Neurrigabea

NeurrigabeaEz da egia José Iribasek ez duela hezkuntzan ekarpenik egin. Niri, adibidez, izugarri lagundu dit: aspalditik nenbilen zenbakarri eta zenbakaitz kontzeptuak ezin azalduz, eta orain, hari esker, argia ikusi dut.

Berriki, Twitterren hauxe idatzi du: “Nafarroako Unibertsitateko bortz lizentziadun lehen 25 postuen artean Mediku Egoiliarra izateko azterketetan”. Denotazioa, Twitterren, zenbakarria da: gehienez ere 140 karaktere izaten ahal ditu. Konnotazioa eta ahanztura, berriz, zenbakaitzak. Iribasek hedaturiko berria neurtzen ahal den egia da: zailxeago litzateke jakitea zenbat lerro beharko zituen kontseilariak, txio guztiz objektibo horrekin batera azpitestu gisa doan Unibertsitate pribatuari gorazarrea idazteko; eta ezinezkoa, arruntean, neurtzea zein den cielinoaren oroimen faltaren tamaina.

Zeren gogorarazi beharko bailitzateke Unibertsitate Publikotik neketan ateratzen ahal dela medikurik, UPNk behin eta berriz oztopatu duelako han medikuntza fakultaterik ezartzea; oroitarazi beharko litzateke, murrizketen eta austeritatearen tenore honetan, Opusek laguntza guziak dituela nahi duen hezkuntza emateko; eta galdegin beharko litzateke ea medikuei ematen zaien prestakuntza teknikoki ona izateaz gainera, ez ote den ideologikoki lerratu samarra…

Lehen postuetara ailegatu diren lizentziadunak bortz dira, eta txio baten karaktere kopurua, gehienez ere, 140koa: zenbakarriak, beraz, biak, anitz edo guti diren alde batera utzita. Iribasen zinismoa, ordea, bakarra da, baina handi-handia. Zenbakaitza, beraz. Neurrigabea.

Neurrigabea

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.