Guillermo Chifflet, agur eta ohore

Guillermo Chifflet, agur eta ohore –

Guillermo Chifflet, agur eta ohoreHerenegun Guillermo Chifflet  hil zen, Montevideon. 93 urteko politikari hau Uruguaiko Ezkerraren erreferente bat izan da hainbat hamarkadatan: Alderdi Sozialistako kide, politikagintzan eragile handia eta Frente Anplio ezkerreko koalizioaren sortzailea. Bere printzipioei gogoz eta gogor atxikirik, eredu eta adibidetzat hartu zuten denek 2005ean Uruguaiko Gobernuak Haitira tropak bidaltzearen aurka agertu zelarik, Ordezkarien Ganbaran bere eserlekuari uko eginda.

Baina horretaz gain, euskaldunen eta Euskal Herriaren alde lan handia egindakoa zen, euskal errefuxiatuen alde egindako azpiko lan isilak eta agerikoak. Felipe Gonzalezen garaian, PSOEko Rafael Vera estatu idazkaria Uruguaira joan zen La Trainera  ostatuan aritzen ziren euskal errefuxiatuen aurkako sarekadaren kontura. Rafael Vera berbera, Segoviako espetxean bukatu zuena GALek Segundo Marey bahitzeagatik. Eskerrak Uruguain Guillermo Chifflet bezalako jendea ere bazela, Uruguaiko Alderdi Sozialistako buruzagia, Iparraldeko arbasoak izanik, Euskal Herriaren aldeko haren engaiamendua ez zen soilik bihotzez, baita buruz eta eskuz ere.

Nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea izan nuen, gizon edadetua baina artean argia, jakintsua eta era berean umila, jantzia eta zuhurra aldi berean.  Artean gogoratzen zuen hainbat lagun euskaldun, besteak beste, Karmelo Landa, Ezker abertzaleko europarlamentaria izandakoa; Karmelorentzako goraintziak emateaz ez zen ahantzi Montevideoko bere etxean egon nintzen solasaldi atsegin hartan. Guillermo Chiffleti buruzko El combate de la pluma – Lumaren borroka liburuan, Guillermoren kontura hauxe esaten du bere kide batek: “[Uruguaiko] Sozialistok etika bat genuen, eta Chifflet ildo horretatik zihoan: zintzotasuna, printzipioak eta koherentzia.”

Agur, Guillermo Chifflet; ohore handia izan zen zu ezagutzea.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko apirilaren 29koa]

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.