Gizarte-bazterketa Hego Euskal Herriko haurretan

Euskal Autonomia Erkidegoan %2,9 da hezkuntzan izan den murrizketa, eta %19,3 da pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan bizi den haurra; %16,4 Nafarroan. Eta Estatu mailako ehuneko txikienak diren arren, pobreziak gora egin du Hego Euskal Herrian azken urteotan (2009tik 2013ra), bi puntu EAE-n eta lau puntu Nafarroan.

Horrela dio Save The Children GKE-ak ezagutzera eman berri duen “Iluminando el futuro: invertir en educación es luchar contra la pobreza infantil” txostenak, hezkuntza ekitateari dagokionez datu onenak dituen erkidegoak direla ere esaten duen arren. Adierazle oso altuak EAE-k baino ez ditu agertzen, eta altuak lau erkidegok, Nafarroak tartean.

“Hezkuntza politiketan ekitateari arreta nahikoa ez jartzearen eta haurren pobreziaren arteko harremana” nabarmentzen du txostenak. “Gizarte-bazterketa arriskuan den haurraren ikasteko aukerak mugatzen direnean, pobreziatik ihes egiteko dituen aukerak gutxitu egiten dira”. Save The Children-en aburuz, “kalitatezko hezkuntza ekitatiboa da pobrezia eta desoreken kontra egiteko tresna nagusia”.

Save the Children GKE-aren txostenaren arabera, Hego  Euskal  Herrian sei umetik bat gizarte-bazterketa edo pobrezia egoeran dago.

 

EAE-n ia-ia %20an dago pobrezia (%16,4 Nafarroan) eta hezkuntza inbertsioak behera egin du %3an. Etxe bakoitzak 530 euro inguruko gastua du hezkuntzan.

Txosteneko datu gehienetan Hego Euskal Herriak -Espainiaz mintzo den txostenak EAE eta Nafarroa ezberdintzen ditu- mailarik onenak lortzen dituen arren, gurean ere badira etorkizunerako erronkak hezkuntzari dagokionez, Save The Children GKE-aren esanetan. “Pobreziak gora egin du, are 18 urtetik beherakoetan -EAE-n ia-ia %20an dago!-, eta hezkuntzan egiten den inbertsioak behera, ia-ia %3an”.

Bitartean, etxe bakoitzean hezkuntzara bideratutako gastua nabarmen handitu da Estatuan, %30 inguru 2006tik 2013ra. Nafarroan etxe bakoitzak 533 euro bideratzen ditu hezkuntzara eta EAE-an 522 euro, 2009tik hona errenta %8,9 jaitsi den arren.

 

Ehunekotan
Derrigorrezko hezkuntzan piper egiten dutenen kopurua %14 inguruan dago EAE-n, eta eskola behar baino lehenago uzten dutenen kopurua %9,9koa da; Estatu mailan Europar Batasunak 2020rako dituen %10eko helburua betetzen duen komunitate bakarra -Nafarroan %13koa da-. 6-18 urte bitarteko umeen kirol jarduerari dagokionez ere Estatuko ehuneko altuenak lortzen ditu Hego Euskal Herriak; baita 10-15 urte bitarteko umeek Internet erabiltzeari dagokionez ere, azken hiru hilabeteak neurtuta.

Alta, Nafarroak eta EAE-k os ehuneko ezberdinak ematen dituzte bi gai garrantzitsutan. Haurtzaindegiei dagokienean, zero bi urte bitarteko aurren eskolaratzean, %14an dago Nafarroako ehunekoa, eta %53an EAE-koa; Estatuko gutxienetakoa eta altuenetakoa, hurrenez hurren. Europar Batasunak %33an zuen jarria 2010erako helburua. Hezkuntza zentroen azpiegiturei erreparatuta ere, nabarmenak dira aldeak, Estatuko bataz-bestekotik behera baita Nafarroa, eta gora EAE.

Askoz indize gehiago ere badira, Save The Children-ek aurkeztu berri duen txostenean. Tamalez baina, ez da bertan Ipar Euskal Herriko daturik.

EAE, Gizarte-bazterketa, haur pobrezia, hezkuntza, nafarroa, Save the Children, txostena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude