Liburuak

(Euskadi Irarritako Arratsean saiorako prestatutako testua)

Mutil lasaia da Ekain. Ez dio gehiegi eskatzen asteari. Ordu-erdiz sofan bilduta egiten duen siesta goxoa, kuadrilarekin ostiralero izaten duen afaria, eta patxaranak lagundutako eztabaida sutsu bezain antzuak… Ez du askoz gehiago behar munduarekin orekan bizitzeko. Lasaia da, alperra ere bai, esango luke baten batek. Liburuek mahaiaren hankak orekatzeko bakarrik erabili zalea. Asteburua denean ere, harrikoa hurrengo astebururako uzten duen horietakoa.

Ekain, baina, inoiz baino urdurituago dabil azken aldian. Ez; ez du hargatik sukaldea maizago garbitzen, baina loa galarazten dion zerbait darabil buruan. Nabari zaio. Ordu erdiko siesta goxoa egin beharrean, hondatutako telebista eta salako ispiluaren artean omen dagoen punturen bati so ematen du eguerdia. Pentsakor.

Pare bat hilabete dira hala jokatzen hasi zela. Astearte gau euritsua zen, eta nekatuta zetorren lanetik. Portalera sartzean, postontzia begiratzea otu zitzaion. Ez-ohiko gutunazala topatu zuen bertan, bere izen-abizenak idatzita zituena. Liburu bat zuen barruan, besterik ez. Ur Apalategiren Gauak eta Hiriak. “Loreak balira, sikiera” pentsatu zuen. Baina etxera igo, liburua ireki eta “Goza ezazu, Ekain” zioen oharra aurkitzean, ezin izan zion tentazioari eutsi. Lagunen baten adar-jotzea zela pentsatu arren, irakurketari ekin zion aspaldiko partez. 

liburua

Nork esango zion halakorik gerta zitekeenik? Harrapatu bakarrik ez, liburuak txundituta utzi zuen Ekain. Ezin izan zituen begiak orri horituetatik kendu azken lerroaren, azken hitzaren, azken hizkia irakurri zuen arte.

….

Geroztik, asteartero asteartero, lanetik lasterka itzuli eta irrikaz begiratzen du postontzian ezer ba ote den. Bertan izaten du, asteartero asteartero, oparia zain. Korrika igotzen ditu eskilarak, gelan gotortzen da ia zaratarik egin gabe, eta krisketa ondo itxita dagoela egiaztatu ondoren soilik irekitzen du liburua. Eider Rodriguezen Haragia, Danele Sarriugarteren Erraiak… eta denetan, lehen orrialdean, asteartero asteartero, esaldi berbera: Goza ezazu, Ekain.

Gaur, esnatu eta sukaldera gosari bila joan naizenean, inoizko harrikorik jasanezinenarekin egin dut topo. Plater, eltze eta abarren pilaketak bazter guztietatik egiten zuen gainezka. Nazkatuta, pasiloa gurutzatu eta Ekainen gelara sartu naiz bi aldiz pentsatu gabe. Barruko erropa zikinaz jositako lurra espero nuen, mukizapi eta orri zimurtuek estalitako mahaia, baina hutsik zegoen dena. Dena, ohea izan ezik. Bertan topatu dut Ekainen letra kaskarrarekin idatzitako oharra:

“Badakit azken hilabeteetan arraro xamar ibili naizela, baina zaila da azaltzen gertatu zaidana. Duela aste batzuk liburu bat iritsi zen etxera nire izenean, eta geroztik astero bidaltzen didate bat. Ez duzu sinetsiko, baina izugarri gustatu zaizkit. Kosta zait bidaltzen zizkidana nor izan zitekeen usaintzea, baina azkenean asmatu dudala uste dut. Gogoratzen duzu Tolosako inauterietan ezagutu nuen neska hura? Goizeko ordu txikitan literaturaren magiaz hitz egiten aritu zitzaidana? Bera izan behar da, derrigor. Egunotan buruari buelta asko eman dizkiot, baina niri gustatzeko moduko liburuak hain ondo hautatu dituenak merezi du ahalegina. Bruselan bizi omen da orain, masterra ari da ikasten. Bertara noa. Sorpresaz harrapatu nahi dut. Ongi bidean, ez dut uste bolada batean itzuliko naizenik”. 

Pena handia sentitu dut, egia esan. Bai baitakit gaur postontzian utzi asmo nuen Harkaitz Canoren Neguko Zirkua izugarri gustatuko litzaiokeela. Horixe litzakeela bi hilabeteko esperimentua bururaino eraman eta pixukide lasai eta alferra behin-betiko literaturzaletzeko pauso definitiboa.

Zabaldu berri dut oharra Facebooken, baina oraindik ez da alokairuaren beste erdia ordaintzen lagunduko didan hautagairik agertu. Oraingoan, hala ere, esperimentuak utzi eta konformatuko naiz pisukide berriak harrikoa astean zehar egiteko konpromisoa hartzearekin. Zauden tokian zaudela: goza ezazu, Ekain.

liburuak
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude