Euskal Herriko Feminista Erradikalen II Topaketa

Pasa den abenduaren 11n, larunbatarekin, uholdeek eta izurriteak baldintzatuta ere, Euskal Herriko 4 herrialde penintsularretako hamarnaka feminista bildu ziren Bilbon, Euskal Herriko Feminista Erradikalak (EHFE) kolektiboak antolatutako Euskal Herriko Feminista Erradikalen II Topaketan.

Deialdia talde feministen artean zabaldu zen, baita emakume independienteengana heldu ere. Helburuak ziren loturak indartzea eta sarea jostea, indarrak modu kolektibo eta eraginkorrean antolatzeko. 

Euri-jasak direla eta, behar baino apur bat beranduago hasi zen topaketa, baina goizean zehar finkatutako helburu guztiak bete genituen bildutakook. Hasteko, EHFE kolektiboaren historia labur baina emankorra gogoratu genuen, hainbat argazkiz lagunduta. Gero, bertaratutako emakumeek parte hartzen duten beste talde feministei buruz informazioa partekatu zuten eta gaur egun militantzia feministan bizi duten errealitateaz mintzatu ziren. Atsedenaldia eta gero hiru lantalde osatu genituen, ideiak trukatzeko eta indarrak antolatzeko asmoz.

Amaitzeko, eguerdi partean poteo txikia egin genuen alde zaharrean, eta elkarrekin bazkaldu jardunaldia borobiltzeko.

Topaketa oso emankorra izan zen eta prakak bete lan atera ginen antolatzaileak, baina feministen arteko sareak josteko eta harremanak estutzeko beharra eta konpromezua ukaezina dela argi geratu zen.

Euskal Herriko Feminista Erradikalen II Topaketa izan da hau, lehenengoa ekainaren erdialdean burutu genuen Bilbon bertan ere bai. Orduko hartan, 40 emakume baino gehiago elkartu ginen eta ordutik elkarlana eta antolaketa kolektiboan aurrerapausu handiak eman ditugu.

Euskal Herriko mugimendu feministan nagusi dira talde transfeministak, queer teorien defendatzaileak eta tankerakoak, baina feminismo erradikalaren sustraiek bizirik diraute hainbat talde eta emakumeregan, eta gero eta osasuntsuago gainera. 

Topaketa ixteko EHFEko kide baten esaldia ekarri genuen gogora: “Agian, bizitzea egokitu zaigun garai honetan, orain arte lortutakotik gehiegi ez galtzea saihestuko dugu. Agian, erreserbatuta daukagu imajinaezina dena lortzea.”

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko