Arte[faktua] 87: Lorea Agirre, “Trikua esnatu da’, Pello Añorga, Sho Hagio

Arte[faktua] 87: Lorea Agirre – 

Lorea Agirre kazetari eta antropologo beasaindarra izango da larunbat honetako gonbidatua. Idurre Eskisabelekin batera, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara saiakera plazaratu du, Susa argitaletxearen Lisipe bilduma feministaren barruan. Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta parekotasuna jorratzen dituzte liburuan. Besteak beste, inposizioaren gezurra, naturalizazioa, intersekzionalitatea, euskararen feminizazioa eta kolonizazio kulturala jorratzen ditu liburuak. Baita zenbait galdera ere: izan al gaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Eta alderantziz?

Kazetaritzan lizentziatu zen Lorea Agirre, eta, ikasketak amaitu baino lehen, kazetari moduan lanean zebilen jada. Argia-n, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n lan egindakoa da. 2014az geroztik, Jakin kultur aldizkariko zuzendaria da. Gainera, EHUko Antropologia sailean doktore tesia egiten ari da. Bere orain arteko ibilbide oparoari buruz galdetuko dio Yolanda Mendiolak elkarrizketan.

Egoera berezia dela eta, aste honetan ere ez dugu bigarren gonbidaturik izango.

Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalaria zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Artefaktu[egilea] tartean.

Bestalde, Sho Hagio japoniar unibertsitate irakasle euskaltzalea izango da aste honetako Irakurlea tarteko protagonista. Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, ezagutzen den euskarazko lehen liburua, japonierara itzuli zuen Hiromi Yoshidarekin batera. Biak euskara irakasleak dira Japoniako unibertsitateetan. Tokioko Euskal Etxeko sortzaileetako bat da, eta ezaguna euskal lurraldearekin egin duen harremanagatik.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Miren Amurizak, Isabel Etxeberriak eta Patxi Iturregik, astero bezala, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako Inge Mendizabalek eta Aiora Lazkanok Nur eta irlandar gnomoa liburua gomendatuko digute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 87: Lorea Agirre, "Trikua esnatu da', Pello Añorga, Sho Hagio
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 87: Lorea Agirre, “Trikua esnatu da’, Pello Añorga, Sho Hagio

Arte[faktua] literatur saioa ETBn