Euskaltzaleen Mugimendu berritura bidean

Euskaltzaleen Mugimendu berritura bidean –

Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan urtarrilaren 31n burutuko den Topaldia jardunaldian, gogoeta eta hausnarketa bultzatu nahi ditu Euskaltzaleen Topaguneak. XVI. edizioan, Euskaraldiak Euskaltzaleen Mugimenduari ekarritako abagune berria hartu nahi da mintzagai. Izan ere, hiru hamarkada luzez, eta tokian toki nahiz nazio mailan, euskararen erabilera bultzatzeko Mugimendu Euskaltzaleak egindako lan eskerga eta gero, 2018. urtean, euskararen erabileraren gaia, hamaika egunez bederen, plazaren erdian jartzea lortu da Euskaraldiaren bidez. Euskaraldiaren lehen edizioan 220.000 herritarrek parte hartu dute zuzenean, ariketa soziala masibo bihurtzeraino. Aldaketa kualitatiboak ere eragin ditu, norbanakoen eremuan eta maila sozialean, pausu txiki eta handiak eraginez, aldi berean.

Euskaltzaleen Mugimendu berritura bideanTopaldian, baina, emaitza horiek lortzeko oinarri oinarrian egon den antolakuntza eredua eta Mugimendua indartzeko dagoen abagunea hartuko da hizpide. Izan ere, autoeraketaren bidetik, 400 herri baino gehiagotan sortutako Batzordeen indartzeari eta egonkortzeari begira dauden erronken eta arriskuen inguruan hausnartu nahi da. Era berean, erakundeekin eta euskalgintzako beste eragileekin jorratutako elkarlanaz gogoeta egin eta sakontzeko baliatu nahi da Topaldia.

Egitarauari dagokionez, Topaldia hasteko Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari den Jasone Mendizabalek egoera berriaren eta etorkizuneko erronken inguruko irakurketa egingo du. Segidan, Mondragon Unibertsitateko ikertzaile den Jon Sarasua, autoeraketaz arituko da, 2013. urtean argitaratu zuen “Hiztunpolisa” saiakera, nolabait, eguneratuz. Arabako Gorbeialdeko euskara teknikari den, Manex Agirre berriz, eragileen arteko elkarlanaz jardungo da. Ondoren, Erabil kolektiboko kide den Eneko Gorri, Ipar Euskal Herrian euskararen erabileraren aferak duen garrantziaz arituko da. Goizari amaiera emateko, lantaldeka eta goizean zehar jasotako edukiak oinarri, tokian toki autoeraketa eta elkarlana garatzeko beharraz eta aukerez jardungo dira partaideak.

Bazkal ondoren, EHUko irakasle den, Mari Luz Estebanek, Mugimendu Feministaren bilakaera, kezka eta erronkak aletuko ditu, Mugimendu Euskaltzalearentzat eraldaketarako ispilu izan daitekeelakoan. Topaldiarekin amaitzeko, Euskaltzaleen Topaguneko presidente den Elena Lakak eta Rita Aldabaldetreku teknikariak, taldekako ekarpen lanaren lehen ondorioak aurkeztuko dituzte eta aurrera begirako proposamenaren berri emango dute.

Topaldia barne gogoeta eta elikadura tresna izateaz gain, bestelako eragile zein norbanakoekin elkartrukea bideratzeko espazioa eskaintzen du. Euskaltzalen Topagunetik gonbidapena luzatzen dugu jardunaldian interesa duen euskaltzale oro, www.topagunea.eus/topaldia web orriaren bidez, izena eman eta bertaratzeko.

Euskaltzaleen Mugimendu berritura bidean Euskaltzaleen Mugimendu berritura bidean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude