Minikonfinamenduak

Minikonfinamenduak –

MinikonfinamenduakSeme bat konfinatua izan dut. Eta ni harekin konfinaturik egon naiz. Badakit zuetako askori ere gertatu izan zaizuela, edo ondokoren bati, eta gaia ez zaizuela arrotz egiten. Baina iduritzen zait ez dela sobran egonen mini itxialdi hauek aipatzea.

Serio baino serioago erranen dut eskoletan neurri zorrotzak ezartzen eta betetzen ari direla ikastetxe barnean ikaslerik kutsa ez dadin. Horixe da nire irudipena, nire semeen bizipenean oinarritua.

Lehen Hezkuntzan neurri higieniko asko ezarriak dituzte, maskararekin ematen dute egun osoa eta bakarrik gela berekoen artean elkartzen dira. Eta gela bateko ikasle batek positibo ematen duelarik, gelakide guztiak etxera bidaltzen dituzte, 10 eguneko itxialdia egitera.

Baina, nire uste apalean, azken kontu horri buelta bat eman beharko litzaioke. Dirudienez, eskoletan ez da kutsatze askorik gertatzen ari. Baina milaka ikasle ari gara hamar egunez etxeetan ixten, kutsaturik egon gabe.

Semeari eta gelakideei bi PCR proba egin dizkiete: lehenbizikoa, positiboarekin azken kontaktua izan eta lau egunera; eta bigarrena, bederatzi egunera. Bietan negatibo eman dute denek. Eta ezjakintasunetik galdetzen dut: ez ote zen nahikoa izanen test bakarra egitea, adibidez borzgarren egunean, eta negatibo emanez gero berriz eskolara itzultzea?

Minikonfinamenduak

Asier Azpilikueta

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude