Herri bat
Hamabi hamahiru urte inguru ukan behar genituen. Hazparneko herria binazkatua zen Azpeitiakorekin eta eskoletan urte guziz burutzen ziren holako trukaketa batzuk. Hango gazteekin elkartzen ginenean, euskara mailarik nahiko zutenak bitartekari lanetan aritzen ziren. Eta, erran dezagun argiki deus gutxi ulertzen geniela : « inbijuat », « hansagoselakoanamen » eta holakoak. Gaitzak ziren une horiek zeinetan denak euskaraz aritzen baikinen, borondatez beterik baina neke. Indarrak egin genituen, landu genuen eta noizbait gainditu genuen. Herri bat ginela segur zen, hizkuntza bera mintzatzen genuen eta.
Hogei bat urte izan behar genituen, Iruneako karriketan gaindi asteburu pasak egitera joaten ginela hangoen etxeetara. Orduko jada, euskalkiaren kontua ez zen batere problema bat guretzat. Hango mutiko liluragarriekin kurutzatzen ginenean baziren hizkuntzatik haratagoko komunikazio elementuak ez genituenak beti konprenitzen. Erabiltzen ziren keinuak elearen lagun baita ematen ziren erreferentziak, kulturalak, ez ziren batere guk erabiliko genituenak. Erran gabe doa, etxetik hurbil ligatzea neke baldin bazen, han ez zela errazagoa gertatzen. Baina denak nafarrak garenez, kodigo berriak ikasi genuen eta gainditu.
Doi-doia berantago, alderdiko karta hartu ondoan, batzar harrigarri horietan ibiltzen ginen, leader karismatikoen hitzak begiak dir-dir entzuteko. Anoetako zelaiaren erdian galdurik, gure baitan barna konbentzituak ginen erran guzi horien funtsaz, haatik etxera itzuli ondoan ez genuen beti argi nola egin zitekeen lema eta egitasmo eder horien guzien gauzatzeko auzoan berean, beste herrialdeetan dida batean betetzen zutelarik. Baina Herriak nahi duena nehork ezin duenez dudan ezarri, nola edo hala, zerbaitetara ahalegintzen ginen. Oraindik aztarnak badira.
Geroxeago, hogeita hamar urte ukan genituen eta praktika apur bat. Orduan, jada, euskalkiaren kontua gainditua genuen, kulturaren berdintasun-ezberdintasunez ongi jabetuak ginen eta gure buruak lurralde baten baitan eta egitasmo zabal baten baitan kokatuak genituen. Halere, maiz oraino gertatzen zen mintzakideen ez ulertzea eta saiatuz ere ez ulertuak izatea. Entseaturik ere, segitzen zuen zerbaitek trabatzen, ez komunikazioa baizik eta gauzen egitea, konkretisatzea. Ematen zuen dena argia eta erraza zela, logikoa. Bizkitartean, berez zihoazenak ez genituen gauzatzen.
Eta badira oraindik gaizki ulertu eta aitzina eramangaitzak, garai eta logo berriak izanik ere, gure iragan guziekin jarraitzen baitugu.
Jada ez dakit zertan den egin behar genukeen eginahala. Nahi nuke, egitan. Araiz gakoa agertuko zaigu noizbait. Egunerokotasunean egiten dudan ahalegina ene zereginen ahalik eta hobekien betetzea da, ahalik eta koerentziarik gehienarekin, nire ahal eta asmoekin. Maleruski batzuetan horrek ekartzen du praktikotasunarengatik eta arrakaska ukaiteko, bide lagun egokirik atxeman ezean, anitzetan etnozentrikoa izatea eta ondorioz aukera batzuk galtzen uztea. Ez beti, zorionez: bide lagun estimagarriak gertatzen baitira noiztenka.
Orainokoan ez dut arras argi zer den traba hori. Ideia bat, besterik ez. Alta, ez diot hori egozten ez kultura desberdintasunari, ez hizkuntzaren korapiloei eta kontzeptuen zurruntasunari, ez egitasmoen egokitasun eskasari.
Herri bat gara, mugak mapa batean egoki zaizkigun lekuan marrazten ditugunean, amankomunean ditugun hizkuntza eta kultur(ar)en kontzientzia dugunean, gure proiektuak diseinatzean marraztu mugen baitako jendeekin eta beren interesekin bat egiten dugunean eta gure etorkizuna pentsatzen dugunean molde bateratu batean.
Herri bat gara, aitzineko horietatik hara eta oroz gainetik, gisa horretan bizi garen aldi xume bakoitzean.
Herri bat izanen gara, nehun onartu gabe baina zinez eta fedez, gisa horretan pentsatzen eta bizitzen ahalegindu eta lortuko dugun egunetik hara.