Hegoaldeko testuliburu gehienek ikuspegi espainola

Hegoaldeko testuliburu gehienek ikuspegi espainola –

Halatsu dio J.M. Torrealdaik, Jakin-en azken alean. Ez da salaketa eta kezka berria, bestalde. 1996an, ale bikoitz monografikoa eta azterketa sakonean oinarritua eskaini zion gaiari Jakin-ek. Orduko ale hartan, esate baterako, honela zioen Imanol Murua kazetariak:

Hegoaldeko testuliburu gehienek ikuspegi espainolaEusko Jaurlaritzak egin hezkuntz proiektuak, huts nabarmenak egiten ditu: Bat, euskara ez duela irakaskuntz hizkuntzatzat hartu. Bi, gureari lotuagoa: Euskal Herriari dagozkion edukien eskasia. Euskal Herria aipatu egiten da dekretuan, baina Euskal Herriaz ari denean zertaz ari den zehaztu gabe; eta zehazten duen kasu bakanetan, Euskal Herriko Autonomi Elkartea aipatzen du. Horrela, Euskal Herria bere osoan aintzat hartzen ez duten hezkuntz proiektuek arazorik gabe jasotzen dute Eusko Jaurlaritzaren onespena, Dekretuak ezartzen dituen oinarriak bete egiten baitituzte.

Posible zen bestela jokatzea. Posible zen Curriculum Garapenerako Dekretua edukiz betetzea, eta euskal testugintzan ari diren Estatuko argitaletxeak Euskal Herriaren errealitatea aintzat hartzera behartzea. Baina ez zen egin. Katalanek edukiez bete dute historia eta bere naziotasunaren esparrua. Aukera galdu dugu guk, berriz diogu. (…)

Oro har esan daiteke kanpoko hezkuntz proiektuek, batzuetan eskas eta gehienetan gaizki tratatzen dutela Euskal Herria bere historian, bere geografian, bere hizkuntzan. Legea beteko dute, zaila ere ez da eta, baina gure ikuspegitik tratu txarra ematen diote Euskal Herriari. (“Testuliburuak eta Euskal Herria” Jakin, 93-94. 1996. 20.or)) .

Hogeita lau urteotan zer bilakaera izan du gaiak? Testuliburu ekoizleak bitan banatzen ditu J.M. Torrealdaik: bertakoak eta kanpokoak. Bereizketa horren funtsa honela azaltzen du:

Bereizketa horrek xenofobiatik ez du ezer, baizik eta curriculum jatorritik. ‘Kanpoko/bertoko’, bestalde, ez da bereizketa geografiko hutsa, huskeria litzatekeena, baizik eta nork non duen erabakigunea, zertan eta hezkuntza kurrikularrean. Motzenak ere garbi ikusten du gai horren garrantzia. (“Euskal liburugintza 2017” Jakin, 235, 113or.)

Jarraian, taula batean jasotzen ditu azken urteotako emaitzak hamar argitaletxe nagusien artean, hots, ekoizle nagusien pisua irakaskuntzan:

Urtea

Bertokoak

Kanpokoak

Gainerakoak

2013

35,0

65,0

0,0

2014

27,0

69,0

4,0

2015

31,3

61,4

7,3

2016

24,0

73,0

3,0

2017

34,7

58,7

6,6

Eta datu objektiboen analisitik interpretaziora iraganik, iritzi hau plazaratu du:

Egun, lehengo lepotik dut burua. Denborak aurrera egin ahala egoera okertuz doala pentsatzen hasita nago. Gure eskoletan zabaltzen diren testuliburu gehienek suposatzen duten hezkuntza propioaren balio politiko, historiko eta kulturalen erosio edo higadura ez da moteldu, kontrara baizik. Gainera, azken urteotan edukiak aukeratzeko autonomia ere gutxitu egin zaigu: sozialisten LOEk (2006) edukien %55 estatuaren esku utzi zituen; gehiengoa, hortaz. PPren LOMCErekin egoera okertu egin da. Wert jaunak, «hay que españolizar Cataluña» esan zuen jaun berak, aipatu legearen bidez edukien %75 uzten du estatuaren eskuetan, eta gure eskuetan %25. Eta sozialisten agintearekin, Isabel Zelaa Hezkuntza ministroa euskalduna delarik ere, berdin: zerumugan ez da aldaketa positiborik atzematen, kontrara baizik. Hori da Wert legea eta horiek dira joko arauak.(Jakin 235, 117or.)

