Gure muturren parean

Gure muturren parean –

Gure muturren parean
Frau mit totem Kind (Käthe Kollwitz)

Bederatzi urteko mutikoa. Atzerritarra. Aita-amek beren herrira itzuli eta hemen utzi zuten amatxirekin. Gizarte zerbitzuek noizbait erabaki zuten haurra ez zegoela behar bezala zaindua. Zein ongi. Hau herri zibilizatua da. Haurren zaintzaz arduratzen den herria da gurea. Amatxiri kendu eta tutoretzapeko bizitegi batera eraman zuten. Konfinamendua hantxe eman du. Joan den astean, bere burua hiltzen saiatu zen bederatzi urteko haurra. Atzo zabaldu zen albistea: hila zen. Ken Loach-en film baten gaia ematen du, baina ez da. Ez da fikzioa. Ez zaio Erresuma Batuko bazter-auzo bateko biztanle bati gertatu. Hemen gertatu da. Gure muturren parean. Euskal Herrian. Nafarroan. Ez dakigu haurraren izena. Ez dakigu haren herritartasuna. Ez dakigu nolakoa zuen irribarrea, irribarrea zuenean. Hemen gertatu da. Gure muturren parean.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 3koa]

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.