Goitibeherak bakearen bidean
Goitibeherak bakearen bidean –
Herri txikietako umeek badituzte eskolaz kanpoko aktibitateak, baina hala eta guztiz ere agenda aski libre izan ohi dute herrian zehar kaka nahasten ibiltzeko (sanoak badira, bederen). Zeregin nagusi bi daude: zirikatu eta txabolak eraiki. Horretaz gain, oroitzen dut umeak gineneko jardun atsegin eta arriskutsu bat: goitibeherak egin, eta noski, ondoren erabiltzea. Artisauek behar dute goitibeherez gomutatu, ez baita gomendagarria arotz lanetan arrotz izatea.
Maiatzaren 4an Kanboko (Lapurdi) Arnaga Etxean iraganen da Gatazkaren Konponbidea Aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa. Bolo-bolo dabilen zurrumurrua da ETA disolbatuko dela.
ETAk hausnarketa egin zuen, eta aldebakarreko su etena ezarri; ETAk gogoeta egin zuen, eta biolentzia ez zuela gehiago erabiliko erabaki; ETAk buruari hamaika bira eman eta ondorioztatu zuen armak entregatzea; ETAk barkamena eskatu du. Dena, suposatzen dut, bakearen bide ezezagun honetan dabilen jendea bidaide zuela.
Haiek jakingo dute zeinen konplikatua den bakea. Bitoriano Gandiagak zioen: “Bakea ez da bakoizka bake, zuk zeurea, nik neurea; bakea ezin daiteke bake, ez baldin bada gurea“. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bideak antolatu dute Kanboko topaketa. Orduan ere albistea ETAren pauso bat izango da, ziur.
Oteizak zioen eskultura egiteak hutsunea sortzen duela. ETAk barkamena eskatu izanak ere hutsune handi bat sortu du, barkamena nondik ez datorren agerian utziz.
Maria Jose Bravo bortxatu eta hil zuten. HBko zinegotzi batena zen Bilboko haurtzaindegi batean bonba bat jarri eta lau lagun hil; Alonsotegiko Aldana tabernan beste lau. Gasteizen bost langile hil, eta jarraian Basaurin bat. Iruñean German eta Angel Berrueta (M11rengatik ez du inork barkamena eskatu). Ana Teresa Berrueta, 19 urteko euskara irakaslea, bortxatu eta hil zuten. Lasa eta Zabalaren heriotza, Lasa eta Zabalaren hileta. Bere hizkuntzan mintzatzeagatik kolpeak, erasoak eta bazterketa jasan dituzten milaka eta milaka euskaldun, pariak bere lurrean, maizter bere etxean. Monbar. Popo Larre. Yolanda Gonzalez hil zuenak poliziarentzat lan egiten jarraitzen du. Torturei zilegitasuna eman dieten forentseak hiltzen saiatu dira. Jon Anza. Rosa Zarra. Ina Zeberio. Gerestaren hilotza, bere buruaz beste egin zuela esanez, pistola ezkerreko eskuan zeukala eta bala zuloa eskubiko aldean. Jose Antonio Cardosa postaria hil zuen HBko zinegotzi bati zuzenduta zegoen pakete-bonbak. Joxe Arregi. Josu Muguruza eta Santi Brouard. Torturatu duten herritar bakoitza. Manifestazioetan eta errepide kontroletan hil eta zauritu dituzten guztiak. Francisco Javier Fernandez bere alabaren aurrean egurtu zuten, eta ondoren koñaka eta errizino olioa irenstera behartu; 15 egun beranduago hil zen. Gernika. Naparra. Ondarreta, Saturraran, Batallon de Trabajadores. Gurutze Iantzi. Pertur. 16 senide hil dira espetxerako bidean, 26 preso kartzelan. Heroina estatuak sartu zuen Euskal Herrian, eta milaka supazter izoztu. 3300 nafar erailak, Nafarroako biztanleriaren %1a 1936an. Durango. Otxandio. Egunkaria. Bahiketak. Umiliazioa, mespretxua eta bota buruan. Eta abar amagaibe bat.
Zibil edota erakunde armatutako kideen aurka egindakoak ez ziren polizia astakirten batzuen okurrentziak izan. Logika politiko bati jarraitu zion, eta poliziek agindu politikoak bete zituzten.
Bost axola zaie, indar nahikoa dute, bai eta nagusitasunak ematen duen legitimazioa eta harropuzkeria, burutik behera kaka egiteko beren gehiegikerien biktima guztiei. Poztu egingo dira goitibehera berriro ere iraultzen bada.
Ez da bakerik izango herri hau aske izan edo hiltzen den arte. Okupazio egoera hau trantsizio egoera bat besterik ez da, gure garaipena edo heriotza izango delarik ondoren datorrena. Eta bakea ahotan kea saltzen dabiltzan horiek hobe dute ixilik egon, sakoneko arazoak hortxe dirau eta: geure lurrean maizter garela.