Historia, memoria (eta gaur egungo borroka)

-Historia, memoria (eta gaur egungo borroka) –

Espainiar estatuko urriaren 12ko ospakizuna atzean utzi dugu. Bigarren urtez jarraian espainiar armadaren kalkuluen ridikuloak burlaren monopolio osoa beraganatu du, identitate espainolistaren gorespena egin nahi zuten horien kaltetan.

Dena dela, egun hori (1958ra arte Día de La Raza deitura zuena) armadaren lepotik barre egiteko aukera paregabea baina egun sinbolikoagoa da. Eta horrenbestez,  konflikto gehiago azaleratzen dituena: #ezerezospatzeko #denaospatzeko edo #utzihistorialarieilanean bezalako aldarriak biltzen ditu, besteak beste. Historiaren,  memoriaren eta espazio publikoaren arteko eztabaidara garamatzana.

Historia denbora tarte batean ematen diren gertaera jakin batzuk dira eta beste garai bateko historialariek ikertzen dituzte. Historian zehar ematen diren ekintzak hor daude, kasu honetan duela bostehun urte gertatutakoak dira, aldagaitzak beraz. Historia Kolonek Amerikarekin estropuz egitea edo Elkanok munduari bira ematea da.

Talde batek historiaren pasarte bat edo batzuk bere egiten dituenean eta iragan horrekin lotura afektibo eta emozionalak garatzen dituenean memoria sortzen da. Gertakizun jakin batzuekiko kolektibo batek garatzen duen kontakizun horiek dira normalean estatuak, memorialak, jai egunak eta ekitaldiak dituztenak. Taldeak kontakizun hori mantendu eta gogoratu nahi duelako, eta espazio publikoaren monopolioa bereganatzen duten tokiko eliteek eta gobernuek bultzatutakoak izaten dira oro har.

Beraz, konfliktoa ez da historiarekin, memoriarekin baizik. Memoria kolektiboa delako, baina gizarte guztietan memoriak bezainbeste talde daude. Horregatik, batzuentzako memoria den pertsona baten estatua, beste batzuentzako gatazkatsua den kontakizunaren memoriaren parte da.

Amerikaren konkista eta esplotazioa ezin da euskaldunek izan zuten parte hartzetik at ulertu. XVI. mendetik aurrera, milaka euskaldun anonimo iparralde zuriaren hegemoniaren lortze prozesu horren sare egituratuaren parte izan ziren. Lehengaien ustiaketan, itsasoaz haraindiko merkataritza dinamiketan, esklabuen merkatu oparoan, enkomienda sisteman eta abarretan eragin handia izan zuten. Gertatuko etnozidioaren parte funtsezko ere izan zirelako, gogora dezagun, adibidez, egun patroi bezala dugun euskaldun batek sortutako ordenaren misiolarien papera.

Arazoa ez da historiarekin esan dut arestian, eta hori hala da. Arazoa ez da historiarekin, memoriarekin bakarrik ez den bezala. Arazoak, funtsean, gaur egun gure artean jarraitzen duelako. Mugimendu antiarrazista eta antikolonialista entzun besterik ez da egin behar. Kaleen izenak aldatu, estatuak kendu edo museotan berregokitzea konponbide bat baino ez da, partxe bat, XIX. mendeko ikuspegi kolonizatzaile inperialista gainetik kentzeko metodo bat bakarrik. Horrekin, arrazismoa bat-batean desagertuko delakoan.

Historia, memoria (eta gaur egungo borroka)Baina historia etengabeko joera bat da. Aro Berritik aurrera finkatu ziren dinamika instituzional, ekonomiko eta esplotatzaileen oinordekoak dira gure gizarteak, munduaren ipar-hegoalde banaketarekin XIX. mendean guztiz burutu zen zurien nagusigoa ekarri zuena.

Estatua bat botatzen denean helburua ez da honek errepresentatzen duen garai historikoa ezabatzea. Estatua hori eraiki zen testuinguru historikotik irudikatzen duen gorespenaren kontra egite da  eta modu sinboliko batean, estatua horrek goraipatzen duen eta egun jarraitzen duen sistemaren dinamiken kontrako aldarria da. Zeren arrazismo sistemikoa ezin da ulertu gure nazio estatuak sistema horren baitan sortu direla analizatzen ez badugu. Besteen errekurtsoen ustiaketa eta esplotazioa gure ekonomia kapitalista zurien motor bezala ikusten ez badugu. Daniela Ortiz aktibistaren hitzetan, Europaren nagusitasun koloniala ez da hilda dagoen indar bat”, agerian ikus daitekeen bezala, Europaren boterea aski bizirik dago.

Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzen. Baina ez genoar batek kalkuluak gaizki egin eta Indiara ordez Amerikara iritsi izanak amorrua ematen digulako, memoria kolonialaren gorespenaren kontra gaudelako. Baina ez XIX. mendetik ditugun estatua, kale edo ekitaldien kontra bakarrik, gure sistema egituratzen duten herentzia immateriala diren lege, instituzio, sinesmen eta biolentziaren aurka gaudelako.

Gaur egun gure gizartearen izaera kolonialaren adibide asko daude-eta: estatu mailan oraindik indarrean dagoen Atzerritarren Legea edo XXI. mendeko hilerria bihurtu den Mediterraneoan gertatzen ari den utzikeria basatia. XVI. mendeko kolonialismoari buruz hitz egiterakoan oldarkor jartzen gara eta egun Hego Ameriketako errekurtso naturalak esplotatzen jarraitzen duten euskal enpresen kasua ahaztu egiten dugu.

Memoriaren borroka etengabekoa da, eta espazio publikoaren eztabaida ere etengabekoa behar du izan, gizartetik gizarte guztirako egin beharrekoa. Horregatik, espazio publikotik herentzia koloniala ezabatzea funtsezkoa da. Baina ere berean, ezin da Kolon, Cortes edo Pedro de Ursua bezalako figuren kondenazioa egin, horen ondorio zuzena den gure sistema kapitalista, kolonialista, patriarkal eta arrazista kondenatzen ez badugu. Ez dugu ezer ez ospatzeko gure gizartearen oinarriak errotik aldatzen ez diren bitartean.

-Historia, memoria (eta gaur egungo borroka)-