Gutun irekia Hondarribiko udalari
Gutun irekia Hondarribiko udalari –
Gure herriko 2017ko festetako kartel irabazlea ikusi nuenetik, galdera bat burutik kendu ezinik nabil, gaur-gaurkoz ez baitiot erantzunik aurkitu.
Karteleko mezua nahiko argia da: horizontalki eta bertikalki lerrokatutako 20 tanta ageri dira, goitik ikusitako txapelak irudikatzen dituztenak. 19 puntu gorri eta beltz bat: alarde tradizionaleko konpainia bakoitzeko txapel banari erreferentzia egiten dioten 20 zirkulu.
XX, bai, XXI. mendean gaudela ahantzita, nonbait. Ruperri bezala, niri ere kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Eta badirudi beste batzuei ere matematikek huts egin dietela:
Hondarribiko Udala berriz @Jaizkibel6 baztertzen: jaietako kartelean alardeko 20 konpainia; parekide bakarra kanpoan #NiJaizkibelekin pic.twitter.com/ayraeoqon1
— Gorka Bereziartua (@boligorria) August 16, 2017
Galderak, berez, ez dauka misterio handirik, baina egiteak merezi du: nolatan falta da alarde publikoko konpainiari erreferentzia egiten dion txapelik?
Ezin baitut ulertu nolatan onartu duen erakunde publiko batek alarde parekidea baztertzen duen kartel bat beren festetako ikur gisa.
Diskriminatzailea izanik ere, talde pribatu batek bere festa pribatua antola dezake, betiere legea errespetatuz egiten badu. Bestelakoa da erakunde publiko batek guztion eskubideak errespetatzen dituen alardea baztertu eta ez ikusiarena egitea.
Parekidetasunaren alde egitea gizarte guztiari dagokio, baina bide horretan ezinbestekoa da erakundeek dagozkizuen ardurak hartzea, behingoz guztion eskubideak errespeta daitezen.
Berdintasuna ez baita aukera bat, eskubide bat baizik.
Ez naiz hondarribitarra, baina entzun dudanez alarde tradizionalak 16 konpainia ditu. Denek batek ezik txapela gorria erabiltzen dute, eta azken honek (izena ez dut gogoan) txapela beltza. Hau hala baldin bada polemika artifizial eta zentzugabe bat da hemen daukaguna, batzuek beren diskurtso biktimistarekin jarraitu ahal izateko.
Behin hasita, aipatu nahi dut Hondarribia eta Irungo desfile militar txatxu horiek direla eta txikikeria hauek bost axola zaizkigunok egundoko lata pairatu behar izaten dugula urtero. Aurten ere, giroa berotu eta egoera patetiko honetatik kreditu politikoa atera nahi duten batzuk jo eta ke dabiltza labore horretan, herrietako giroa zapuztuz, bide batez. Utzi bakean bizitzen jendeari, asko eskatzea ez bada
Zentzugabekeria diozu, hala da, baina gure haur eta gazte intolerantzian hezitzen duena alegia. Etekin politikoak atera nahian, eskrupulo txikirekin jokatzen da eta arazorik izan beharko ez lukeen lekuetan botoak galtzeko beldurrez edo, plastiko beltzak, agresibitate, iraina eta elkarbizitzaren aurkako jokaerak onartzen ditu Udalak. Zergatik ez da ezer egiten zentzugabekeria lotsagarri honekin amaitzeko?
Hogei dira eta berdintasunaren aldekoak biktimak. Barkatu zure bakea urratzeagatik.
Gizartea aldatzeko eta hobetzeko mugimendu sozial bakoitzak batzuen asaldura eta deserosotasuna ekartzen dute, izan emakumearen parekidetasunerakoak edo euskal hizkuntzaren aldekoak, zer egingo diogu, ba! Harako hark ere ez zigun esan ba, Zango-motzen agintaldia bakealdi ederretan ederrena izan zela? Argi dago zein molestatzen den: gizartearen leku prominente eta erosoenetan. Baina halako lotsagabekeriaz adieraztea ere!
Emakunde bezalako erakunde publiko sexistak egonda feministek ez dute legitimitaterik kartel bati buruz ezer esateko.
Gauzak horrela, behingoagatik, zera eskatzen diet Emakunde eta Arartekori:
Aurten, otoi, ez etorri Hondarribira. Eskertzekoak dira orain arte, irailaren zortzian bederen, berdintasunaren alde erakutsi izan duzuen elkartasuna, sostengua eta babesa, baina askosaz ere hobe izango litzateke Hondarribian esango zenituzketen hitzak Sabin-etxean edo GBBren egoitzan azalduko bazenituzte, ahal dela, Vaquero andrea edo Andoni nahiz Joseba bertan direla.
Ez dut esker txarrekoa izan nahi, baina argi dut ezer konpontzekotan handik hasi beharra dagoela edo daukauzela.
Jo beharreko atea joko duzuelakoan, eta, bide batez, herriaren zati bat bazterrean uzten duen kartel hori deitoratuko duzuelako uste osoan, agur eta erdi.