Hamaika aurpegi dituen Olentzero
Hamaika aurpegi dituen Olentzero –
Hamaika begi pertsonaiari begiratzeko eta hamaika irudi pertsonaiak berak hartzen dituenak. Olentzeroren figurari begirada jarraian.
Olentzero pertsonaiak, gaur egun artean, urteen poderioz izan duen bilakaeraren berri jasotzen da datozen lerroetan. Pertsonaia beldurgarritik hasi eta kapitalismoaren ikur bitartekoa.
.
Olentzero, pertsonaia beldurgarri hura
Olentzaro tximiniatik sartzen zalea zela eta, su handi eta ketsua pizten omen zuten Albizturren. Haurrak beldurrez izaten ziren Olentzaro zetorrelako. Hura uxatzeko egiten zuten sua. 1973 urteaz ari gara, Franko oraindik bizirik zegoen aldiaz.
Elduainen, berriz, gaztainak erretzeko danbolin soinuarekin uxatzen zuten Olentzaro beste baserrietara.
Berastegin umeei esaten zieten Onentzaro etorriko zela tximiniatik barrena, gauean oheratu nahi ez zuten haurrei igitaiarekin lepoa moztera. Inoiz, gainera, tximiniatik erori izan omen zen igitaiaren bat.
Irudikatu momentua: afaria amaitzean eta gaztetxoari halako istorio beldurgarriak kontatuz suaren itzalpean. Haurra ikara gorpuztuta, begiak zabal-zabal, eta derrepentean danba! Igitaia sua moztuz haurraren oinetara. Edozein beldurrezko pelikuletan eszena eskasagoak ikusiak izan dira. Nor izango ote zuen halako burutazioa ordu haietan? Amonak? Osabak?
Halako istorioak bildu zituen Tolosako Juan Garmendia Larrañaga etnografoak neguko festen inguruko lanean. Askotan Olentzero haurrak ohera bidaltzeko pertsonaia beldurgarri bezala deskribatzen zen duela hamarkada batzuk. Baratxuri zopa, bakailaoa tomatearekin eta gaztaina erreak jateko, sagardoa, ardoa eta pattar zuria edateko. Gabon gaueko helduen tertulia giroan haurrak ohera bidaltzeko estrategia ote?
Hala ere, Garmendiaren lan horretan, Lizartzako istorio honek bestelako ikuspegia ere uzten du: «Lizartzan, Olantzarori ongietorria egiteko prest egoten ziren. Olantzaro tximinitik barrena etortzen zitzaien eta bere eserlekua gordetzen zioten, etxekoekin batera afaltzeko. Afaltzeko baratxuri zopa eta bakailoa izaten zuten beti. Umeek, berriz, eskaileretan gora eta behera korrika agertzen zuten beren poza. Jolas honi hanka jokoa deitzen zioten».
.
Garai berriaren etorreraren sinboloa
Olentzero euskal mitologiako beste pertsonaia bat zen, Mari, Mateo-txistu, Tartalo eta abarren tankeran. Nahiz eta herri hauetako kontakizunetan protagonista izan, Bera, Lesaka eta Leitza bezalako herrietan panpina bilakatzen zuten. Erretzeko; ondoren. Ikerketa askok neguko solstizioaren ospakizunekin lotzen dute bere sorrera: Olentz-aroa; garai ona. Mendian bizi zen ikazkin zahar, zikin eta utziak garai zaharra sinbolizatzen zuen, eta hura erretzeak aldi berriaren etorrera. Dena den, nork daki abenduaren 21ean neguko solstizioa dela? Nork ospatzen du gaur egun?
.
Ikastolek zabaldu zuten Euskal Herrian zehar
Nolanahi ere, Olentzero bizirik dago solstizioa ospatzen ez bada ere. Aurreko mendeko azken hamarkadetan zabaldu zen Euskal Herri osora ohitura lokala zena, ikastolen bultzadari esker batik bat. Neguko egun berezi horietan euskal kulturaren pertsonaia bezala marraztu zuten irakasleek, eta haren omenezko kantak abesten ziren etxez etxeko eskean: Olentzero, buru handia, entendimentuz jantzia, bart arratsean edan omen du bost arroko zahagia, horik dek tripa handia! Garai haietan zabaldu eta famatu bilakatu bazen ere Eguberrietako pertsonaia, aurreko abestiak dira hauek. Arroen neurria jada iraungita baitzegoen garai haietan. Nolatan zabaldu zen halako indarraz ohitura? Papa Noel, Bizarzuriri beldurra ote?
.
Kristautasunak ere erabili zuen pertsonaia
Ikazkina, mozkorra eta zikina, erretzailea gainera. Jesusen jaiotzaren berri ematera ere bera etorri omen zen. Kristautasunak bere kontakizunaren parte bilakatu zuen: Olentzero joan zaigu mendira lanera, intentzioarekin ikatz egitea. Aditu duenean Jesus jaio dela, lasterka etorri da berri ona ematera. Harritzekoa halako berria ematera mozkor batek ematea, baina kristautasunak gaitasun berezia izan du ohitura zahar eta pentsamendu paganoak kristautasunera egokitzen. Hortik neguko solstiziora Jesusen jaiotza atzeratzera, edota haren berri ematera basoko ikazkin tripa handia etortzea.
Kristautasun ukituarekin, euskal kulturaren sinbolo ere bilakatuta, hainbat herrietan burutzen ziren Errege desfileen konpetentzia bilakatu zen. Erregeak zuten oparien monopolioa, hala ere, ikazkina aurreratu eta abenduaren 24ko gauean opariak ekartzen hasi zen. 80-90. hamarkadetan ohiko galdera zen haurren artean: «Zuri nork ekartzen dizkizu opariak?».
Batzuei Olentzerok, besteei Erregeek. Baita biek ere hainbati. Olentzero zabalduz zihoan, famatu bilakatuz, supermerkatuetan agertu zen arte. Eta kapitalismoak sinboloak hartzen dituenean, di-da batean zabaltzen dira. Halaxe bilakatu da ohikoa edozein tokitan ikustea, baita edozein bazar txinotako apaletan ere.
.
Mitoaren mutazioa: Goian bego Olentzero
Halaxe deskribatu zuen Fernando Rojo historialari tolosarrak (ATARIA, 2013): «ETBk laguntza handia eman du irudi hau sortu eta saltzen: uniforme bat jantzi du; ikazkinen aurpegi belztua garbituta apaintzen joan da; pipa erretzeari utzi dio, erretzea gaizki ikusia baitago gaur; begi gorria ere ezabatu zaio, alkoholari erreferentzia oro desagerraraztearren. Gainera, hori guztia ez bada nahikoa, tradizio orotatik urrun, andregai (edo neskalagun) ofiziala dauka, Mari Domingi (familia nuklearra helburu izan edo genero berdintasunagatik izan, batzuetan papistegiak gara); gainera, Mungiako inguruetan dagoen baserri batean jarri da bikotea bizitzen (gogoratu Bizarzurik ere baduela berea Laponiako Rovaniemi herrian). Hori da umeei gaur saltzen zaien Olentzeroren eredua. Irudiak hartu du protagonismoa jatorrizko sinboloaren gainetik, itxura gailendu zaio esentziari; euskal Bizarzuri bat sortu dugu, edo euskaldunez mozorrotu dugun Bizarzuri bat. Euskal labeldun produktua kanpoko osagaiez eraikia». Eta duela hamar urte (Tolosaldeko Hitza, 2006), gutun batekin bere heriotza aurreikusi zuen, euskal mitologiako sinboloa, merkatal sinbolo bilakatu zela salatu eta gizarteari hausnarketa eskatuz.
Olentzero zikina garbiturik dago jada, bizar zuri hipsterrarekin. Irribarrea ahoan, aspaldi lurperatu zuen igitaia. Tabakoaren legearekin batera utzi zion erretzeari, eta mozkortu ordez, ardo kopatxoa edaten du: ondua. Supermerkatuetako atarian, besoetan hartzen ditu haurrak, Bizarzurik egiten duen tankeran, eta tximiniatik sartzen ez diren opariak uzten ditu pinuaren aldamenean, ikatz kontuak ahaztuta.
Javier Sarasola Tolosako ikatz saltzaileak hori baieztatu zuen duela hiru asteko ATARIA-n: «Gurasoren bat edo beste etortzen da urtero ikatza erostera, baina askok ez dakite zer den ikatza ere. Nik esaten diet ez uzteko hozka egiten behintzat». Lehen, duela hamarkada batzuk bazen beldur hori ere: «Txintxo portatu edo bestela ikatza ekarriko dizu Olentzerok». Gaur egun Olentzero txintxoa da, oso.
Gabonetako kontsumoaren sinboloan bilakatu da euskal mitologiako pertsonaia, egungo gizartearen eta pentsamenduaren ispilu. Hori baieztatu zuen Eric Wolf antropologoaren Bizarzuriren inguruko ikerketa batek: «Bizarzuri mitoa, gizarte kapitalistaren adierazpen kolektiboaren adibide garbienetakoa da». Lan honetan pertsonaiaren sorkuntzan eman diren gertaerak aipatzen ditu, eta nola izan zen erabilia jatorri eta kultura desberdinetako Ameriketako Estatu Batuetako biztanleen kultur sinbolo bilakatzeko. Kultur sinbolo bilakatzeaz gain, «Bizarzuri amerikar ona zen, bizitza irudikatzen duena, bizi ona, gehiegikeria material eta aberastasunean oinarritua». Eta bere lanean, Bizarzuri jainkoaren parean jartzen zuen, merkatuaren moralitatearen zaindari gisara: «Ona bazara, oparia lortuko duzu».
Ez kontatu inori sekretua: «Olentzero ez dira gurasoak… kapitalismoa da».
