Goazen arrakatsa

Goazen arrakatsa

Gaur, otsailak 10, Go!azen eta orain zer?” emitituko ei du ETB1ek, azken ataletan kasik 50.000 ikusle erakarri dituen telesailaren arrakatsari buruzko azken saioa.

Arrakatsa idatzi dugu, bai, eta ez arrakasta, hala izan dela begitandu baitzaigu Go!azen; eta “badira hanka sartzearen balioa aldarrikatzen dutenak, arrakasta lortzeko ezinbesteko urratsa diren neurrian”.

Ia barikuero familia osoa pantaila aurrean paratu gaitu telesailak, gurean Un Dos Tres-en denboretatik jazotzen ez zena. Irrikaz jarraitu dugu Go!azen, sei urteko semeak batez ere. Edo horrela uste nuen.

Goazen arrakatsaAzkenetako saioetan, neu ere konturatua bainengoen pasarte batzuetan haurra sofatik altxa, alfonbran belaunikatu eta Legoekin eraikuntzak egiten hasten zela, Haizea eta Mikel edo Mikel eta Elene edo Elene eta Haizea (Jainkoarren, holakorik ez! -zain jarraitu beharko du Barquinek-) erromantikokerietan hasten zirenean; “hau roilo bat da -kexatzen zen haurra-, nik kantuak eta dantzak ditut gustuko”.

Bariku iluntzeak noiz helduko, kantatu eta dantzatzeko prest egon izan den umeari telesailaren trama astuna egin zaio; amodio kontuak bost! Alta, Go!azen sutsuen jarraitu duen adin tartean dago (target esaten da?), 4-12 urte bitartekoen artean. Eta nerabeentzako kontuak zirelakoan ni.

Basakabi izeneko `basa´ horrengatik, akaso, gazteentzat pentsatutakoa zela uste nuen, nahiz eta ikus-entzunezkoetako profesionala den lagun batek ohartarazi bezala, nerabeak pantailaratu zaizkigun ereduak baino askosaz ilunagoak diren, “eta zuriegia da narrazio osoa, aratza oso” (bat nator erabat Urtzi Urkizuren “Go!azen -tasunak eta -keriak” artikuluan diotenarekin).

Go!azenek ez du agertu barne gatazkarik batere -tatuajeak ere gezurretakoak dira-, ez lapurreta, ez jazarpen, ez eztabaida politiko, ez txortaldi, ez mozkorraldi edo itsurik; udalekuko partaide guztiek lustrea dute eta jakina, ez dira sagarrak eta madariak saski berean nahasten, zuzen-i bihotzekoak emateko ere!

Xalotasun horregatik beharbada, nerabeek paso egin dute telesailaz, eta umetxoek ilusioz jarraitu dute.

Horra hutsunea hutsaz betea, gozo edo garratz, betilun edo betargi, frogak egin, porrot eta asmatu, ausardia behar baita ETB1en, egiteko akatsak eta lortzeko arrakastak. Go!azen, arrakatsak.

Post Escritum. Portzierto, zuetako asko poztu egin da musikala izaneran euskal kantuei sona ematen dielako Go!azenek. Ez dakit ba, nik originalak jartzen dizkiet etxekoei eta azukrerik gabe ez dituzte entzun ere egin nahi!
Goazen arrakatsa
akatsak, arrakasta, etb, euskara, Goazen, musika, Nerabeak, telebista, umeak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude