Haurreskolak Partzuergoa nork babestuko du?
Haurreskolak Partzuergoa nork babestuko du? –
2020-2021 ikasturtea ez da ondo hasi Haurreskolak Partzuergoan. Gerentzia aurrera eramaten ari den kudeaketa eskasa eta ilunaz gain (araudi propioetatik kanpoko erabakiak barne), 800 haur baino gehiagoko jaitsiera izan dugu matrikulazioan (inoizko handiena), eta haurren bajak egunero jasotzen jarraitzen dugu. Itxialdiaren eragin bortitza nabarmen ari gara jasaten haurreskoletan, eta Haurreskolak Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa salagarria izaten ari da.
Iaz, 2020-2021 ikasturteko matrikulazio epea atzeratzeaz gain, ez zuten inon matrikulazio kanpainarik bultzatu. Egoera honen aurrean, haurreskolen sare publikoari baliabideak ukatzen zaizkion bitartean, zer egingo du Administrazioak? Aurten ere 0-3 etapa eskaintzen duten zentro pribatuei berriz emango al die azken ikasturteetan eskaini dizkien 27 milio €-ak? Haurreskolak Partzuergo publikoaren aurrekontua inoiz baino
gehiago mugatzen ari direnean, nola jokatuko du Jokin Bildarratz-en Hezkuntza Sail berriak?
STEILASen iruditzen zaigu EAJk eta PSEk aspaldi hartu zutela erabaki bat: hezkuntza politika pribatizatzailea bultzatzea. Horregatik jartzen dugu zalantzan haurreskola eredu publikoa babesteko erabakiak hartzeko nahirik eta gaitasunik dutenik ere. Zentzu berean, Haurreskolak Partzuergoko gerente berriaren jarduna ere zalantzan jartzen dugu: politika berdina aplikatzeko iritsi zen urtarrilean Zorione Etxezarraga. Azken aste hauetako kudeaketak hori berretsi digu.
Ezin dugu horrelako egoera bat besterik gabe onartu. Ezin dugu diru publikoa euskal jendartea segregatzen duen hezkuntza sistema klasista batean nola xahutzen den ikusten jarraitu. Bereiztutako hezkuntza jaso nahi dutenen nahiarengatik (ez eskubidea), jendartearen zatiketa hori ematen ari dela ozen esan behar dugu.
Haurreskolak Partzuergoak aurrekontua handitzea behar du kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko. Hezkuntza politika ausartak behar ditu. Konplexurik eta beldur gabe eredu publikoa babestera ausartuko diren politikak behar ditu. Zentro pribatuetara bideratzen diren diru-laguntzak zalantzan jartzera eta eredu publikorako inbertsio gehiago eskatzera ausartuko direnak. Ez baldin badago horrelakorik, jai dugu Euskal Hezkuntza Publikoan.
STEILAS sindikatuan argi dugu Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna 2 elementu nagusitan oinarrituko dela, batez ere: integrazioan eta doakotasunean. Integrazioa, guztiz, Euskal Hezkuntza Sisteman. Gu ere hezkuntza garelako. Enpresa eredu gerentziala atzean utzi eta doakoa izan behar da: kuoten sistema baztertzaile eta elitistak milaka familia eta haur utzi ditu zerbitzua jasotzeko eskubidetik kanpo 2003tik, eta bizitzaren zaintza aintzat duen jendarte batek ezin du bidegabekeria hau bere gain hartu. Doakotasuna borondate politiko hutsa da; interes edota presio ezberdinen baitan egoera bere horretan mantentzea bezala. Guk politika publikoen borondatea eredu publikoa babestea, indartzea eta ikustaraztea izatea nahi dugu, zuk?
.
Ariane Alberdi Iñarra
Iban Albizu Alvarez