Gure txanda heldu da

Gure txanda heldu da –

Beti pentsatu izan dut, horrela esan didatelako txikitatik, irakurzaletasunak gauza onak ekarri behar zituela beti, norberaren ezagutza maila handitu, mundua ulertzeko lanabesak eta abar luze bat, baina inork gutxik aipatzen du irakurtzeak bakarrik ez gaituela libre egingo, zapalkuntzaz jabe besterik ez, eta zapalkuntzarekin amaitzeak, etorkizuna garatzeak irakurtzea hutsa baino gehiago eskatzen duela.

Gure txanda heldu da

Boterea estatutan ez dagoela jada irakurri berri dut, enpresa handiek hartu dutela behingoz lotsagabe. Honek gero, estatua konkistatu ala estatua borrokatu dilema zaharrarekin praktikotasunez akaba egin du, nahiz eta batzuek Josu Jonen ibilbide arrakastatsua mirestera eraman behar gaituela ulertu. Nork gero, bera baino hobe, ordezkatzen ditu botere zentro batetik beste batera salto egiteko gaitasunaren balioak?

Askotan entzun dut tabernetako elkarrizketa mamitsu horietan, “Sozialismoarekiko fedea galdu nuen Kuban arrautzak errazionatu egin behar zirela jakitean”, ba begira, gerra ostekoa pasata lehenengo aldiz, Estatu Espainoleko supermerkatu batek arrautzen salmenta errazionatu egin duela irakurri dut. Zer gehiago behar dugu kapitalismoarekiko fedea galtzeko? Ala sikiera, gutxiagoarekin konformatzen naiz, arrautza baten benetako balio energetikoa ezagutzeko?

2022a izan omen da EHko beroena gauza hauek erregistratzen direnetik, Nekazaritza kimikoak onartu egin du, lur gehienak agortuta, kolapsorako bidean doala, elikadura sistema monolaborantzara bideratu duten herrialdeak porrotean bizirautearekin konformatu behar dira, baina aldiz nekazari agroekologikoak ez dugu argi ikusten etorkizuna, guretzat lekurik ez duen sistema batean ezin egonkorturik. Hau guztia agertu da aste hauetako berrietan. Non dago bi ereduen arteko talkan balantza zein aldetara makurtu behar den erabaki behar duena? Edo erabaki hori, irakurri berri dugun, existitzen ez den Estatuari ere utziko diogu hartzen?

Kalekume batek artzain bat jipoitu du txakurra aske eramatea aurpegiratzekoan. Gure muturren aurrean eta antza inork konturatu barik ura jarraitzen dute pribatizatzen. Fabrikako sasi-oilasko kilo bat ekoiztea 50 zentimo kostatzen du antza, eta 40 zentimotan ordaintzen du agroindustriak. Hau guztia irakurri dut baita. Azkeneko kasu honetan onartu behar dut ez dakidala non dagoen delitua, 40 zentimotan ordaintzean ala 50 zentimotan ekoiztean. Dena den tira, ekoiztea 50 zentimo kostatu duen sasi-oilaskoa jaten duenak bere bekatuan daroa penitentzia.

Azkenik, ematen du mundu mailako seigarren desagertze masiboa hasita dagoela jada. Irakurritakoak irakurrita, gure txanda heldu da.

Gure txanda heldu da

Oleta baserria, Laudio / oletabaserria7@gmail.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude