Bonbek izena dute

Bonbek izena dute-

Bonbek izena dute, Nagasaki eta Hiroshima suntsitu zutenek bezala: Little boy eta Fat Man. 1945. urtea zen eta erasoek gizaki deformatuak utzi zituzten kalean. Handik bost urtera, basakeria horren mina sendatzeko beharrak jota, Katsuo Ono eta Tatsumi Hijikata gorputz berri baten bilaketan aritu ziren eta Butoh dantza sortu zuten, ilunpeko dantza ere deitua.

Bonbek izena dute

Butoh gorputza eta honek kosmosean okupatzen duen lekuarekiko hausnarketa da. Inprobisatua da, asmoa ez baita pentsatzea, sentitzea baizik. “Gorputzaren bitartez hitz egitea baino, funtsa, gorputzari hitz egiten uztea da.”Gorputzaren barne bulkadak jarraitzea inkontzientea aktibatzen du eta mundu horretan gauzek ez dute izenik.

Duela gutxi Butoh ikastaro bat egin nuen eta azkenengo egunean kalera irten ginen dantza egitera. Barne-barneko mundu horretan ezezagunak diren gauzak gordetzen dira eta, agian, gauza horien forma ez da espero genuena bezain… ederra? Mota askotariko komentarioak entzuten genituen eta, nola ez, jendea erraz hasi zen mugikorrarekin grabatzen. Baina ez genbiltzan inorentzat dantzan eta aldi berean, jende guztiarentzat egiten genuen dantza. Paradoxikoa bezain arraroa. Handia bezain sakona.

Horietako egun batean, lagun batek gauzek izateko arrazoi bat behar dutela komentatu zuen. Nire galdera: Arrazoiek ulergarriak izan behar al dute? Kalean dantza egingo genuela esan zigutenean izutu egin nintzen, lotsa eta beldurra bizkarretik igotzen zitzaizkidan. – Lasai, ez daukazu zertan egin beharrik, begira geratu, soilik.- esaten nion nire buruari.

Plazarako bidea isilik egin genuen; hiria aztertuz espiak bagina bezala eta bat-batean nire azazkal batek aho baten forma hartu zuen, isilean sekretu bat oihukatuz. Imajinatzen duzu orkestra mutu bat zure burmuinean? Asia zure bularrean, udaberria genitaletan, hortzak dituen ukondoa, lastozko lepo bat. Sare baten puntatik tiraka hasi eta bertan harrapaturik dauden arrain, plastiko, lata eta hondakin guztiak agertuko dira, ederra da ez jakitea zer den barrukoa. Hala gertatu zen. Plazara iritsi eta plaza ginen.

Beste lagun batek zera esan zuen: <<Ezagutzen ez ditudan barneko gauzekin topo egiteak beldurra ematen dit>>. Beste batek erantzun: <<Niri ezezagunak diren barneko gauzekin topo ez egiteak ematen dit beldur>>.

Ez dakit zenbat denbora egon ginen kalean disolbaturik. Ez dakit nola heldu ginen heldu ginen lekuetara, elkarren arteko dantza indibidual ero batean. Hogei ginen. Hogei bonba, bakoitza bere izena eta historiarekin, munduaren historia osoa gu inguratuz, harekin korapilaturik. Eta han, korapilo horiekin dantzan, bat-batean gauzek zentzua hartu zuten. Oraindik ez dut egun horren arrazoia hitzetan topatu, ziur aski, denbora laburrean horrek ez baitauka betebeharrik, ez du gizartea eraldatuko. Baina liluragarria da ispilu bihurtzea eta gizartearen erretratu bat islatzea.

Denborarekin gauza guztiak punturen batetan gelditzen dira: Little boy eta Fat Man, kalean egindako dantza, Miguel Angel, Maddalena, Natalia, Ana, Ainhoa, haien arbasoak, haien hiriak, hirien zuhaitzak, logelak, telebistak, posterrak, zauriak, hitzak, eroritako hortzak, hildako inurriak, denak. Eta informazio guzti horren artean dantza, izenik gabekoa, deformatzen duena. Eta deformazio horretatik, espero gabe, aldaketa bat, zauri sendatu bat.

Ez al da ederra zentzugabekeria hori?

Bonbek izena dute

Hala Bediko erredakzioan