Norabidea galduta, noraezean

Norabidea galduta, noraezean –

Urteak aurrera, gizartea aurrera. Baina, nora? “Ongizate eredura”, diote politikariek; “libre izateko garaira”, diote ameslariek; “irtenbide gabeko zulo batera” esperantza galdutakoek; “batek daki” gehienek. Aurrera goaz, norabidea zein den ez dakigula, mundua ezin baitugu itxaron, ezin dugu “stop” botoia sakatu, erabaki aproposena hautatu, eta jarraitu. Ekintzen bidez lantzen dugu bidea, eta ekintzek ekarri gaituzte hona, ekintzek bihurtu dute gizartea gaur egun den horretan, orain dela hainbat urte zenarekin zerikusi handirik ez duen horretan.

Norabidea galduta, noraezean

Lehen, nire gurasoen esanetan, bizitza beste kolore batekoa zen.  Auzoan denek ezagutzen zuten elkar, umeak lasai-lasai jolasten ziren kalean, gurasoek bitartean, lasai-lasai ere, lanean zeudela, auzokideren bat haien haurrak zaintzen zebilela baitzekiten. Gauzen balioa zekien perstsona orok, baita haiek lortzeko egin beharreko esfortzua ere. Errespetua ere bestelakoa zen, hala gurasoekikoa, nola agintari edota apaizekikoa; bakoitzak bere papera onartzen zuen. Horrek ez du esan nahi eskubideak aldarrikatzeko interesik eza egotea, edo esploratzeko grinak ez edukitzea. Ez. Gazteak bizitzeko irrikitan zeuden, lan egiteko gogoa zeukaten.

Gaur egun, erraztasunak eta erosotasunak itsutu egin gaituzte. Gero eta gehiago nahi dugu, aseezinak gara. “Hau eta bestea nahi, baina lortzeko ezer ez egin”, hori da gaur egungo jokabidea askotan, bereziki gazteen artean. Dena den, ez da harritzekoa; herrialde garatuetan, gazteak txiki-txikitatik bizi dira esne mamitan, eta egunen batean egoera horrek amaitzeko posibilitatea ez dute onartzen, eta kasu askotan, ezta imajinatzen ere. Zentzu honetan, gazteak alfer bihurtu ditugu, eta ez da alfer izateko garaia. Lan baldintzak ez dira onenak, lan egiteko eskakizunak inoiz baino zorrotzagoak dira eta ehunka eta ehunka pertsonen artean nabarmentzeko presioa ez da txikia. Hortaz, esna gaitezen, borrokalari izateko garaia heldu baita!

Laburbilduz, gizartearen norabidea galduta, nire iritziz, gazteak hezi beharra dago, haiek egin beharko dietelako aurre hurrengo garaiei, datozen arazoei. Noranzkoa bilatzen dugun bitartean, giza-jokabidea bide egokitik bideratzen saiatzen garen bitartean, ezin gara hurrengo belaunaldiez ahaztu, argi izan behar dugu zein ondare utzi nahi diegun: pobrezia, bortxakeria, mesfidantza, menpekotasuna…?, ala berdintasuna, errespetua, justizia? Gizarte idilikotik urrun gaude, bai, eta gerta liteke ameztutako gizarte idiliko hori inoiz ez lortzea, baina, nire ustez, ez ginateke saiatu barik geratu behar, jadanik gehiegi itxaron dugu eta.

Norabidea galduta, noraezean

Norabidea galduta, noraezean