J.M. Torrealdairekin partekatzen dudan kezka beretik egiten ditut galdera hauek:

1. Madrilen gobernu berria eta Eusko Jaurlaritzan estatus politiko berrirako eztabaidan PNV-PSE-Podemos alderdien bat-etortzea hautematen delarik, onerako aldaketarik aurreikus liteke hezkuntza-dekretuetan?, ala kontinuismoa?

2. Zein testuliburu hautatu erabakitzen den klaustro edo Kontseilu edo direnak direlako erabakiguneetan, nolatan irabazten dute kanpokoek gehienetan?; jakin-iturri fidagarrietatik jaso dudanez -ez dut daturik-, eskola publikoetan ez ezik itunpeko ikastoletan ere? Hobeki “saltzen” dituzte kanpoko argitaletxeek?, merkeago plazaratzen dituzte ikasmaterialak euren merkatua estatala izaki? Irakasleei ikasmaterial moduan egokiagoak iruditzen zaizkie kanpoan egindakoak bertan egindakoak baino, ikuspegi espainola gorabehera?

3. Nola aldatu hezkuntza-dekretua bezala erabakiguneetako erabakiak?, eta nola ziurtatu iraganaren transmisioa belaunaldi berriei euskal ikuspegitik eta ez espainiar ikuspegitik?

Euskal Autonomi Erkidegoaz dihardugu. Nafarroako Foru Erkidegoan egoera ez da hobea, eta Euskal Hirigune Elkargoan ere ez.

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

9 pentsamendu “Hegoaldeko testuliburu gehienek ikuspegi espainola”-ri buruz

  • Argitaletxeak bertako edo kanpotarrak izan, gure hezkuntzak espainiar dotrina zabaltzen du. Zure idatziak burura ekarri dit 2018ko selektibitate azterketa dela eta Unai Belaustegi EHUko irakasleak BERRIAn idatzitako artikulu hau:
    https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2018-06-29/selektibitatea-2018-foruak-eta-euskara.htm
    Okerrena da irakasle gehienak (EAEn), publikoan bederen, “abertzale” direla. STEILAS, LAB eta ELAkoak dira gehiengoa absolutu-absolutua. Pribatuko daturik ez dut, baina ikastoletan LAB (bereziki) eta ELA dira gehiengo. Ez dakit zertan dabiltzan.
    Erantzukizuna ez da irakasleena soilik, noski, baina baten batek hausnartu beharko du zer ari garen gaizki egiten, irakasleak “abertzale”, hezkuntza departamentuko langileak “abertzale” eta hezkuntza departamentuko arduradun politikoak “abertzale” izaki, hezkuntza espainiarra bada.

  • Horrelako “arazoak” (iduri du ez ditugula arazotzat) nahiago ditugu baztertu, alfonbra azpian gorde, eta, esaterako, turismoaren datu onak haizatu.

  • Oso ondo ekarria, Pako.
    Bada garaia gai erabakigarri honi heltzeko, eta “euskal” eskola publikoa bezalako mitoak auzitan jartzeko.
    Eta arrazoi duzu, Nafarroan egoera ez da hobea, dezente okorragoa baizik. Iparraldekoa pentsa nolakoa izango den…

  • Mikel Basabe Kortabarria 2020-01-20 11:42

    Etorkizun ez oso urrutikoan, gero eta gehiago izango dira testuliburu barik ariko diren ikastetxeak: digitalera ‘jauzi’ egiten ari dira ikastetxe asko, testuliburu barik irakasteko helburuarekin. Eduki digital horiek ere testuliburuetako ikuspegiarekin jorratuko dira? Ala aukera aprobetxatuko dugu, esate baterako, Euskal Herriko Geografia eta Historia benetan izan daitezen Euskal Herrikoak?

  • Labur izan beharrez ez dut sartu, baina aipaturiko ale bikoitzean, Imanol Muruaren azterketa luzeak ez ezik Lore Erriondorenak merezi du aipatzea eta lan horretatik zerbait aldatzea hona (“Euskal curriculuma”. (Jakin. 93-94, 1996).

