Sautrela 401: John Andueza, literatura eskolan, Gizona bere bakardadean eta Joseba Sarrionandia

 John AnduezaJohn Andueza batez ere telebistan egindako lanagatik genuen ezagun. Hamaika saltsatan sartutako morroi geldiezina, egitasmo berri bati ekiteko prest izaten dugu beti. Azken urteotan literaturarantz lerratu da baita ere; gazteentzako zenbait liburu argitaratu ostean, berriki argitaratu du helduentzako lehen nobela, izenburu aski telebisiboa duena eduki ere: Prime time. Polizia nobela dugu, estilo bizi eta zuzenez idazten diren horietakoa. Telebista-gizon bat urkatuta topatuko dugu lehen orrialdeetan, eta krimenaren inguruko ikerketak osatzen du kontakizuna. Klemente eta Bala ditugu ikerlariak, Ertzaintzatik egotziak izan ziren bi detektibe frakasatu. Horien guztien inguruan mintzatuko gara, bada, Anduezarekin.

Erreportajean euskal literatura eskolan nola lantzen den ikusiko dugu. Ze funtzio du eskolak literatur zaletasunean? Nola irakasten da literatura? Nola zaletu gaztetxoak? Ze liburu irakurtzen dira eskolan gehien? Galdera horiei erantzuten ahaleginduko gara jakiteko ea gure gazteek hezkuntza egokia jasotzen duten gure literaturari dagokionean.

BeƱat Sarasolak polizia nobela kutsuko beste nobela bat berreskuratuko digu, gure idazle handienetako baten nobeletako bat, Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean. Ze garrantzia du nobela horrek Atxagaren obra guztiaren baitan? Ze kontatzen du? Nola irakurtzen ahal dugu gaur egundik?

Azkenik, Joseba Sarrionandia bere azkeneko lan argitaratu mardulari buruz jardungo zaigu, Moroak gara behelaino artean-i buruz alegia. Berriki itzulia izan dela profitatuz, zelako harrera izan duen kontatuko digu apur batean.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.