Hauteskundeak eta gero, nor bidelagun?

Hauteskundeak eta gero, nor bidelagun? –

Hauteskunde kanpainak beti dira luze eta aspergarriak, denentzat, txalotzen dutenentzat eta txalotuak izaten direnentzat. Gainera,  gezur ugari  entzun  behar horrek, gei azkeneko une arte erabakitze “ustez” dauden hautesleak zuzendu nahian -ergelak balira bezala- bozka eskatuz, ez da batere txukuna. Baina horrelakoak dira demokrazia “formalak” eta hori da “ustez” dugun erabakitzeko tresna bakarra. Beraz hau gaur jorratzeko dudan gaia.

Hauteskundeak eta gero, nor bidelagun?

Katalunian gertatzen ari dena ikusiz eta EAEko lurraldean gauza bera gertatu ez dadin,  “orain” -bi hilabete hauetan-  hainbat bozka saltsan daudela,  Sabin Etxeko pentsalariek, betiko bidea jorratzen ari dira.

Madrildik babestu litekeen egitasmo politikoan dago gakoa, hau da, EAJk betidanik jorratu duen bide berbera. Orain “egonkortasuna” da helburua estaltzen duen hitz magikoa, baina Ajuria-Eneako gobernu ezberdinek zerbait erakutsi badute, zera da; Kixoteak, kixote izateko, Santxo behar duela.

Ukaezina  da hauteskundeetako emaitzak -naiz espainiarrak izan-, zerikusia dutela hemengo egoeran, baina -nire ustez- sakoneko arrazoiak eta interesak ez dira hainbeste aldatzen. Egia da, zuzeneko eragina izaten dutela, batez ere -orain bezala- beste hauteskundeak bertan daudenean, baina hori,  gehien eskuratzeko borroka hutsa da, ez besterik. Baztertu gabe  espainiar frankista talde  berriak “zalapartatsuak” direla eta beraien artean hozkaka dabiltzanez,  hobe erne egotea.

Aurrera begira, euskal herritarrok beste arazoak ditugu, eta ditugun arazoak ez dira hauteskundetan konpondu eta ez dira horrela konponduko. Egia, hori da eskaintzen  diguten tresna bakarra, baina ez da egokia, eta ez da aski. Beraiek  aurre baldintzatutako tresnak dira, eta horregatik gaude gauden bezala.

Nire ustez, gutxiengo baten interesen metaketa da -eta izanda- orain arte Euskal Herria eta Estatu espainiarraren arteko gatazka politikoa bideratu duena. Eta benetako gatazka politikoa gainditzeko bide bakarra hau da: “Euskal Herriak izan behar du hitza”. Euskal gizartea da bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena izan behar duena.

Horregatik -nire ustez- bere burua abertzale eta ez abertzale baina demokrata jotzen duen guztien zeregin nagusia, hitz hori adierazi eta errespetatua izan dadin borrokatzea da. Euskal Herriak bere etorkizuna libreki hautatu ahal izateko gutxieneko baldintzak eta bermeak lortzea baita.

Euskal herriko gizarteak hitza izan dezan, egungo xantaia, hipoteka, muga politiko eta oztopoak desagerrarazi behar dira, Euskal gizartearen hitza inork ordezka ez dezan. Beraz, dagokion  guztian bertatik bertara parte hartu eta erabaki dezan.

Orain arte agertutakoak adierazten du Estatu espainiarrak Euskal Herriaren subiranotasunari jarri dizkion muga eta oztopo antidemokratiko guztiak baliogabetzea. Eta hori behar dugula izan helburu, ez bakarrik abertzaleok, baita demokrata guztiok.

Nor da, non dago, Euskal Herriaren eraikuntzaren oinarri izan behar duen zinezko prozesu demokratikoa garatzeko baldintzak, hauteskundeetan lortuko ditugula “uste” duena?

Hori lortzen dugunean, egoera berri horretan “soilik”, izango du euskal gizarte osoak, bere iritzia eman eta dagokion erabakitzeko ahalmena bideratzeko aukera. Eta ez erdi-egiak eta maltzurkeria erabiliz, Urkulluren bukaezinak diren hauteskunde kanpainaren bitartez.

Bide honetan sakonduz, Euskal Herriaren erabateko ezagutza, eta horrek eskatzen duen muga juridiko-politikoen baliogabetzea da. Estatu espainiarrarekin hitz egin eta hitzartu beharrekoa, eta ez besterik.

Horretarako gobernu espainiarrak berea egin beharko du 1793.06.21eko Konstituzio frantziarrak bere 28art.an diona: “Herri batek, bere Konstituzioa aldatzeko daukan eskubidea beti da ukaezina. Belaunaldi batek ezin du etorkizuna bere esanetara lotu betirako”.

 Ba dira beste hainbat, atal sakonak, esaterako;  Ez dagokio Estatu espainiarrari erabakitzea Euskal Herriaren barne-antolaketaz, bi estatuen menpe dauden euskal herrien arteko harreman izaeraz. Euskararen beharrezko garapenaren baldintzez erabakitzea, besteak beste.

Euskal hiritarron artean erabaki beharrekoak, gure herriaren antolaketari eta etorkizunari dagozkion zereginak dira. Eta horretarako, alderdi politikoez gain, euskal gizarte osoaren parte hartzea ezinbestekoa da.

Agian, artikulu honen une egokia liteke EAJk  oraindik sozio duenari, PSOEri, gogorarazteko, bere kide José Mª “Txiki” Benegas zenak, publikoki askotan  esandakoa: “Autodeterminazioa eskubidea da, ez posizio politiko bat. Herri guztiei dagokion  eskubide demokratikoa, eta ez besterik”.

Eskubide hori, noiz, nola eta zertarako garatzen den euskal herritarren artean erabaki beharrekoa izanik, eskubidearen onarpena ziurtatu behar da. Herriak bere etorkizuna, askatasun osoz erabakitzeko ezinbestekoa baita.

Ez zait atzendu “beste” kontuan hartu beharrekoa: Euskal Herriaren ezagutzak, egungo lurralde banaketaren inposaketa baliogabetzea eskatzen duela. Lurralde batasuna onartuz, eta instituzio-mugak baliogabetuz. Gero lurralde batasuna nola zehazten den, Euskal Herria nola antolatzen den, euskal herritarren erabaki osoa izango da.

Orain arteko lerro guztiak, ez  dute gezur bakarrik ere. Artikulu honen edukia ez da beroaldi baten emaitza. Badakit, euskaldunak “oraindik” ez gaudela erabakitzeko gaitasunez lepo, hori ere egia da. Hamarkada luzez aldapa latzak igo ditugula ere egia da. Eta bide luzea dugula egiteko baita, egia eta jakina da.

Aurrera begiratuz, sobera argi ez dagoena, zera da, nor bidelagun?

Hauteskundeak eta gero, nor bidelagun?
Hauteskundeak eta gero, nor bidelagun?
Hauteskundeak eta gero, nor bidelagun?

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.