nestor Basterretxea. Arg: San Telmo museoa.

Bere garaian, ekimen hori txalotu genuen, saiatzen zelako pitxer hautsia berregiten (Telesforo Monzonen hitzetan), herrialdea egiten, batzen eta hura munduko herri guztiek daukatenaz hornitzen: elkarrekin abesteko eta askatasun nahiak adierazteko ereserki bat. Gernikako Arbola-k, 170 urte hauetan, gogo horiek irudikatu ditu. Batzuek foralismoa ikusi dute abesti horretan; beste batzuek, berriz, elkartasun internazionalista eta laikotasuna; azkenik, bestek independentismoa. Karlismoa eta liberalismoa izan ziren Gernikako doinua kantatzen lehenak. Luze gabe, errepublikarrak eta ezkertiarrak batu ziren, hala sozialistak nola anarkistak (Meabe, Indalecio Prieto, Dolores Ibarruri, Chiapuso). Sabinoren bizkaitarren ereserkia ere izan zen, eta horrela iritsi zen Ezker Abertzale modernoaren lehen belaunaldietara (Krutwig, Etxebarrieta, Jarrai).

Proposamena bultzatu zuten eragileek zioten bezala, euskarazko testu, doinu edo euskal ereserki batek ere ez du lortu Gernikako Arbola-ren zeharkakotasunik, epikarik, lurralde osoko presentziarik edo nazioarteko proiekziorik. Hasi foru gerretan eta buka Gernikaren suntsipenean eta diasporan, ereserkia presente egon da gure herriaren une historiko eta aldarrikatzaile guztietan. Duela 130 urte, Donostiak sarraski bat jasan zuen, sei hildako, kantatzeagatik; “Gerla Handia” delakoan, Ipar Euskal Herrikoek beren odola isuri zuten Europan,  l’hymne national basque ahotan zerabiltela; Eibarko langileek haren doinuaz eman zioten ongi etorria Errepublikari, eta euskal diputatuek Espainiako Kongresuan abestu zuten Fronte Popularra aldarrikatu zenean. Franco hilda, Espainiako agintariek debekatu egin zuten Iparragirreren zortzikoa Euzkadi-Irlanda lehen futbol partidan ereserki ofiziala izatea, 1979an.

Gainerakoak ezagunak ditugu: hiru autonomia-erkidegotan banatutako herrialdea; bi ereserki eta bi bandera. “Euskadi” toponimoa, esklusiboki hiru probintzietara mugatu dena, eta are, “Euskadi” kontzeptua ere, herrialdearen zati murriztu horri bakarrik aplikatzen zaio. Trantsizioan inposatu ziguten administrazio- eta lurralde-banaketa herrialdea banatuz joan da, eta frankismoan zegoen “euskal-nafar” elkartegintza ere desagertu egin da. Trantsizioak, euskal herritarren arteko hainbeste lokarriren etengarri, Gernikako Arbola ere zokoratu zuen.

Iparragirreren zortzikoaz gain, Euskal Herriak baditu beste kantu-ereserki eder batzuk, zenbaitetan elkartu eta beste batzuetan zatitu egiten gaituztenak. Ezagunenak, autonomien ereserkiez gain, Agur Jaunak, Jeilki-jeilki, Txoriak txori, Ikusi mendizaleak eta, Ezker Abertzalearen espazioetan, Eusko gudariak edo Txikia dira. Iparraldean, dozenaka daude.

Guztiek merezi dute errespetua interpretatzen diren edozein esparrutan. Izan ekitaldi ofizial, ehorzketa, manifestazio alderdikoi bat, izan futbol-partida bat, edozeinek dei gaitzake klub, joera politiko edo autonomia-erkidego bateko kide izatearen sentimendu komunak kantatzera eta horiek gogora ekartzera.

Baina besterik dira gauzak ereserki nazional historiko, epiko eta musikal bat berreskuratzeaz ari garenean, euskal herritar, ezkertiar eta eskuindarren belaunaldi ugarik ahotan hartu dutena: autonomistak eta subiranistak, espainiarrak, frantsesak edo independentistak. Nor bere zoroak bizi baitu, Patxi Larraintzar gogoratuak esango ligukeen bezala, Katalunian edo munduko edozein naziotan gertatzen den bezala. Ereserki nazional batek, lurralde, hizkuntza, bandera batek bezala, adostasun handia eskatzen du, eta bestela, porrot egingo du.

Larunbat honetan, “Nazio bat gara” goiburupean, Euskal Herria Bilduk Bilbora kantatzera deitu gaitu. Ez dugu hutsik egingo eta gustura kantatuko dugu gure aberkide, lagun eta kideekin. Egun batzuk geroago, hilaren 26an, igandea, Urretxuko alkateak eta hainbat kultur erakundek deia zabaldu dute Euskal Herri osoko alkateak, parlamentariak, elkarteak, intelektualak eta, oro har, herritarrak biltzeko, eta gure ereserkiak (forala, nazionala, libertarioa, independentista, internazionalista, edo bakoitzak sentitzen duena) 170 urte bete dituela ospatzeko. Gure Historiak eman digun sinbolo bateratzaile ederrenetako bat berreskuratu behar baitugu. Han egongo gara eta han espero zaituztegu.

ADOLFO ARAIZ. Nafarroako parlamentaria

ITZIAR AIZPURUA. Diputatu ohia

JOSEBA ASIRON. Iruñeko Alkate ohia. Zinegotzia

LAURA MINTEGI. EAEko parlamentari ohia

IÑAKI RUIZ DE PINEDO. Arabako Diputatua

Herrialde bat, ereserki bat Herrialde bat, ereserki bat Herrialde bat, ereserki bat Herrialde bat, ereserki bat

Foru Parlamentaria, EH Bildu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude