Gainezka

gainezka

“Uholdeei buruzko titular batean `los ricos se desbordan´ irakurri dut” egin zuen txio atzo Gorka Bereziartuak, eta Twitter-eko mezua irudi bihurtzen saiatu gara Astigarragako Pilotari kalean, Urumeak gainezka egin eta Santander bankutzarra ere urak hartuta zegoela-eta.

Egia esatera, ez zaio arrazoirik falta @boligorria-ri; `aberatsak gainezka dira´, gero eta gehiago. Munduko 85 dirudunenek munduaren erdi pobreenak beste aberastasun dute pilatua; eta tartea, aberatsen eta txiroen artekoa, handiagotuz doa.

Oxfam Intermón GKE-ak 2014aren hondarrean eman zituen ezagutzera datuok, “Berdinak” deitzen den txosten batean.

Munduko aberatsetan ezagunenetarikoa den Bill Gates-ek, esaterako, egunero milioi bat dolar inguru gastatuko balu -dolarretan dago txostena-, berrehun urtetik gora beharko lituzke pilatuta dituen aberastasunak akitzeko; bitartean dirutza horrek emango lituzkeen interesak kontutan hartu gabe, behetik botata hiru milioitik gora.

Belaunaldiz belaunaldi dirutzak pilatzen dituzten familia aberatsez gain, egungo gizartean exekutibo elite bat sortu ei da, soldata ikaragarri altuak dituena. Britainia Handian, esaterako, enpresa nagusietako zuzendaritzetako kideek bertako langileek baino 131 aldiz gehiago irabazten ei dute, bataz beste. Gero eta zailagoa da, gainera, langileek soldata duinak izatea.

Gauzak horrela, gero eta gehiago, aberatsen seme alabak aberatsago izango dira, eta txiroen seme alabak gero eta pobreago; ez da irtenbiderik.

Eta herrialde pobreak gero eta aberatsagoak direla egia ei den arren, tokian tokiko dirudunak dira poltsikoak betetzen dituztenak. Sahara azpiko Afrikan, egun 16 mila-milioidun bizi direla uste da, muturreko pobrezian diren 358 milioirekin batera.

Garapenerako ezberdintasunak ezinbestekoak direla adierazten dute batzuek, txostenak dioenaren arabera, eta ez da horrela. Muturreko ezberdintasunak diren herrietan, garapena ez da horren egonkorra, eta genero kasuetan, zer esanik ez. Pobrezia eta emakumea eskutik doaz.

Oxfam Intermón-ek salatzen duenez, gainera, zergak ez dira aberastasunak banatzeko erabili izan, garapenean diren herrialdeetan multinazionalek abantailak izaten baitituzte. “Merkatuaren fundamentalismoari” lotua dago mundua GKE-aren arabera, eta “eliteek bahitua dute demokrazia”.

 

Erreka gora
Urumeak gainezka egin duela-eta, Astigarragan ateak itxita zituen Santander bankutzarraren ondoan dago Kutxabank. Eta aberatsak aipatzen hasita, EAE-ko bankuak 150 milioi inguruko etekina izan zuela jakin berri dugu, kasik 2013an baino %40 gehiago. Bi urtetan emaitzak bikoiztu ditu lehen kutxa zen bankuak.

Kutxabank-eko presidentearen soldata kasik bikoiztea ere erabaki du zuzendaritzak orain gutxi; eliteak aipatzen hasita. Gregorio Billalabeitiak, urtean 800.000 euroko soldataz galdetuta, “lehen gehiago irabazi nuen” bota zuen atzo, lasai asko.

Bitartean, kalean gabiltzanontzat, gora eta gora dator ibaia…

Astigarragako Errekatxo kalea, atzo.

 

 

ZUZEUko erredakzio kide