Haur literaturaz gozatzeko app berria sortu du Galtzagorrik
Galtzagorri Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, XXI. mendeko euskarrietara ekarri du Euskarazko Haur Literaturako klasiko bat, Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren Maria Goikoak batbirulau!
Liburuaren berezko izaera jostariari eutsiz, jolaserako proposamen berriak eta errealitate areagotuan birsortutako irudiak biltzen ditu Maria Goikoak batbirulau! app berriak: puzzleak, memoria-jokoak, hitz-jokoak, 7 desberdintasunak bilatzeko jokoak, abestiak, 2.53D efektuko irudiak, eta bestelako hainbat joko. Androidetarako eta iphone/ipad-etarako bertsioan dohainik eskura daiteke bakoitzari dagokion saltoki birtualean. Aplikazioaz gozatzeko, derrigorrezkoa izango da paperezko liburua esku artean izatea.
Tradizioa eta modernitatea
Papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizioa eta modernitatea batzea, literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea da app honen helburua. Androidetarako eta iphone/ipad-etarako bertsioan dohanik eskura daiteke bakoitzari dagokion saltoki birtualean, baina erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da paperezko liburua esku artean izatea, alegia, papera eta jatorrizko obra teknologia berrien munduan murgiltzeko giltza izango dira. Beraz, jolasekin gozatzeko eta liburuko hainbat orrialde errealitate areagotuan ikusi ahal izateko, derrigorrezkoa izango da paperezko liburua esku artean izatea.
Oraindik liburua ez baduzu esku artean, liburutegietan edo ohiko liburu-dendetan izango duzu eskuragai. Ondoren, nahikoa izango duzu internet bidez Galtzagorri Elkartearen web gunera sartu eta bertan aurkituko duzun Maria Goikoak app-aren ikonoa klikatzea. Android eta iOS sistemetarako ikono bana aurkituko duzu bertan. Hortik, zuzenean Google Play edo Apple Store-ra helduko zara, eta bertatik dohainik deskargatu ahal izango duzu aplikazioa zure mugikorrera, tabletara edota ordenagailura.
Haur eta Gazte Literaturako euskarazko obra kanoniko baten aplikazio multiplataforma sortzea izan da Galtzagorri Elkartearen xedea; papereko liburuari entretenimendurako eta aisialdirako aukera berriak eskainiz euskarri digitalen bidez (mugikorra, tableta eta ordenagailua). Modu horretan, euskara eta euskarazko irakurzaletasuna entretenimenduarekin uztartuta sustatuko duen aplikazio berri eta berritzailea sortu nahi izan dugu.
Klis-klasikoak euskarri digitalean
Galtzagorri Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, 2011n sortu zuen haur eta gazteei zuzendutako Klis-klasikoak euskarazko liburu-bilduma. Bilduma horretan, Haur eta Gazte Literaturako klasiko unibertsalak eta euskarazko obra kanonikoen berrargitalpenak argitaratu dira 2011n, 2012an eta 2013an. Bederatzi liburu, guztira: Maria Goikoak batbirulau!; Pinotxoren abenturak; Indianoa; Txan fantasma; Tom Sawyer-en abenturak (Itzulpenaren Euskadi Saria 2013); Elmer (bigarren argitalpena izan duena); Amattoren uzta; Haizea sahats artean eta Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak. Kalitatezkoak guztiak, bai literatura aldetik, bai argitalpen eta diseinu aldetik.
Bada, orain aurkezten dugun aplikazioan irakurzaletasuna sustatzen jarraitu nahi dugu modu erakargarri eta ludikoan, kalitateari muzin egin gabe, eta, haur eta gazteengandik geroz eta gertuago dagoen esparru batera gerturatuz: multiplataforma erako aplikazio digitalak.
Publiko zabala
Maria Goikoak batbirulau! haurrek euren kasa nahiz helduen laguntzarekin irakurtzeko liburua denez, aplikazioa ere haurrek eta helduek bakarka nahiz elkarrekin erabiltzeko modukoa da; oso intuitiboa eta erabilgarria da, eta laguntza pantailak ere baditu. Hortaz, abiapuntua Haur eta Gazte Literatura izan arren, publiko orokorrari zuzendutako aplikazioa da. Izan ere, liburuen irakurketa konpainian egin daitekeen bezala, aplikazioak eskaintzen dituen jolas gehienak ere konpainian nahiz bakarka gozatzekoak dira.
Bestalde, liburu hau euskarazko ahozkotasuna lantzeko eta ahozko literatura tradizional nahiz modernoaz gozatzeko liburua denez, euskara ikasten eta irakasten ari diren helduentzat ere ezin aproposagoa izango da sortu berri dugun aplikazioa.
Jolaserako eta ikasteko
Aplikazio honek jolasa eta entretenimendua ditu oinarri, eta euskara du ardatz nahiz bitarteko: euskarazko aho-korapiloak, ipuinak, kantu herrikoiak eta abar. Hori dela eta, aplikazioan agertuko den ikono baten bidez on-line dauden hiztegiak kontsultatzeko aukera izango da. Modu horretan, XXI. mendeko haurrek, eta, batez ere, euskara ikasten ari diren edo euskaldun-berri diren guraso, hezitzaile nahiz euskara-ikasleek hiztegia esku-eskura izango dute sortzen zaizkien zalantzak argitu ahal izateko, eta, jolasarekin bezainbeste gozatzeko euskararekin ere.