Orain da unea nolabaiteko marra gorriak markatzeko eta hitzarmenak egiteko euskararen alde

Orain da unea –

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua Martin Ugalde Foroarekin elkarlanean ‘Euskara ere normalitaterantz?mahai ingurua antolatu du, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Euskarak gizarte berdinzaleago, kohesionatuago eta demokratikoago bat eraikitzeko egin dezakeen ekarpenaz jardun dute Josu Amezagak, Idurre Eskisabelek eta Amelia Barquinek, Goizalde Landabaso kazetariak gidaturik.

www.berria.eus | Koronabirusaren krisiaren ondorengo «normaltasun berrian» euskarak izan beharko lukeen lekuaz eztabaidatu dute Idurre Eskisabelek, Amelia Barquinek eta Josu Amezagak Martin Ugalde foroan.

 

Euskara, normaltasunerantz?

2020ko ekainaren 4an arratsaldeko 19:00etan mahai-ingurua izan zen, eta hiru solaskide aritu ziren Goizalde Landabaso moderatzailearen galderei kasu eginez: Idurre Eskisabel, Josu Amezaga eta Amelia Barquin.

Pandemia honetan ahulenei eragin die, eta pandemiaren olatu honetan euskarak galdu du eta erdarek irabazi. Josu Amezagak esan zuen euskara kengarria dela osasun-krisi honetan.

Harremanak eten dira fisikoki eta dena pantailen bitartez gauzatzen ari da martxoaren erdialdetik, bai lana eta bai ikasketak. Amelia Barquin-ek ere arduratuta esan zuen gorputza desagertzen bada, gorputzarekin batera emozioak ere bai, eta horrekin euskara.

Idurre Eskisabelek estatu-politika egin behar dela esan zuen, baina nola egin hori estaturik gabe? Oinarrizko hitzarmen bat aldarrikatu zuen eragile guztien artekoa. Josuk, berriz, premiazkoa ikusten du egoera honetan ebaluazio sakon bat egitea arlo guztietan, datorrenari aurre egiteko, bestela galduak garela, berriro ere konfinatuko bagina, zer?

Goizalde Landabaso moderatzaileak bota zuen lehen galdera honako hau izan zen: zer da normalitatea (normaltasuna)?

Normaltasuna hizkuntzaren corpusa ez ezik, status bat ere bada, gizartearen egoera. Galdera horri erantzuteko honako galdera honi erantzun behar diogu: nora joan nahi dugu?

Euskara egoera berrietara moldatzea nahi badugu, gauden egoeratik abiatu behar dugu eta horretarako lehenbailehen ebaluazio sakon bat egin behar da.

Lehengoa oraingo egoera baino hobea delakoan, ez genuke lehengo normaltasuna onartu behar eta orain da unea nolabaiteko marra gorriak markatzeko eta hitzarmenak egiteko euskararen alde. Kontseiluaren euskararen behatokiak salaketa gehiago jaso ditu egoera kritiko honetan, pandemia garai honetan euskara ez baita ezinbesteko izan, eta hain zuzen ere Josuren iritziz premiazkoa da euskara ezinbesteko egitea arloren batean bederen, baina populazio guztia bertatik pasatuko dena. Hizkuntzak ez dira estatikoak, dinamikoak baizik, eta euskara blindatu behar dugu.

Baina nola blindatu? Hori Goizalderen bigarren galdera solaskideei.

Idurreren iritziz, hizkuntza-politika eta hizkuntza gatazka eskuartean aspalditik genuen, baina egoera honek areagotu egin du horiei heltzeko beharra. Eragile politikoek egiten dutena baino zerbait gehiago egin behar lukete, euskaltzale eta demokratiko direnak batez ere. Euskara eta normalitatea oximoron bat da, hau da, figura erretoriko horrek ustez bateraezinak diren edo kontrako esanahia duten hitzak edo esapideak elkartzen ditu. «Gordelekura joan naiz nire egoera ikusgarriago egiteko»; “gordeleku ikusgarria”, oximoron bitxia. Jatorrizkoan, poesia kontuetan gertatu ohi denez, are ederragoa da esaldia, “Denek entzuten dute gure isiltasuna”, oximoron sotil horrekin. Izan ere, duela gutxi zendu den Mattin Lartzabal kazetari lapurtarra, eta bere bizitza osoa eman du euskalgintzan eta zehazki euskarazko irratigintzan. Euskaraz lan egitea hautatzeagatik prekarietatean bizi zen.

