Herri preso bateko bozak

Herri preso bateko bozak –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Herriko bozen bigarren itzuliaren ondoko egunetan kalapita aski bitxia sortu zen abertzaleen artean. Eztabaidaren epizentroa Baionan zegoen, baina ez zen Baionakoa bakarrik. Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta militante abertzale historikoak iragarri zuen gogoetatzen ari zela Euskal Elkargoko lehendakari kargura aurkezteari buruz. Sekulakoak entzun eta irakurri behar izan zituen, beste abertzale batzuen ahotik edo lumatik. Eta Alain Iriarten aldekoek ere erantzun zuten (artetik errateko, eztabaida horiek guztiak frantses ederrean izan dira; Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen hizkuntza nagusiak frantsesa izaten segitzen du 2020an!). Ororen buru, bazterrak lasaitu ziren, Alain Iriartek bere burua ez aurkeztea erabaki zuelako eta EH Bai-k Jean-Rene Etxegarai sostengatuko zuela iragarri zuelako. Euskal Elkargoari buruzko apustu eta hautu taktikoez harago, eztabaida honen gibelean zegoen abertzaleek nola jokatu frantses ezkerrarekin edo zentro-eskuinarekin.

Herri preso bateko bozak

Baionan, batzuek begi txarrez ikusi dute abertzaleek ez laguntzea ezkerra irabazten. Ezker hori jakobinoa izanik ere. Maulen auzapez euskaldun eta euskaltzalea kanporatu dute, abertzaleen laguntzarekin. Hauteskunde gauean “La Marseillaise” kantatu zuten Mauleko plazan. Abertzaleek giltza badute, orain, norbait auzapez karguan uzteko edo hortik kentzeko. Egiten dituzten akordioen arabera, auzapez bihurtzeko ahala ere badutela frogatu dute. Baina, kasu batean ala bestean, frantsesekin egin behar dira akordioak. Eta horrek, nahi ala ez, ondorioak dauzka abertzaletasunaren zutabe ideologikoetan. Ezker-eskuin ardatzak ez luke buru-hausterik sortuko Euskal Herria independentea balitz. Ez luke sortuko, halaber, abertzaletasuna desagertua edo kolore gabetua balitz. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan ere elkar lanbrotzen dute ezker-eskuin eta abertzale-espainolista ardatzek.

Zergatik irabazten ditu EAJk hauteskundeak beti? Nahiz eta Zaldibar izan, nahiz eta koronabirusaren krisiaren kudeaketa (askoren ustez) txarra izan? Beharbada, onartu behar dugu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartea ez dela Twitterreko hariak erakustera eman lezakeen bezain ezkertiarra. PSE-EEk nahiago du eskuin neoliberalarekin jarraitu, ezker independentistarekin joan baino. EAJk guztiz lausotua du bere izaera abertzalea, eta horri esker lortu ditu lehenago PPren edo PSEEEren alde bozkatzen zuten pertsonen botoak edo abstentzioa.

Ezker abertzalearen barneko eta inguruko eztabaidetan bi amets kontrajarri gurutzatzen dira egunero:

  1. EAJren eta EH Bilduren bozemaile gehienek hobesten omen dute bi alderdi horien arteko gobernu abertzale bat, Euskal Herriko arazo nazionalari bi adarretatik helduko liokeena;
  2. EH Bildu da EAJren alternbatiba, ezkerretik, PSE-EErekin eta Podemosekin batera.

Lehen aukera ez da posible izanen, batetik, EAJk sostengu elektoral aski handi bat galduko lukeelako, eta, bestetik, trabak izanen lituzkeelako bere kudeaketa iluna segitu ahal izateko. EAJk uko egin dio herri honen askatasunari, erregionalismo arin bat eskaintzen du, eta horrekin lortzen du bere boteretxoa sekula ez galtzea.

PSE-EE ez da Bildurekin joanen, Bilduk herri honekiko jarrera EAJk bezainbat epeltzen ez duen bitartean (eta hori eginda ere, ez da batere segur). Herri honetako antolaketa instituzionala da herri hau preso mantentzeko mekanismo zital bezain eraginkorrena, behartzen duelako herri honen zutabeak negoziatzea zutabe horiek bota nahi dituztenekin. Ondorioz, urtez urte, zutabe horiek higatzen ari dira.

Herri preso bateko bozak

Herri preso bateko bozak

Zer duzu buruan “Herri preso bateko bozak”-ri buruz

  • Zeharkako gai bati helduz, politiko abertzeleen arteko elkarrizketak nagusiki frantsesez direla diozu. Nik uste hortik aldaketarik ez badator, jai dugula. Nik uste horietatik gehiengoa euskararekin sentsibilizatua dagoela, beraz… non dago arazoa? Ohitura falta? Erreztasun kontua? Euskararen estatusa? Ez da erraza, baina euskararen erabilera horrelako tokietatik handitu behar da. Euskaraldia aprobetxatuz aldaketa eragin, edo euskaraldian edo euskal irakaskuntzaren alde konprometituek frantsesa barra barra erabiltzean deseroso sentiaraziz…. auskalo.
    Baina iparraldeko politikari abertzaleen jarduna aldatu edo aldaerazi beharko litzateke euskara modu sinbolikoan bakarrik erabiltzen dutenen kontradikzioak agerian utziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude