GZZren iritzia 5 edukiontzi bidezko bilketaren aurrean

\"\"
Argazkian 5 edukiontzi bidezko bilketa Zarautzen. Gaikako edukiontziak ondoan egon arren, argazkian ikus daitekeen bezala nahasian biltzeko edukiontzian denetik jasotzen da.

\"\"
Argazkian ATEZ ATEko bilketa Usurbilen, organikoa ateratzeko kuboekin.

Hondakin organikoaren garrantzia

Hondakin organikoari ematen zaion trataerak berebiziko garrantzia dauka hondakinekin sortu dugun/diguten arazoa gainditzerakoan. Hondakin organikoaren atala, atalik adierazgarriena da hondakinen kudeaketaren ondorioak ondoen nabari diren atala delako. Hondakinekin egiten dugunaren arabera arazo bat ala aberastasuna lortuko dugu. Hondakin organikoa gainerako hondakin atalekin nahastu eta usteltzen uzten badugu, atal guztiak alferrik galduko dira zabor nahasizko nahaspila horretan. Lixibatuak, kiratsa, plagak eta negutegi efektuko gasak isuriko ditu hondakin organikoak horrela jokatuz gero. Bide beretik, hondakin organikoa errausten badugu, gizakiok sortzen ditugun konposatu arriskutsuenetakoak sortuko ditugu. Materia organikoak, tenperatura altutan kloroarekin konbinatuta, minbizia eta osasunean bestelako kalte larriak eragiten dituzten dioxina eta furanoak sortzen ditu. Osakidetzak azken 20 urteetan minbizi kasuak bikoiztu direla esan berri duenean, ez da hau txantxetan hartzeko kontua. Horreraino beraz kudeaketa txar baten ondorioz materia organikoak ekar ditzakeen ondorio larrien laburpena.

Horren aurrean eta gainerako hondakin atalekin gertatzen denaren antzera, materia organikoa berez dena bezala ikusi eta kontutan hartuz gero, hau da, baliabide garrantzitsu bezala hartuz gero, arazoa ez ezik aberastasuna sortu dezakegu. Materia organikoa konpostatu eta lurra aberastuko duen ongarria lortu daiteke. Bilketa eta tratamendua ondo egiten bada, kalitate oneko konposta lortzen da, nekazaritzan erabiltzeko oso egokia. Austrian, Italian eta beste hainbat lekutan, zirkuitu osoa antolatuta daukate hirietako hondakin organikoa konpostatu, nekazal lurretara itzuli eta zikloa ixteko. Mundu mailako erakunde nagusiek desertifikazioaren arriskuaz ohartarazten duten garai hauetan, horri aurre egiteko baliabidea alferrik galtzen utzi eta arazo bihurtzea zabarkeria onartezina da.

Bilketa sistemak testuinguruan

Gauzak horrela, helmugara urrats bakarra eginda iristen ez dela jakitun, aurrerapauso guztiak onak direla deritzogu betiere azken helburu horrekiko perspektiban mantentzen badira. Horrela, duela urte batzuk gaikako bilketa ez egitetik, 3 hondakin atal gaika biltzeko edukiontziak jartzera egindako urratsa, nahikoa ez izanagatik positiboa izan zela uste dugu. Horren segida izan zitekeen organikoaren gaikako bilketarako edukiontziaren ezarpena ere, kontestu horretan, positiboki baloratu beharko litzatekeela uste dugu. Kontua da, urrats hori egin behar zutenek ez zutela bere garaian egin. Gaur egun, hondakinen %80tik gorako gaikako bilketa lortzen duten bilketa sistemak daudela ikusi dugu. Munduan zehar eta hemen Gipuzkoan bertan ere, sekulako emaitza onak ematen ari dira. Kontestu honetan hondakinen erdia ere gaika biltzeko balio ez duen bilketa sistema bat ezartzeko planteamendua atzerapausotzat besterik ezin dugu hartu. Gipuzkoan 5 edukiontzi bidezko sistema zabaltzeko ahalegina “tongotzat” jotzen dugu, aurrez arazoa konponduko ez duela jakinda bultzatutako bidea delako.

Zergatik eta zertarako? Errausketan oinarritzen den hondakinen kudeaketa sistemaren alternatiba erreala den sistemari, ZERO ZABOR sistemari, bidea mozteko. ZERO ZABOR sistemak beharrezkoa du ATEZ ATEkoa bezalako bilketa sistema eraginkor bat. ATEZ ATEko gaikako bilketaren emaitza ikusgarriek arriskutan jarri dute errauste plantaren elikagaia, zaborra. Zaborra sortzeari utzi edo neurri esanguratsuan jeisten badugu, jendeari ezin diote esan errauste planta garesti eta kutsakorra ezinbesteko kaltea dela, eta herritarrak, gizarteak berak sortzen dituen hondakinetatik salbatzeko neurria dela. Gauzak horrela, errausketa helburutzat eta ez bidetzat daukaten arduradunek, ATEZ ATEkoa zabal ez dadin estrategia aplikatzeari ekin diote. Batetik, ATEZ ATEko bilketaren inguruan gezurrak barra-barra zabaldu dituzte, gezur hoiekin benetako arrakasta ezkutatu nahian. Bestetik, gezur hoien osagarri bezala, irtenbide faltsua eskeini dute. Jendeari zuzen zuzenean labe erraldoian kiskaltzera eramango dituen bidea eskeini diote balekoa delakoan. 5 edukiontzi bidezko bilketa sistema.

GZZren ustez gai honen inguruan segitu beharreko jarraibideak

Arduradun politikoak: Arduradun politiko izateko bi ezaugarri bete beharko lirateke. Politiko izatea eta arduratsu izatea. Lehenengo ezaugarria betetzeko arazo handirik izaten ez den arren, bigarrena betetzerakoan zailtasunak ez dira makalak itxura denez. 2002 urtean jada, PIGRUG delako hondakinen kudeaketarako Gipuzkoarako planean, ATEZ ATEkoa eta edukiontzi bidezko sistemak alderatu eta onena hartu beharko litzatekeela esaten da. Hori esan bakarrik ez, jadanik martxan zeuden esperientzietako datuak jasotzen ditu agiriak ondorio eta guzti. Arduradun politikoen eginbeharra da informazio hori ezagutzea eta horren arabera arduraz jokatzea. Datu hoiek aintzat hartzea eta datu hoiei denboran eta espazioan askoz gertuagoko esperientzietako datuak gehituz, hau da, azken urteotan Gipuzkoan bai ATEZ ATEkoarekin, bai bost edukiontzi bidez lortu diren datuak gehituz, ondorioak arduraz ateratzea arduradun politikoen eginkizuna da. Eta datuak garbiak dira erabat. ATEZ ATEko bilketa sistemaren aldekoak dira erabat. Beraz, politikariei edukiontzi bidezko sasibideak utzi eta benetako konponbidera eramango gaituen ildoan ATEZ ATEko bilketa zabaltzeko eskatzen diegu.

Herritarrak: Herritarra harrapatuta geratzen da politikariek diseinatutako inguruan. 5 edukiontzi bidezko sistema zabaldu den herrietarako gure jarraibidea ondorengoa da. Herritarrak bere eskutan dagoena egin dezala ahalik eta zabor gutxien sortu eta ahalik eta gehien gaika biltzeko. Bide horretan, politikariek eskura utzi dizkioten baliabide apurrak erabili ditzala sortzen dituen hondakinak gaika bil daitezen. Ez dugu aipatutako tongoa antolatu dutenen joko maltzurrean erori behar. Bide okerra jarri dutelako aitzakitan boikota egin eta hondakinak zuzenean zabortegira bideratzeak errausketa justifikatzeko behar duten aitzakia emango lieke. Eta gainera herritarroi leporatuko ligukete horren ardura. Guk herritarrei ondoren aipatuko dugun moduan jokatzeko eskatzen diegu. Batetik, beraien eskura dauden baliabideak ahalik eta hondakin gehien gaika biltzeko erabili ditzatela. Erraustegiari ahalik eta janik gehiena kendu behar diogu. Horrekin batera jarrera aktibo eta kritikoa hartzeko eskatzen diegu herritarrei. Herritarrok gure ardura zatia hartzeko prest gaudela aldarrikatu behar dugu gure ekintzen bidez, baina era berean politikariei beraienak hartzeko esijitu behar diegu aktiboki eta irmotasunez. Zentzu horretan herritarrak informatu, datuak eta planteamentuak ezagutu eta hondakinak arazo izatetik aberastasun izateko bidea gurekin batera egitera gonbidatzen ditugu.

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.