Haurrak etxean, gurasoak lanera
Haurrak etxean, gurasoak lanera –
Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean.
Umeak positibo eman du edo kontaktu zuzena da, etxean geratu behar du konfinatuta. Bere gurasoak txertatuta daude eta negatibo dira, lanera joan behar dute –nahiz eta seme-alabaren kontaktu zuzen diren, ezinbestean–, “bizitza normala” egiteko esango baitie osasun arduradunak, zaintza eta ardura kontuan hartzen ez dituen neurri aldrebesa tarteko.
Hori eta antzeko kasuak bizitzen ari dira egunotan etxe askotan, zer egin eta nola jokatu ez dakitela. Covida duen seme-alaba eta kontaktu zuzen diren haren anaia-arrebak ezin dituzte eskolara eraman, oso zentzuzkoa ere ez dirudi aitona-amonekin edo senideren batekin uztea, eta gainera etxean konfinatuta egotera daude derrigortuta umeak, baina ez dute nork zaindu, gurasoek ezin dutelako bajarik hartu. Txertatuta bazaude eta positibo eman ez baduzu, lanera joan beharra daukazu, nahiz eta kontaktu zuzena izanik kutsatu dezakezun eta birusa barreiatzeko arriskua duzun. Umeak zaintzarik gabe uztea ez da aukera bat; zer egin? Hor konpon, administrazioak berak erabakitako protokoloaren hutsune handiari ez baitio irtenbiderik eman.
Berez, txertatu gabeak zigortzen ditu protokoloak: konfinatuta egon behar dute, negatibo eman arren kontaktu zuzen badira. Kontaktu zuzen horiek berak txertatuta badaude, ordea, “bizitza normala” dute opari. Hau ere, baina, opari pozoitsua da hainbatetan.
.
Zergatik hainbeste ume konfinatuta?
Hezkuntzan protokoloa aldatu du Eusko Jaurlaritzak eta baheketa handiagoa egiten da orain. Lehen Hezkuntzako gela batean bi kasu positibo badaude, gela osoak egingo du proba eta gela osoa geldituko da etxean, gutxienez probaren emaitza jakin arte (lehen hurbil esertzen zirenek eta jangelakoek baino ez zuten proba egin behar). Honek esan nahi du, nahiz eta baheketa orokortuagoak egitea albiste ona den berez, ume gehiago direla orain etxean konfinatuta daudenak eta egongo direnak, eta beraz kontziliazio arazoak ere biderkatu egingo direla. Azken finean, ume asko kutsatuta edota konfinatuta daudela entzuten ari gara seigarren olatu honetan, eta horretan ere eraginik izango du proba gehiago egiten dela sistematikoki, hezkuntza protokolo berriek hala erabakita.
Haurrak etxean, gurasoak lanera