[Euskaraldia eta gero, zer?] Proposamen harrigarririk ezean, proposamen egingarriak eta eragingarriak gutxienez (Dabid Anaud)

Proposamen harrigarririk ezean, proposamen egingarriak eta eragingarriak gutxienez (Dabid Anaud) –

.

Galde aldizkariak, bere 24. zenbakian, dossier bat argitaratu du “Euskaraldia eta gero, zer?” galderari erantzun nahian. Bertan euskaraz plazaratu diren bost iritzi artikuluak jaso ditu Salabardoak, eta hemen irakurri ahal izango dituzu, egunero bat, gaur hasi eta ostirala bitarte.

.

.

Proposamen harrigarririk ezean, proposamen egingarriak eta eragingarriak gutxienez (Dabid Anaud)

Azken aldian askotan entzuten ari gara, eremu eta kokagune ezberdinetatik gainera, euskalgintzak eta euskararen normalizazioak paradigma berri bat behar dutela, ziklo bat bukatu eta beste bat hasi behar dela. Euskararen bilakaeraren eta, bereziki, batzuetan sumatzen ditugun ezintasunen inguruko irakurketak eraman gaitu ondorio horretara, ziur asko, sumatzen baita ahalegin ikaragarria eginda ere, eta aurrerapauso nabarmenak egin direla bistakoa bada ere, nahi edo espero genuen adina ez dugula aurrera egin eta, batez ere, une honetan jauzi esanguratsu eta atzeraezin bat egiteko aukera ez dugula guztiz garbi ikusten. Eta kontuan izanda aurrera egitea asko kostatzen dela baina atzera egitea ez hainbeste, larrituta edo gutxienez kezkatuta egotea ez da harritzekoa eta denon gogoan aldaketa esanguratsu baten beharra gailentzea ere logikoa bada.

[Euskaraldia eta gero, zer?] Proposamen harrigarririk ezean, proposamen egingarriak eta eragingarriak gutxienez (Dabid Anaud)Zer ote da paradigma edo ziklo aldaketa? Baina zer ote da paradigma edo ziklo aldaketa hori? Ideia gisa, bere lausoan bada ere, interesgarria da, jauzi kualitatibo batekin eta urrats esanguratsuekin lotzen dugun neurrian, motibagarria izan daitekeelako eta gauzak sakon aldatzeko eta prozesuak sakon bizkortzeko espektatiba sortzen duelako. Alegia, hobea eta ezberdina izanen den zerbait eginen dugulako itxaropena sortzen digu.

Nik behintzat ez dut oraingoz aldaketa sakon horri forma zehatza emanen dion erantzunik edo proposamenik ikusi, eta neronek ere, jakina, ez daukat erantzun zehatzik. Galderak egitea errazagoa da: zer da paradigma aldaketa batek ekarri behar duena, edo aldatu behar duena? Euskalduntze prozesuaren helburuak, erabiltzen ditugun ideiak eta hizkuntza ideologia, normalizazioaren ardatzak eta lehentasunak, diskurtsoak, motibazioak eta jarrerak, norabide orokorra, euskalgintzaren baliabideak eta tresnak…? Horietako batzuk? Horiek denak?

Euskaraldia. Paradigma berri horren zantzuen bila, batzuetan ematen du denok ustekabeko zerbaiten zain gaudela, alegia, inor etorriko ote den orain arte ezagutu ez dugun ideia, eskema, estrategia, proposamen edo burutazio berri batekin, orain artekoaz oso bestelakoa, geldiunetik askatuko gaituena eta jauzia eginaraziko diguna.

Eta batzuetan badirudi Euskaraldia izan daitekeela aldaketa horren ikurra edo seinalea. Baten batek pentsa lezake Euskaraldia bera dela paradigma berria. Nik ez nuke hainbeste esanen. Ez diot batere baliorik kenduko ekimenari, sakona, interesgarria eta emankorra iruditzen baitzait, baina Euskaraldia ez da inflexio-puntua, ez da bera bakarrik paradigma aldaketa edo ziklo berri hori, nire ustez behintzat. Horren zati bat izan liteke, eta, nolabait esateko, bide bat ere erakusten du eta aldaketa baten indargarri izan daiteke, baina ez da, ezin da izan, erantzun osoa.

Eta, bestalde, ziklo aldaketak ez lukenahitaez hain “iraultzailea” eta hain “harrigarria” izan behar. Dena urre bihurtuko duen “filosofoen harria” aurkitu gabe ere, ez dugu jauzi eta aldaketa sakonetarako itxaropena galdu beharrik. 1960ko hamarkadako loraldia, konparaziora, jauzi handi bat izan zen, eztanda moduko bat, baina osagaiak eta ardatzak (kulturgintza, hedabideak, euskara batua, irakaskuntza, nagusiki) lehendik ere landutako esparruak ziren eta ez ziren bide horietan barrena hutsetik abiatu.

Paradigma guztiz berri batean sartuko garela bermatuko ez badigute ere, badaude datozen urteotan oso funtsezkoak izan litezkeen elementu batzuk, elkarlana eta aktibazioa esate baterako, Euskaraldiaren dinamikan aski ongi txertatzen direnak, eta norabide berri baten isla izan beharko luketenak. Elkarlanerako prestutasun hori agertu da azken aldian, eta interesgarria da, eta Euskaraldia bera aktibazio sozialaren adibide indartsua izan da, ibili beharreko bideetako bat.

Paradigma berriak gorabehera, indarrean dagoen eskema sinple bat. Eta zikloak gorabehera, esanen nuke badagoela euskararen normalizazioa edo biziberritzea begiratzeko eta planteatzeko indarrean jarraitzen duen eskema sinple bat: hiztun euskaldunak behar ditugu, hizkuntza erabiltzeko arrazoiak eta aukerak dituztenak. Ez dut uste eskema soil horrek balio handirik galdu duenik. Euskaraz eroso ariko den hiztun talde edo komunitate sendoa behar dugu (ezagutzaren unibertsalizazioa helburu, eta ezagutza pasiboak ematen dizkigun aukerak gutxietsi gabe), hiztun horiek euskara erabiltzeko arrazoiak beharko dituzte (arrazoitzat uler liteke euskara erabili nahia eta zenbaitetan baita hizkuntza erabili beharra ere), eta hiztun horiek euskara erabiltzeko aukerak beharko dituzte (euskararen legezko estatusa, ofizialtasuna, euskara legeak, hizkuntza eskubideak eta gisakoak izanen ditugu hor jokoan, ezinbestean, eta baita erakundeen hizkuntza politikak nahiz gizarteak berak bere dinamika propioarekin euskara erabiltzekosortzen dituen aukerak eta espazioak ere).

Euskararen normalizaziorako eta biziberritzerako egiten diren planteamenduetan, zenbaitetan behintzat, limurtzearen eta hizkuntza politika arau-emailearen nolabaiteko dikotomia planteatzen da, bata edo beste aukeratu beharko balitz bezala. Baina ez dago horrela planteatu beharrik. Egokiagoa —eta agian konplexuagoa— deritzot sintesiaren aukerari, alegia, une, gune, hartzaile, eragile, helburu, inguru eta testuinguru bakoitzaren arabera, batetik edo bestetik gehiago edanen duten erabakiak, neurriak eta ekimenak beharko genituzke.

Bide-orri egoki bat. Ez dakit erabat ziur azken urteotan euskalgintza eta euskaltzaletasuna ilusioz eta kemenez nola dabilen, datu kontraesankorrak agertzen baitzaizkigu. Baina seguru samar esanen nuke urteen joan-etorrian ikasi asko ikasi dugula, eskarmentua izan badugula, eta gauza izan beharko genukeela bide-orri egoki bat marrazteko eta hautu on batzuk egiteko. Gaurko errealitatea ongi irakurriz, datozen urte edo hamarkadetan etorriko diren agertoki berriak ongi identifikatzen saiatuz, eta balizko bide-orri batean ezinbesteko eta funtsezkoak izanen diren ardatzak eta egitekoak ongi hautatuz.

Adibide bat jartzeagatik — eta azken aldian behin baino gehiagotan eta arrazoibide sendoz aipatzen ari delako—, lan-mundua hautatuko dut. Eremu horretan lanean ari diren eragileak egon badauden arren, eta bidea egiten hasita badago ere, ez du sekula izan izan beharko lukeen zentraltasuna. Badaude arrazoi ugari eta sendo askoak lan-mundua euskararen biziberritzerako bide-orri baten erdigunean jartzeko, baina ez dugu inoiz hor jarri, orain xehetuko ez ditugun eta pisuzkoak diren zenbait arrazoiren ondorioz. Paradigma aldaketa batek, agian, horrelako aldaketa sakonak ere ekarri beharko lituzke.

.

Arnasguneak

Bestalde, eta paradigma berrik gorabehera berriz ere, uste dut badaukagula ideia edo kontzeptu indartsu eta interesgarri bat, euskararen normalizazioari buruz edo jarraitu beharreko bideari buruz dugun ikuspegia edozein dela ere, nahikoa erraz partekatu dezakeguna: arnasguneak.

Eta ez arnasguneak modu hertsiki geografiko edo lurraldezko batean ulertuta. Arnasguneak modu zabal samarrean ulertuta, alegia, euskara nagusi izanen den espazio gisa ulertuta: udalerri bat agian, baina baita elkarte bat ere, edo ikastetxe bat, tailer edo lantegi bat, kuadrilla bat, Interneteko gune bat…

Euskara nagusi izanen diren espazioak sortu, elikatu, zabaldu eta elkarrekin josi, horixe da, nahiz eta oso modu lausoan esan dugun, euskaraz egiteko eta eginarazteko bide emankorra, euskara hizkuntza erabilia bihurtuko duena eta, horrenbestez, hizkuntza erakargarri izateko ahalmena emanen diona, eta, baita ere, beste hainbat alorretan egindako inbertsioa, hezkuntzan eta helduen euskalduntze-alfabetatzean batez ere, zentzuzko, emankor eta praktiko bihurtuko duena.

Urte batzuk badira dagoeneko paradigma berriaren musika entzuten ari garela eta, lehen esandakoaren ildotik, inork erabateko eta guztizko formula magikoa aurkitu duela esan arte zain egon gabe, inork aurkikuntza zinez harrigarririk egin duela erakutsi arte itxoin gabe, agian hobe litzateke egun dakigunarekin, eskura ditugun osagai guztiekin, zaharrak nahiz berrixeagoak, eskema berriak pentsatzen hastea. Paradigma berria, agian, ez da izanen hainbeste elementu berri eta ustekabekoekin osatutako errezeta, baizik eta etorriko diren agertoki berrien aurrean, ezagutzen ditugun osagaiekin eginen ditugun konbinazio eta leheneste berriekin osatutako formula. Eta horretarako, iruditzen zait, egiten ari garena egiteari kolpean utzi gabe, argi luzeak ere jarri beharko dira, eta argi eta lasai hitz egin horretaz guztiaz.

[Euskaraldia eta gero, zer?] Proposamen harrigarririk ezean, proposamen egingarriak eta eragingarriak gutxienez (Dabid Anaud)

Proposamen harrigarririk ezean Proposamen harrigarririk ezean Proposamen harrigarririk ezean Proposamen harrigarririk ezean Proposamen harrigarririk ezean Proposamen harrigarririk ezean Proposamen harrigarririk ezean Proposamen harrigarririk ezean
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

21 pentsamendu “[Euskaraldia eta gero, zer?] Proposamen harrigarririk ezean, proposamen egingarriak eta eragingarriak gutxienez (Dabid Anaud)”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-04-27 21:48

    Dabid, zure hausnarketa bihotz-altxagarria da zeren eta errealista baita bainan orobat egiazko perspektibak iragartzen baititu.
    Tenperamenduz eta esperientziaz unanimismoaz mesfiatzen naiz. Alta testu honen aurrean, aitortu behar dut nahitaere ez dutala ezer aurkitzen kritika nezakeenik.
    Bai nunbait gosearen gainean uzten gaituela, bainan, ba ote da pedagogia hoberik?
    Iduritzen zait eni ere delako paradigma aldaketa jin behar litzatekeela « arnasgune » ideia zabalduaren sakontzetik.
    Beharbada nik gehituko nuke, segur naiz horri pentsatua duzula jadanik, delako paardigma aldaketa ez litzatekeela mugatuko euskalgintzari bakarrik baina eduki lezakeela lanaren arloa ere.
    Alde batetik esaten duzu arnasunea ez dela geografikoki imaginatu behar eta bestetik segituan aipatzen duzu udalerria.
    Ez ote da, zure aldetik, zalantza baten marka jin zaitzun ( nik ere dudan) ideia ezohiko baten aurrean?.

  • Pantxoa Bimboire 2019-04-28 17:21

    Lanaren aintzinean, Iparraldean bereziki, iduritzen zait, beste arnasgunea behar litaikela. Bainan ez dakit norekin ereman behar den burutazio hori. Enpresa eta Irakaskuntza gurutzatu behar litaikela gehiago segurik…

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-04-30 21:57

    Pantxoa, gure artikulu egilea paradigma aldaketaz ari da eta bere hausnarketan parte hartzeko, proposatzen digun bezala, galdera hauei erantzun behar diegu:
    “zer da paradigma aldaketa batek ekarri behar duena, edo aldatu behar duena?”

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-01 07:37

    Zuzeulariak lo daude, ala ?
    Artikulu inteligentea bezain argia dugun behingo batean, nun daude, bada, gure Hartsuaga, endakoak, Bentazar , Euskaldun bat, Josu eta, zurzunkorda ?
    Dabid Anaudek galdegiten digu :
    “Zer da paradigma aldaketa batek ekarri behar duena, edo aldatu behar duena?”
    Honako hau ausartuko nintzateke erantzutera.
    •Herrigintzan eta Euskalgintzan, « zer egin galdatzen dutenei » eman beharko lizkieke objektibo serio eta arrazoizkoak.
    •Aldatu behar luke dugun joera ibiltzeko etengabe baikortasun estupido batetik likidazio ezpiritu koldarrera.
    Dabid Anaudek iradokitzen duen lez, arnagunearen inguruan izan liteke paradigma horren oinarria.
    Ideia hau aplika daiteke era desberdinez eskualdearen araberan. Egokiena litzateke deseuskalduntze prozezua aintzinatuenetan besteak ere gehiago deseuskalduntzen hasi artean.
    Zer izango litzateke orduan arnasgunea :
    Espazio fisiko, intelektual eta moral bat nun, elgarrekin, talde bat edo komunitate bat entseia litekeen euskaldun gisa bizitzen, lan egiten, hausnartzen, ikasten, estudiatzen eta aritzen arlo guzietan.
    Teorian gauden testuinguru politikoan ere, ezer objektiborik ez gaitu eragozten ahal horrelako proiektu bat kolektiboki pentsatu eta gauzatzetik.
    Praktikan aldiz arazo asko izango direla?
    Ba araiz, orai bertan imagina dezakeguna baino askoz gehiago ere, dudarik gabe.
    Haatik, proiektua gutariko parte esanguratsu batek erraietatik sentitua bada gure populua bizirik egoiteko azken akzio heroikoa bezala, eragozpen materialak gaindituak izanen dira bata bestearen ondotik.
    Ahalen eta posibilitateen arabera, parte hartzeko aukerak izango lirateke nahi dutenentzat, nahiz pioneroen beharra ezinbestekoa izan.
    Oztopo haundiena gure gogo bihotzetan ikusten dut, alegia, luzara, zapalkuntza pairatzearen bortxaz ameskeria hutsetan edo zinkurinaka ibiltzeko geronok hartu dugun joeran.
    Arnasguneak eraikitzearen taktika ez da den mendren kontra jartzen borroka politika klasikoarekin.
    Erran nezake, alderantziz, osatuko lukeeela eta bere iraupena denbora luzean ahalbidetu eta segurtatuko.

  • JJ Agirre

    Aupa Beñat! Hemen bat, esnatu berri…
    Niri egokiak iruditzen zaizkit Anauten proposamenak, baina uste dut, paradigma aldaketetan lehenak, Euskalgintzak bere ahalmen mugatuez ohartu, eta eragile politiko, sindikal nahiz enpresarielei galdatzen hastea dela.
    Eta harritzen nau Anautek aipatu ere ez egitea horiek, bera parlamentari izanik. Eragile politikoek (eta beste batzuek) dauzkate tresnak eta baliabideak arnasguneak zaintzeko edota sortzeko. Euskalgintzak landu eta luzatu behar lituzke proposamenak eta presio egin eragile horiei, eman beharreko urratsak egin ditzaten.
    Berdin gertatzen da lan munduarekin ere. Oso gutxi dira, %1etik oso behera, euskara-plangintzetan (gutxi-asko) murgildurik dabiltzan enpresak. Eta ez dira asko gehiago izango adostasun bat erdiesten ez bada alderdi politiko euskaltzaleen, sindikatu euskaltzaleen eta enpresari euskaltzaleen artean (unionistek erdara-plangintzak sustatzen nahikoa lan badute).
    Hori da, nire ustez, funtsezko paradigma-aldaketa. Alderdi politiko eta sindikatu ustez euskaltzaleek, Anautenak barne, euren ardurari heltzea (eta Euskalgintza bere ahalmen oso mugatuez jabetzea behingoz).

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-05-01 10:14

    Biba zu JJ
    Esaten duzuna betiko zure posizioa da, ohoragarria, eta, ulergarria. Azkenean pentsatzen duzu, oraiko markoetan izanik ere, badagoela egoera hobetzerik, eta, hau egin behar dela lehenik, elite politikoaren edo ekonomikoaren aldetikako borondate onaren kontua dela.
    Hau ulergarria da EAEko baten gandik, gutiago nafartar baten gandik, bainan nihundik ere gutariko batengandik.
    Kontuz ez dut batere dudatzen zure nazio kontzientziaz, bainan denok bezala gure lurraldeek markatuak gaude…
    Anaut parlamentaria dela, inportantea da jakitea araiz. Bainan ez ote da justu konturatu opatzen duzula alferrikakoa dela Nafarroan? iparraldean alferrikakoa den bezala?
    Galdezkatzerik badago, egin behar dugu..
    Lan munduari dagokionez, gehiago ezagutzen dutana, bainan pentsatzea orokor genitzakeela Euskal Estatu fuerte eta deliberatu baten laguntzarik gabe, hau ezin dut sinetsi borondate onenarekin.
    Orduan lehenesten duzuna ez da enetako egiazko paradigma aldaketa bat, guretzat ez behintzat.

  • JJ Agirre

    Iparralderako ez du guztiz balio, egia da, baina han ere hortik hasi behar litzatekeela iruditzen zait (ikus Uztaritze…).
    Nafarroarako guztiz balekoa da baina.
    Nafarroan abertzaleak agintean daude erakunde askotan egun: Nafar Gobernuen, Iruñeko udalean, eta beste udal garrantzitsu askotan, Berriozarren, Tafallan, edo Lizarran adibidez.
    ELA eta LAB sindikatu gero eta indartsuagoak dira Nafarroan ere.
    Arazoa da, agintari abertzale gehienak euskararen maitale platoniko direla, baina praktikan… Geroa Baiko lehen lerroko agintarietan, Uxue Barkos da euskarari leku duina egiten dion bakarra (bigarren mailan beti ere), eta EHBildun denetik dago: sar zaitez Josena Asironen (Iruñeko alkate eta Ikastolako irakasle aurretik) Facebookeko kontuan adibidez (https://www.facebook.com/asironjoseba) oso nagusiki españolez idatzia aurkituko duzu.
    Paradigma aldaketarik izatekotan, horien artetik ekiten ez bazaio, nondik abiaraziko dugu?

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-01 15:30

    Artikulua arretaz eta bururaino irakurri behar da.
    Zure erreakzioa aurreikusia izan balu bezala eta zure lasaiarazteko azken esaldian hau esaten du:
    “Eta horretarako, iruditzen zait, egiten ari garena egiteari kolpean utzi gabe, argi luzeak ere jarri beharko dira, eta argi eta lasai hitz egin horretaz guztiaz.”
    Bainan paradigma aldaketaz galdezkatzen duzun ber, nik irakurtzen diot, bi aldiz errepikatuato ideia hau:
    “…esanen nuke badagoela euskararen normalizazioa edo biziberritzea begiratzeko eta planteatzeko indarrean jarraitzen duen eskema sinple bat: hiztun euskaldunak behar ditugu, hizkuntza erabiltzeko arrazoiak eta aukerak dituztenak”
    Beraz galdegiten baduzu:
    “Paradigma aldaketarik izatekotan, horien artetik ekiten ez bazaio, nondik abiaraziko dugu?”
    Anaudek pentsatu beharko du paradigma aldaketaren abiapuntua arnas gune ideian datzala.

  • JJ Agirre

    Bai, baina ez ditu eragile politikoak eta besteak aipatu ere egiten. Euskalgintza baizik ez. Eta nire ustez, horien parte hartze eta apustu garbirik ezean, ahalegina euskaltzaleoi utziz gero soilik arnasguneak bakanak izango dira. Egun gertatzen ari dena, alegia.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-01 19:21

    Egia duzu ez ditu eragile politikoak aipatzen ez eta politika ere. Bainan bai aipatzen ditu Euskalgintza eta Lana, ene iritziz Herrigintzaren zutabe ezinbestekoak direnak
    Zehaztu behar ginuke zer ulertzen dugun « arnasgune » izenaren pean.
    Nik gogotik imagina nezake, arlo pribatuko ekimen eta estruktura bat, hasieran ikastola zen bezala, nun familia batzuek biziko liratekeen eta lan eginen luketen euskaraz.
    Arau administratibo zenbait errespetatuz geroz, zergen ordainketa, laneko eskubidearen arauak, haurren derrigorrezko eskolatzea eta abar posible izan behar da.
    Administratzioak ez du bere sudurra sartuko nun ez diren barruan itsuskeriak gertatzen. Ez da gure genio nazioanalean, zintzo gara eta gizalegezkoak. Ez ote ?
    Arnasguneek, elgarren artean federatu beharko luketenak, ahal bezain bat herritarren adeitasuna eta laguntza beharko dute, baita eragile politiko batzuena, bainan ideologikoki independiente egon beharko lukete.
    Momentuz ene burutazioa hauek kometa gaineko planak emaiten dute, bainan « paradigmaren adaketa »rik ezean Euskaltasuna Iparraldean nolazbait biziraun arazteak ere bai.

  • Bada, EHBilduko diputatu berriek ezingo dute “arnasgunerik” osatu, españolez egiteko ez bada: Matute, Ruiz de Pinedo, Iñarritu…

  • EHBilduk “pertsona eleaniztunez osatuta egongo den eta XXI. mendeko euskal jendartearen kultura-aniztasuna errespetatuko duen Euskal Herri euskaldun bat” agintzen duenean, Iñarrituk Twitterren egiten duenari erreparatu behar zaio? (https://twitter.com/JonInarritu)
    Azken 20 mezuetatik:
    14 españolez.
    4 katalanez.
    1 frantsesez.
    1 euskaraz.
    Hots:
    Española da hizkuntza normala, komuna, noranahikoa.
    Katalana “guai” da.
    Frantsesa c’est chic.
    Euskaraz ere sartu beharko dugu zeozer…

  • Nik uste dut euskaldunon problema nagusia (biziraupena) politika eta boterearen esferetan ebaztekoa dela neurri handian. Zoritxarrez, gure presentzia eta indarra hutsaren hurrengo dira esparru horietan. Beharbada onuragarri izango litzateke, eta batzuentzat akuilu, euskaldunen komunitatea esklusiboki representatzen duen alderdi politiko bat instituzio publikoetan sartzea. Gaur egun, profil horretatik hurbilen dauden erakundeak Kontseilua eta EHE dira, baina praktikan oso eragin txikia dute.

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-05-03 18:16

    Gilentxo, esaldi batean aurreratzen duzu ideia bat, eta ondokoan erraiten duzu oso zaila ikusten duzula.
    Aplika daiteke menturaz EAEn, nekez gurean.
    Azkenean deus ez dauka paradigma aldaketatik.
    Segi dezagun hausnartzen..

  • Alderdia ez dakit, baina euskaltzaleok antolatzeko premia larria daukagu komunitate bizi -eta ez museoko gai- izaten jarraitu gura badugu. Eragile politikoek, sindikalek eta bestelakoek ezabatu beharreko arazotzat (ubiobistek) edo zamatzat gauzkate (abertzaleek), eta bien bitartean euskara desagertzeko bidean da Iparraldean (hamarretik bi dira euskaldunak) eta desagerpenaren mugan geratuta dago Nafarroan (hamarretik bat). EAEn, bogako diskurtso politikoki xuxenari erreparatuz gero ematen du dena eginda dagoela, baina hamarretik hiru baino ez gara euskaldunak, eta erabili (españolarekin batera) hamarretik batek egiten dugu. Hori bai, askotariko ekitaldi “arrakastatsuekin” estali ohi dugu errealitatea, kateak itsusiak baitira…

  • Kaixo, Beñat. Esan dut alderdi politiko bat dela, besterik ezean, botere-eremuetara iristeko tresnarik eraginkorrena. Eta alderdi bat sortzea, printzipioz, ez da zaila. Beste kontu bat da zenbateko sostengua izango lukeen behin sorturik. Baina, zergatik ezin daiteke aplika ideia hori Ipar EHn?

    Alderdi batek, representazioa lortuz gero, mahai gainean jar litzake, etengabeko eztabaida publikoaren bidez, euskaldunon aldarrikapenak (are lagundu lezake aldarrikapenok zehazki formulatzen); diru bat bidera lezake gure kausaren alde; plantan ezar litzake neurri konkretuak boterea eskuratzen duen lekuetan (finean, Kontseilua eta EHE ezin hel daitezkeen esparruetara hel liteke). Eta EH osoan sortzen diren edonolako euskal arnasguneen ahotsa izan liteke.

    Egungo alderdi abertzaleek ez dute holakorik egiten, oso azaletik ez bada, baina azala ez zaigu aski bizirik irauteko.

  • Alderdi abertzaleen hizkuntza politika hilgarria da euskaldunontzat. Zeozer egiten dutelako plantak egiten dituzte, praktikan ezer gutxi egiten dutelarik. Euskaltzaleak desmobilizatu eta egoera usteltzea lortzen dute horrela. EAJ-k batez ere, baina EHBilduk ere bai.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-04 13:34

    Gilentxo laguna, ene uste apalean, Jonek dioen bezala, zure alderdi politiko berriak ez luke ezer guti egingo, edo, EAJak edo EHbilduk egiten duten bezala. Bozen ( batez ere erdaldunen) diruaren eta abantail guzien peskizan ibiliko da besteen artean bizirauteko ;
    Zenbait urteren buruan zure alderdia ez duzu ezagutuko ere eta Herriaren endekapena areagotua baizik ez da izango.
    Hobe parte hartzea zapaltzaileek antolatutako jokoan sartzen ez den frente independentista batean, . eta bestetik ekimen herrikoi eta pribatuetan sartzea edo bederen hauek sustengatzea.