    “Xedapen orokorretatik hasita, ikus dezagun Katalunian egiten duten zehaztapena, hizkuntza dela eta:
    “Decret 75/1992, de 9 de març, pel qual s’estableix l’ordenació general dels ensenyaments de l’educació infantil, l’educació primària i l’educació secundària obligatòria a Catalunya. Decreto. Capitol 1. Disposicions generals. Article 3:
    3.1. El català, com a llengua pròpia de Catalunya, ho és també de l’ensenyament. S’utilizarà normalment com a llengua vehicular i d’aprenentatge de l’educació infantil, de l’educació primària i de l’educació secundària obligatòria. (9. or.)”
    Hau da, Kataluniako jatorrizko hizkuntza katalanera denez, berau izango da eskola- eta irakaskuntza-hizkuntza.”

    Eta EAEn? Kataluniakoaren arabera, gisa honetako formulazioren bat behar zen: “Euskal Herriko hizkuntza euskara denez, hau izango da era berean eskola- eta irakaskuntza- -hizkuntza” esatera. Baina horren ordez, hau dakar 1992ko Dekretuak:

    “236/1992 Dekretua, uztailaren 11koa, Euskal Herriko Autonomi Elkarterako Haur Hezkuntzako curriculuma ezartzen duena. Gure gizarteak bere burua elebiduntzat definitu du. Horren ondorioz, gure Hezkuntz Sistemaren funtsezko ezaugarria interbentzio elebiduneko eskola espazioaren itxuraketa da, eskolatze lehen mailatan garrantzi berezia duelarik, hizkuntzak azkar ikasteko neska-mutilen plastizitate eta harrera dela medio.”

    Eta hortik eratortzen diren ondorio guztiak.

  • Fundillo Bravo 2020-01-20 12:01

    Etengabe gertatzen zaidan bezala, ez dakit noren alde jokatzen iritzi-keinuak aukeratzerakoan… baina hemengo honetan punto positibo bat emanen dizut. Eta Jakin harpidedun naizenez, mahai gainean dudan aldizkariari begirada bat emanen diot, naski. Seme-alabak D-Ereduan eskolaratuak ditut, hautuaz betidanik mesfidati izan arren, PISA-ko emaitza kaxkarragoak ikasbidelagun, gainera (Nafarroaz ari naiz). Nere bailarako hainbatek nahiago izan dute erdarazko ereduan izena eman, horrela kutsu nazionalistarik izan dezaketen edukiak ekiditzeko asmoz.
    Zure mezuaren harira, lasaiago jokatzen ahal nuela iduriko luke baina, mesfidati beti mesfidati, liburuak aztertzen, pailazo ofizialen ikuskizunak galarazten, telebista itzalita izaten etab. segituko dut, badaezpada ere. Lan handia, bai (familia numerosa, gurea), baina ze erremedio, to!

  • Nafarroan egoera ez da hobea! Ez dakit bada! Gerok nafarrak izaten segitzen dugu, eta zuek, zer zarete zuek? Eusko label, BBC, Basque Culi…, kaka burutik behera egiten dizuete eta hain kontent. Basque People, eta abar, eta abar ,eta abar. Putza!

  • jose Inazio Luzuriaga 2020-01-20 23:46

    Eskerrik asko Pako gure hezkuntza sistemaren egoera, euskaldunontzat kaotikoa eta arrotza, azaltzeagatik. Azken boladan behin baino gehiagotan entzun dut EAEko hezkuntza sistema blokeo batera doala erremediorik gabe. Bada, tartean norbaitek gogoratu behar digu zein den benetako egoera; izan ere, autobonboan erortzeko joera handia dago EAEn, batez ere Eusko Jaurlaritzaren inguruan mugitzen diren eragileen aldetik. Bestalde, ez dut ulertzen emotikono delako horien ezkortasuna zure idatziarekiko. Ez dakit nola interpretatu irakurle horien jarrera.

  • Eskerrik asko Jose Inazio. Katalanek beste bide bat hartu zuten: katalana da irakaskuntza-hizkuntza. Hemen, euskara eta gaztelania. Inon gertatzen ez den elebitasun soziala (indibiduala toki askotan noski). Katalunian ere dena ez da ale; hemen, berriz, lastoa ugari. Segur aski euskal jendeak gehiago maite du errealitatearen alde baikorra.