Guztia da oso zaila erraza izan aurretik
Euskarak ateak irekitzen ditu, eta arlo sozioekonomikoak ere ateak ireki behar dizkie euskaraz kontsumitu eta merkatu-harremanetan euskara erabili nahi duten guztiei.
Gaztelera hizkuntza bakartzat duen ingurune batekoa naiz, familia erdaldunekoa, beste asko bezala lan eta aukera bila Gasteizera etorri behar izan zuena. Gasteizko bilakaera soziolinguistikoa ezaguna da eta, azken hamarkadetan hobera egin badu ere, oraindik ere gasteiztar askorentzat gaztelera da hizkuntza normal eta errealitate bakarra. Gure familian euskarara hurbiltzen lehenengoa izan nintzen, institutuaren garaian. Beharragatik hasi nintzen euskara ikasten, ikasgai bat gainditzeko beharragatik… Ez nuen bestelako motibaziorik. Seguru asko, inposiziotzat izango nuen orduko hartan euskara, hori baita antzeko egoeren aurrean erdaldun elebakar gehienen jarrera. Hori izan zen nire lehendabiziko harremana euskararekin. Ordura arte ez nuen bestelako kezkarik izan hizkuntzei dagokienez; gainera, zergatik kezkatu? Nire inguru guztiak gaztelaniaz funtzionatzen zuen eta ia ez nuen euskararen presentziarik hautematen, ezta euskaraz bizi nahi zuen jenderik ezagutzen ere. Gazteleraz bizi nintzen, hizkuntza-komunitate hori baino ez nuen ezagutzen, gazteleraz nahi nuen guztia egin bainezakeen, gure herri eta hirietan dena egin baitaiteke erdaraz. Eta euskaraz?
Ordutik 27 urte pasa diren arren, gaur egun ere honelakoak entzun ohi ditugu maiz: “hauek behartu nahi naute hizkuntza ikastera eta erabiltzera”, “borondatezko prozesua izan behar da”, “denok euskaraz hitz egin behar dugula pentsarazi nahi digute”, “sektario eta taliban hutsak dira, saltokietan euskaldunen hizkuntza eskubideak bete daitezen neurriak hartzearen aldekoak”, “eskolari esker euskaldunduko da gizartea”… Baina errealitatea desberdina da, izan ere kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-komunitate bat dago egoera guztietan bere hizkuntzan kontsumitzeko eta bizitzeko aukerarik ez duena.
Urte hauetan nire egoera pertsonala aldatu da. Gizartearen alor batzuetan, halaber, asko aurreratu da euskararen presentzia, ezagutza eta erabilera sozialari dagokienez. Beste batzuetan, ordea, gure seme-alabek ere urte hauetan izan ditudan arazo berberak (izango) dituzte. 25 urte baino gehiago pasa dira euskara ikasten hasi nintzenetik, eta oraindik ere arian-arian, progresibitatea, borondatea, adostasuna, pertsuasioa eta horrelako kontzeptuen azpian ezkutatzen da erabaki eraginkorrak hartzeko ezintasuna. Denok egon gaitezke ados kontzeptu horiekin, baina benetako neurriak behar dira, bestela ezin baita hizkuntza-komunitate baten nahia ase.
Orain dela gutxi Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 15. urteurrena ospatu da eta, bertan adierazten den bezala, hizkuntza-komunitate guztiek eskubide berdinak dituzte eta berdintasun hori benetakoa izan dadin, ezinbesteko neurriak hartu behar dira, beti ere berdintasun-printzipioa aplikatuz. 12. artikuluan honakoa zehazten da: “Gizaki orok eskubidea du (alor pertsonal eta familiartekoaz gain) alor pribatuko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta bera bizi den lurraldeko berezko hizkuntza bada”. Alegia, guri eta gure seme-alabei eskubide hori aitortzen zaigu; hori horrela izanik, baten batek bermatu beharko du eskubidea beteko dela… Alor sozioekonomikoari gagozkiolarik, deklarazioaren VI. atalean zehazten dira hizkuntza-komunitatearen eskubideak. Aipa ditzagun batzuk: jarduera sozioekonomiko guztietan hizkuntzaren erabilera xedatzekoa, baliabide guztiak (kontsultarako dokumentuak, formularioak, etab.) bere hizkuntzan eskura izatekoa; edozein motatako salerosketa ekonomikotan (ondasun eta zerbitzuen salerosketak, banku-eragiketak, aseguruak, lan-kontratuak…) bere hizkuntza balio juridiko osoz erabiltzekoa; agiriak (inprimakiak, kontratuak, fakturak, ordainagiriak…) bere hizkuntzan izatekoa; publizitatea, errotulazioa, merkataritza establezimenduek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuak, jarraibideak, etiketak, segurtasunari dagozkion argibide publiko guztiak, etab. berezko hizkuntzan egiteko eskubidea.
Badakit hau zaila izan daitekeela, baina guztia da oso zaila erraza izan aurretik. Erraztasunerako bidean, gure hondar-alea jartzen ari gara Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez. Bai Euskarari Ziurtagiria urrats biziak ematen ari den bezala, gizarte honetako partaide guztiak ere urrats biziak ematera gonbidatu nahi ditut: arduradun politiko guztiak (agintean egon, zein egon ez), enpresak, establezimenduak eta era guztietako entitateak, sindikatuak eta, noski, hizkuntza-komunitatea osatzen duten pertsonak.
Euskaraz bizi nahi duten pertsona guztiei aukerak eta erraztasunak eman behar zaizkie; euskaraz lan egin nahi duten enpresa eta pertsonei bidea eman behar zaie eta euskaraz erosi nahi dugunoi erraztasunak eman behar zaizkigu. Nola egin daiteke hori? Eredu egokiak eskainiz, lege ausart eta egokien bitartez, epeak ezarriz, diru inbertsioak eginez eta diruz lagunduz urrats biziak eman nahi dituzten entitate, enpresa eta era guztietako establezimenduak.
Bai Euskararik urrats biziak ematen laguntzen du, entitate bakoitzaren egoerara egokitutako neurriak proposatzen ditu eta urrats biziei esker, abagune paregabea dugu kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzera iristeko urratsak emateko. Haserre eta suminduraren garaian, suminduta dauden euskal kontsumitzaile eta erabiltzaileei erantzuna eman behar zaie, euren hizkuntza erabiltzeko parada izan behar baitute; hori bermatzen ez den bitartean, hauen eskubideak oztopatzen ari gara, bigarren mailako pertsonak sortuz.
Euskarak ateak irekitzen ditu, eta arlo sozioekonomikoak ere ateak ireki behar dizkie euskaraz kontsumitu eta merkatu-harremanetan euskara erabili nahi duten guztiei.