  • Alderdi euskalduna izango litzateke, Beñat, orain arte egon ez den zerbait. Bestalde, bete-betean gaude jada sartuta zapaltzaileek antolatutako jokoan, gizarte honetan bizi garen aldetik.

    Hona balizko alderdiaren gaineko ideia batzuk, eztabaidarako baino ez badira ere:

    – Erdarei uko egitea agerpen publikoetan; euskara eta, nazioarteko hizkuntza gisa, ingelesa
    Gure komunikazio-hizkuntza publikoak izango dira: EHn, euskara; EHtik kanpo, ingelesa (beharbada komunikazio-kanal mugatu batzuk ireki litezke espainol-frantsesez, erdaldunei gure asmoen berri lehen eskutik emateko).

    – Independentzia, bai, baina gure nazioaren biziraupenerako tresna bada soilik
    Gure prioritatea euskara da, orain eta hemen; ez gara fio independentista erdaltzaleekin. Dena den, bai uste dugu independentzia litzatekeela geure helburuak lortzeko bitartekorik indartsuena.

    – Egungo estatuetan gelditzea onartu baldin betetzen badituzte baldintza batzuk
    Espainol-frantses hizkuntzen inposizio legala kendu, euskara ofizial lurralde guztietan (eremu guztietan?), barka-eskaera egindako kalteengatik, reparazioa (euskalduntze osoa finantzatu, adibidez)… [argi dago ez dituztela onartuko, baina horrelakoak formulatu beharko lirateke]
    – Genozidio/etnozidioaren salaketa irmoa
    Mendeetako kalteen konputua, nazioarteko organismoen aintzatespena bilatu, beste populu zapalduekiko elkarlana…
    – Espektro politikoa
    PNV-Bildu-Orreaga; ez ezker, ez eskuin; edozein ideologiatako euskaldunak erakartzeko modukoa.
    – Jarduera-esparruak
    Udalerriak, EAE, NFE, EHE (ez Espainia ez Frantziako hauteskundeak).
    – Europar Batasuna
    Hizkuntza minorizatuen ofizialtasuna bultzatzeko eskatu; hizkuntza minorizatuentzako copyright lege berezi bat sustatu (egile-eskubide murriztuak eduki idatzi eta audiovisualak euskaratzeko)…
    – Indarra
    Nahiz eta indarra pairatu, pairatzen eta pairatuko dugun (hor dago biolentzia estrukturala), ez dugu onesten geuk indarra erabiltzea.

  • Josu Lavin

    Gilenequin bat nathor.
    Alderdi euscalduna behar dugu.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-04 15:31

    « Alderdi euskalduna izango litzateke, Beñat, orain arte egon ez den zerbait. » dizu Gilentxo.
    Ene ustez « zapaltzaileek antolatuko jokotik kanpo egoiteko » alderdiaren formula baino, frente independentistarena hobea da, baldinbada, araiz, guretzat ezinbesteko diren obkektiboren gainean oinarritua, Euskarari buruz batez ere.
    Bainan frente politiko horretatik ezin duzu abertzale erdalduna printzipioz erabat baztertu, nahiz euskararen erabilera lehenetsi eta aurreraarazi behar den bertan.
    Aldiz, egun guziko gure euskara egarri legitimoa ase behar da, praktikan, arnasgune batean biziz edo bederen bertan aktiboki parte hartuz. Hor ez dago hara hunatik, euskara inposatu egin behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude