Hemendik aurrera

Hemendik aurrera –

Sartu gara, sartu gaituzte ikasturte akademiko-politiko berrian. Eta zer egin behar dugu euskaldunok hemendik aurrera?

Hemendik aurreraKatalunia dugu interes gune berriro ere. Nolabait laburtzearren, independentzia helburu hartuta, 2017an haize bolada gaiztoen aurka burutu zuten herri-erreferendum hartatik eta ondoren  gertatu zenetik, ildo desberdin eta batzuetan kontrajarriak ere ikusi izan ditugu hango mugimendu independentistan.

Orain balantzea eginda, itxura ematen du Puigdemont ildoa suertatzen dela garaile lehia horretan, eta Junqueras estrategiak porrota ekarri diola ERC alderdiari, nahiz eta bere garaian hauteskundeetan irabazi eta Generalitateko presidentzia eta gobernu osoa berarentzat gorde.

Zergatik, baina? Balizko progresista zen gobernu espainiarra lagundu eta harekin negoziazioak bideratzeko estrategia kamutsak, praktikan gobernu horren mende eta eskuak lotuta utzi ditu ERCkoak.

Puigdemont estrategiak, aldiz, une larriak ezagutu arren, aurrerapausoak lortu ditu Espainiako Estatuarekiko konfrontazio deklaratuan, eta estatutik kanpo, Europan, mantendu duen erreferentzialtasun politikoa ez da sinboliko hutsa izan. Aitzitik, Espainiako Estatuaren atzaparretatik libre ibiltzea lortu du eta bide batez estatu hori kuestionatu du Europar Batasun barruko hainbat nazioren aurrean: Finlandia, Alemania, Flandria eta Belgikako Estatua bera, Eskozia eta Erresuma Batua, Sardinia eta estatu italiarra…

Urkullu bera eta bere gobernuak gainbeheran datoz aspaldian, eta azken uneko asmakizunak, konbentzio konstituzionalaren estilokoak, ez du hondoratzetik aterako

Eta orain, horri esker, oso bestelako indar posizioa agertzen du Espainiako Estatuaren aurrean, harentzat oso nabarmena den gobernu berriaren osaketa prozesuan. Ikusteko dago noraino eramango duen jarrera irmo hori. Horri eustea eskatzen dio, gainera, Katalunian bertan independentziarako bidean berriro abiatu nahi duen herri mugimendu mobilizatuak eta, batez ere, Diadaren zein ANCren inguruan antolatuak.

Badugu hortik zer ikasi euskaldunok. Hego Euskal Herrian, Urkulluren eta Txibiteren gobernuetatik ezin dugu balantze baikorrik egin. Urkulluren hamar urte luzeek lehendakaritzan ez dute aurrerapausorik ekarri autogobernuan, eta kalte nabarmena gertatu da gizarte kudeaketan, oinarrizko sektore publikoetan; gaur egun krisi irekiak mantentzen ditu euskararako hizkuntz politikan zein EITBn, osasun sisteman, hezkuntzan, etxebizitza sektorean, azpiegituretan, Ertzaintzan, zaintzan, turismo eta zerbitzu sektoreetan… Urkullu bera eta bere gobernuak gainbeheran datoz aspaldian, eta azken uneko asmakizunak, konbentzio konstituzionalaren estilokoak, ez du hondoratzetik aterako. Txibiteren kasuan, merkeegi berritu zaion aginteak aukera ematen dio aurreko legealdiko gaitz guztiei eusteko, euskararen aurkako diskriminazio mingarria tartean.

Lizarra Garazi gogora etorri zaigun uneotan, EAJ zein EH Bildu alderdi abertzale botoetan nagusiak direnek badute, aldiz, zer aztertu eta zuzendu aurrera begira. Baina, batez ere, herri erakunde indartsuen premia dugu Euskal Herri osoan, bakoitzak bere eremuan, euskal naziogintza sendoa egunerokotasunean bultzatuko dutenak. Aldatu Gidoia agintzen diote, arrazoi osoz, dozenaka herri erakundek egunotan Urkulluren Jaurlaritzari eta EITBri. Aldatu gidoia eskatu behar diegu, halaber, alderdi abertzaleei. Aurrera begira, ez egin atzera berriz. Aurrera egin euskal naziogintzan.

Argia bidez.

Hemendik aurrera

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude