Herria herritarrena ote?

Herria herritarrena ote? –

Azken hamarkada hauetan gure hiri eta herri-inguruetan, baita errepide-lotune garrantzitsuetatik hurbil ezartzen diren saltoki handiak, parke komertzialak, edo nahi duzuen bezala izendatutako denda-gune erraldoi horiek, irekitzen ari dira etengabe. Hau dela eta, orain arte herri eta hiri barneko denda txiki edo ertainetan egiten ziren erosketa, asko eta asko, beste toki horietan egiten dira, herriko dendarientzat beren bizi guztiko ogibidea kaltegarri bihurtuz. Horrela, dendak ixtea baino beste biderik ez dute, eta ondorioz honako hau ikusten dugu atarian, “salgai”.

Herria herritarrena ote?

Honen lehenengo irakurketak, dendari baten edo besteren porrot ekonomiko baten ikustera eramaten gaitu, baina irakurketa sakonagoa eginez, ondorioak askoz latzagoak dira eta herri eta hiri egituran, nahiz bertako bizimoduan isla kezkagarria dauka.

Ixten diren denda hauek -bertan beste zerbait irekitzen ez bada-  laster zikin, zabar eta itxura txarra hartzen dute. Lehen dendako argien bidez inguruak ongi argiztatuta zeuden bazterrak , gero iluntasuna da nagusi, hau da, lehen bizitzaren  seinalea zena, utzikeriaren aurpegi bihurtzen da.

Bestalde, herriaren bizitzari dagokionez, aldaketa nabariak gertatzen dira.  Betidanik herritarren arteko, lagunekin edo aisialdia gozatzeko toki egokia izandakoa -ostatua ez bada- ilun eta hutsa egoten da.

Zer esanik ez, herriko denda txiki edo ertainak, auzotarrek elkar ikusteko eta solas egiteko tokian ziren, bertan inguruko berriak zabaltzeko balio izandakoa desagertzean, herriko bizitza ahultzen eta hiritarren arteko harremanak urriagoak egiten dira.

Esandako guzti horrekin batera, beste zenbait faktore hartu behar da kontuan. Hiper horien gehienen  jabetasuna talde transnazional batena edo bestena da, horrek dakarren  guztiarekin. Sortzen dituzten lanpostu gehienak ezegonkorrak dira, eta denda txikietan, sufrikario nabariekin mantendutako  lan egonkorrak, deuseztatzen dituzte.

Nik uste, herri gehienetan horrelako egoera nahiko ezaguna dugula eta ez diot konponbide samurrik ikusten. Gehien ezagutzen dudan lurralde hauetan -Nafarroako mendia- ez dago salbuespenik, Baztanen bertan, 38 komertzio baino gehiago itxi dira, azken hamar urte hauetan. Bada zerbait.

Ibilgailu pribatuen erabilera areagotzen dute, beraz, trafikoa, poluzioa eta arriskuak handiagoak dira. Eta abar, eta abar. Hau dela eta ikusitako ondorio kezkagarriei aurre egiteko, -aspalditik- Europako zenbait tokitan, lehenagoko eredura itzultzeko, erabakiak hartzen ari dira. Ohizko dendak berreskuratzeko eta suspertzeko, eta bide  batez, “ herria herritarrentzat berreskuratzeko”. Bere herriko kaleak eta plazak herritarrentzat elkargune argi eta biziak “berriro” izan daitezen.

Lan honi bukaera emateko garrantzi handiko beste faktore bat aipatu nahi dut. Denda txiki independenteak ezabatzerakoan, saltoki handietako monopolioak suspertzen dira, honela bertako produktuek, gure baserritako barazkiek edo bertako lantegietan egindako produktuak, ez dute lekurik eta ondorioak bistan daude.

Gainera, monopolio horiek prezioak finkatzen dituzte eta askotan, horietako asko dira,  Hirugarren Munduko egoera negargarriengatik eta bertako langileen esplotazioarengatik. Beraz, saltoki-gune edo hipermerkatu handiak, biztanleria oso sakabanaturik edo populazio dentsitate txikia duten lurraldeetan bakarrik justifika daitezke.

Ez dut baztertzen, turismo-eremuetan, populazio-gorabehera handiak izaten dituztenean -uda garaian- erantzun beharra. Baina Euskal Herriko Hegoaldean, hain beharrean gaude?

Nire ustez, gure hiri-inguruetako hipermerkatu eta merkatu azalera handiak, bai hiri zein metropolien barrukoak ugaritzea baimentzen duen politika “sobera esku zabala”, berraztertzea beharrezkoa da.

Badakit berandu dela hainbeste urtez gaizki egindakoa zuzentzeko, baina gaur ikus-entzuten dugun “zurikeria” ez da onargarria, lotsagarria  baizik.

Herria herritarrena ote?
Herria herritarrena ote?
Herria herritarrena ote?

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.