Beraz, lehengora bueltatzea ez luke desio bat izan behar, eta orain da unea nolabaiteko marra gorriak markatzeko eta euskararen aldeko hitzarmenak sinatzeko; egoera larrian dauden euskal hedabideak laguntzeko eta sustatzeko, eta pixkanaka ETB2 euskalduntzeko, adibidez, horretarako baliabide dezente (azpitituluak, esaterako) baititugu.

Hizkuntza komunikazioa izateaz gain, nortasuna ere bada, izateko modu bat, eta horregatik ezin onartuzkoak dira osasunaren izenean zenbait murrizketa linguistiko. Marra gorriak finkatzeko unea da, eta lehen marra gorria Josuk proposatzen du: EUSKARA EZINBESTEKO EGIN BEHAR DA. Pandemia honetan, eta konfinamenduan ikusi da gauza garrantzitsuetarako erdara erabili dela. Aktibismoa eta tentsioa mantendu behar da, eta identifikatu gizartean non euskara ezinbesteko izango den, populazio gehiena ukitzen duena.

Hezkuntzatik denok pasatzen gara, salbuespenik gabe, eta hain zuzen ere hezkuntzan gertatu da arrakala teknologikoa; horrekin batera, arrakala linguistikoa. Izan ere, ordenagailu bidez ikasterakoan euskarak galtzen du, tutoretza desagertzen da, eta pantailen erabilera konturatu gara arriskutsua dela, pantailek erabilera bikoitza baitute, lana eta denborapasa alegia, eta denborapasan erdara da nagusi. Pantailekin gorputza ia desagertzen da, eta gorputza eta horrekin batera emozioak, estuki loturik daude hizkuntzarekin. Hori dio Ameliak.

Egoera honek lehendik zetozen joerak intentsifikatu ditu, hortaz, eta bizitza gero eta tele-bizitzago egin da, eta eskolak telebistaren bidez ere bideratu dira lehen hezkuntzan eta bigarren hizkuntzan. Eskolaren ebaluazioa egitea premiazkoa da.

Euskalgintzak gainerako eragile sozialekin batera aritu behar luke, eta eskubide sozialen kartan sartu behar da. Mintzasareak indartzen segitzeko beharra ikusten da, eskolan segregazioa handitu baita eta eskolaren korapiloa askatu, euskara eta etorkinen afera alegia.

Geroa euskaratik eta euskaraz izan dadin, hizkuntza-politikari eta euskalgintzari kalteen ebaluazioa egitea premiazkoa zaio, hurrengo krisiari aurre egiteko tresnak izan ditzagun eskura. Plangintza sendo bat egin behar da euskararentzako, eta ahal dela Eusko Jaurlaritzak egiten duena Nafarroan ere isla dadila, eta Ipar Euskal Herrian ere eragina izan. Beraz, hiru erakundeen arteko elkarlan etengabekoa ezinbestekoa ikusten dut. Oinarrizko hitzarmen bat behar da hezkuntza eta hedabideei begira, eta euskalgintzan etorkinen trataera sartu.

Orain da unea nolabaiteko marra gorriak markatzeko eta hitzarmenak egiteko euskararen alde

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.

2 pentsamendu “Orain da unea nolabaiteko marra gorriak markatzeko eta hitzarmenak egiteko euskararen alde”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena 2020-06-09 18:37

    Gure politikariek zuk ikusten duzunaren erdia ikusiko balute, arazoa bideratuta legoke, baina zoritxarrez, ez ezker eta ez eskuin, ez dute anbizio linguistikorik. Euskal kimu berriak behar ditugu.

  • Mesedez!!!

    Gutxienez etb2ko fikzioa azpitituluekin! La Noche De, adibidez, film horiek ikus genitzake jatorrizkoan eta azpitituluak euskeraz.
    Nonbaitetik hasteagatik.