Ez da kapitalismoa soilik: Olentzerok hamaika aurpegi ditu
Sinboloei esanahia ematen diena gizartea da, eta haren esku dago Olentzerok duen edukia. Ezin ukatu Olentzero inoiz baino biziago dagoela, haren inguruan hitz egiten ari baikara, eta hura ikusten dugu testuinguru ezberdinetan. Hilda egongo litzateke, edo erdi hilda behintzat, ia inongo haurrek irakurtzen ez dituen euskal mitologiako pertsonaien liburu horietan gurutzatuta egongo balitz, beste pertsonaia eta kontakizunen tankeran. Edo, nork kontatzen dizkie haurrei istorio hauek lotarako orduan beren haurrei? Aitona-amonek ba al dakizkite kontakizun hauek autobus geltokitik etxerako bidean kontatzeko?
Nahiz eta mitologiako kontakizunetik urrundu, pertsonaia gaurkotua da Olentzero, bere baitan hainbat pertsonaia dituena. Ezin uka egun hauetan kontsumora erakartzeko erabiltzen dela, eta edozein dendetako erakusleihotan topatu daitekeela «etorri erostera, astindu kreditu txartelak» esanez bezala. Dena den, kapitalismoaren ikur soila balitz, ez litzateke Guardia Zibilak lapurtua izango duela hamaika urte bezala. Gaueko iluntasunean, ordu txikietan, patrol batean sartu zuten Aresoko herrian zuten panpina. Edo, Euskal Herriko hiriburura bidaia eginez, ez lituzkete, duela urte gutxi arte bezala, Iruñean izan dituen isunak eta debekuak izango. Nola da posible Olentzeroren desfilean polizia presente egotea?
Kristautasunak erabili izan duen tankeran, erabilia izan da bestelako aldarrikapenetarako. Gaztelera eta Espainiako kulturarekin lotua zeuden Erregeen aurrean, nazio diferentziazioa eta euskararen erabilpena bultzatzeko pertsonaia bilakatu zen Olentzero. «Haiek erregeak ospatzen dituzte, guk Olentzero»: gu/besteak diferentziazioa. Euskal Herria desberdina zela azpimarratzen zen tradizio desberdinetan arreta jarrita. Bestetik ere, sentiberatasuna azaleratzen den garai hauetan, oroitzapenean inoiz baino presenteago izaten dira preso diren herritarrak. Eskean ere ateratzen dira hainbat herritan Olentzero eskuan dutela. Testuinguru honetan Olentzerori bestelako zentzua ematen zaio: Olentzerok ere presoak gerturatu edo etxeratzearekin bat egiten du, eta bera ere eskean dabil bisitetako laguntza ekonomikoa biltzeko.
Toki anitzetan dagoen aitona bezala zabaldu da azken urteetan, baina hainbat herritan emakume bezala ere agertu izan da, edo, baita generorik gabea ere. Azken urteotako ohitura ere, Olentzero gizonaren aldamenean Mari Domingi emakumea ipintzea izan da: batzuentzat berdintasunaren sinbolo, emakume eta gizonak festaren protagonistak izateko bide. Besteentzat, Olentzeroren itzalean agertzen den bigarren mailako pertsonaia: bere emaztea. Gainera familia eredu hegemoniko heteropatriarkala erreproduzitzen duena, eredu bakarra bailitzan, zerbait «naturala» balitz bezala. Zuk zein iritzi duzu?
Bat ala beste, herri txikietan bestelako garrantzia du eskean ibiltzeak: urteko beste ekimen bat da, herria elkartu eta taldean etxez etxe aritzeko. Bizia hartzen dute herriek halako momentuetan, eta baserrietan urduri egoten dira herritarrak bertaratuko direlako. Funtzio hori bete dezake: herria elkartu eta herri nortasuna izatea, garai berrian elkartuta hastea.
Ikastoletako haurrak Olentzero asto gainean dutela, elizetako taldeak Olentzero eskuan dutela, presoen aldeko herritarrak Olentzero kartzela baten barruan sartuta… Telebista piztu eta Olentzeroren marrazki bizidunak. Dendara joan eta Olentzero sarreran, supermerkatura joan Olentzero panpina Eguberrietako abestiak abestuz. Bizirik da Olentzero bere zentzua aldatu baldin bazaio ere, baina askotan gure ispilu izaten dira tradizioen bilakaerak. Zure esku ere badago Olentzero zein izango ote den etorkizunean.
Garmendia etnografoaren kontakizunekin hasi da honako artikulua, eta haren istorioekin amaituko da. Tradizioak aldatzen direnaren testigu, begira zer abesten zuten haurrek Montezkun, eskean ezer ematen ez zieten etxeetan:
Ematezkotan eman du
Bestela ezetz esan du
Amak ez gaitu ate ondora
Otzak hartzera bialdu
Menditik mendi pagua
Pagotik pago sua
Arkakosuak itoko al dik
Etxe ontako atsua.